Gaurko apurrak, biharko miseriak

Gaur uztailaren 9a dugu. Hilabete barru, abuztuaren 9an, iraungiko dira Espainiako Gobernuak etxebizitzaren esparruan hartutako azken neurriak; 8/2021 Errege Lege Dekretuari dagozkionak, hain zuzen ere.

Kontseilu Sozialista Iruñerria

2021-ko uztailak 10

 Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen kasuan hornidura mozketa eta etxe-kaleratzeen suspentsioa, alokairu kontratuen ez-ohiko luzapena eta alokairuaren errentaren luzamendua edo kondonazioa dira horien artean aipagarrienak. José Luis Ábalos ministroak dagoeneko aurreratu du etxe-kaleratzeen suspentsioa era mugagabean luzatzeko asmoa dutela, hainbeste alditan aipatu den etxebizitza lege berria onartu arte. Egoera honetan, baina, hainbat galdera datozkigu burura. Zein kasu barnebilduko ditu kaleratzeen suspentsioa erregulatuko duen dekretu berri horrek? Zer gertatuko da gainerako neurriekin, hornidura mozketen suspentsioa edo alokairuen moratoria kasu? Horiek ere luzatuko dira, edo abuztuaren 9tik aurrera haien efektua bertan behera geldituko da?

Zentzu horretan, dekretuen luzapenak gorabehera, neurri hauen benetako izaera ulertzea ezinbestekoa zaigu haien mugak eta marrazten diguten etorkizuna argitzeko. Duela bi aste inguru Iruñerriko Kontseilu Sozialistatik kanpaina bat abiatu genuen “Gaurko apurrak, biharko miseriak” lemapean. Kanpainaren irakurketan azaltzen genuen neurri hauek apurrak besterik ez direla, COVID-19ak sakondutako krisi testuinguruan kontentzio soziala helburu dutenak. Apur hauen mugak, baina, agerikoak dira, denborak erakutsi duen moduan. Izan ere, neurrien onuraduna izateko bete beharreko irizpide eta izapideek jende asko kanpoan uzten dute, eta ondorioz etxe-kaleratzeek eta hornidura mozketek bere horretan jarraitu dute azken urtean zehar. Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, 2021eko lehen hiruhilekoaren eta 2020ko lehen hiruhilekoaren arteko alderaketa eginez, aurten %47,8 igo dira etxe-kaleratzeak.

Gainera, apur hauek gure biharko miseriarekin ordainduko ditugu, Estatuak zorpetzearen bidea hautatu baitu. Alde batetik, elkarbizitza-unitateen zorpetzea bultzatzen dute neurriok, alokairu-errentaren luzamenduek eta mikrokredituek arazoa atzeratu besterik ez baitute egiten; eta bestetik, zor publikoa areagotzen dute, jabe handien galerak zein diru-laguntzak jasotako maizterrek ordaindu ezineko zorrak Estatuak hartuko baititu bere gain. Eta badakigu zor publikoaren areagotzeak zer dakarren: erreforma-pakete berriak, langile klasearen esplotazio eta arpilatzean sakonduko dutenak krisiari aurre egiteko.

Hortaz, datozen hilabeteetan neurri berriak eta gobernuaren propaganda aurreikusgarriak dira, baina aurrerago begiratzea dagokigu: dekretuak dekretu, etxebizitzaren arazoak bere horretan jarraituko du, eta itxura guztien arabera egoerak okerrera egingo du. Azken hilabeteetan etxe-kaleratzeen ondorioz buruaz beste egindako pertsonek kasu entzutetsuak eta soilik maiatzean Nafarroan hildako etxerik gabeko 3 pertsonak arazo estruktural baten adierazpen latzenak besterik ez dira, ezein dekretuk ezabatuko ezingo dituenak gizarte kapitalista existitzen den bitartean. Horren aurrean, eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren esperientza aberasgarriaren irakaspenak gure eginez, etxebizitzaren alorrean borrokatu beharreko hobekuntza guztiak norabide berdinean egotearen aldeko apustua egiten dugu: etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa. Etxebizitza merkantziaren logikatik askatzean baino ez delako izango gizarte osoaren ongizaterako ondasun. Aipatutako norabide hori gabe, hartzen diren neurri guztiak apurrak izango dira, eta ahora ematen digutena gure poltsikotik kenduko digute. Horregatik guztiagatik, Iruñerriko Kontseilu Sozialistatik jada antolatzen hasiak gara ikuspegi argi batekin: haien apurren aurrean, etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa.

Gehiago