Fermintxo eta biok

Bittor Abarzuza Fontellas

2018-ko uztailak 15

I. Fermintxo zezentxoa. Femintxo ttikia da eta sendoa, ahuntzatto bat bezalakoa, hain da samurra
bere jostailu aurpegia eta hain da ipurtarina, ze, irudi du esan nahi duela: goazen, jauzika egin
dezagun, ostikoka ibil gaitezen orpatxekin eta larrea goza dezagun han urrutian. Bere begiak,
kristalezko puxtarri beltz bi, sorgin-orratz urdin bihurrien inbidiarako; horietan gordetzen dira
Fermintxoren gurasoen sekretuak, bere gurasoen gurasoengandik jarauntsiak. Eulittoak eta iteuliak
sigi-saga ibiltzen dira bere aurpegittoaren inguruan, bere ametsak eta gogoetak harrapatu nahiko
balituzte bezala… Galdetzen diot neure buruari ea bere begiek ez ote duten oroimenik izanen, ortzi-
mugari so geratzen baita Fermintxo, izanen balute bezala; lehenengo arbasoaren memoria, Urorena,
begi-nini ttikiez haratago. 

Larrean lasai bazkatzen da eta noizbehinka niregana etortzen da lasterka, zirikatzera bere jolasetan
laguntzeko. Zabu ikusezina kulunkatzen duten bi zuhaitz bikietara hurbiltzen da, ezkutatzen naizen
eta amets egiten dudan lekuraino, jendea nire bila ibiltzen den bitartean, galduta ez ote naizen ibiliko
beldurrez. Noiz edo noiz, han gelditzen da Fermintxo, lasai bazkatzen, bere ipurdiari hazka eman nahi
diozularik, bare gelditzen da, katua bezala, urrumaka hasten dena, eta, buztana dilindan ibiltzen da
kontent dagoela seinale. Beste batzuetan adeitasunezko zaplazteko maniatsu bat bizkarrean ematen
diozularik, bere larruak hauts gorrikarazko zurrunbilo ttipi bat aireratzen du usin eginen balu bezala
eta ihesi egiten du trosta jolasgarrian. 

II. Amesgaizto gorrien gauak. Librea da, inorena ez; Fermintxok ez dio inori kalte egiten. Beltz beltza
da, hondartzako harri biribila bezalakoa eguzki hezearen azpian, ikatzaztua. Noizean behin, lotan
dagoenean, ematen du amets egiten duela, ikara laburrak bezala sorten baitu bere gorputz ttipi
kotoiztuak. Bere ametsetan hegan egiteko gauza da eta arkakusoak egiten duen jauzia bezain luzea
egiten du salto berak, gutxienez txirrikatik zintzilik dagoen lastozko fardoaren gainetik lurrerainokoa,
bere sabelean kilikak txioka dituelarik. 

Baina, zenbaitetan, Fermintxok amets gorriak ere baditu. Gero eta handiago eta indartsuago egiten
dela amesten du eta erretzen duen eguzkipera botatzen dutela halako ukuilu karratu eta handi
batera, non ziriak sartzen dizkioten, bai eta arpoi pare bat ere, eta lantza zorroztu bat iltzatzen
diotela bizkarrean, ebakitzen dutela eta zarratatzen dutela, eta garrasi egiten duela eta negarrari
ekin, espata bat goitik beheraino sartzen dioten arte eta zarrata mingarria bere haragian sentitzen
duelarik barnean, intziri eta negarka, buruz nahasirik; eta oinazeak jota gutxika gutxika itzaltzen dela
txalo zaparraden artea. Horrengatik, Fermintxok badu zezentxo nano baten itxura, planto egin
baitzion handitzeari. Fermintxok, ttikiagokoa zelarik, gogoratzen du amek eta aitek oihu egiten
zietela (hiltzaileak!, hiltzaileak!) etxoletatik bigantxak eramaten dituzten gizaki horiei eta bera
ezkutatzen zela amaren magalean. 

Fermintxok beldur dio gorrizko gauari, bere ittogarritasunari, beldurrari beldur dio; eta ni saiatzen
naiz bere ezinegona kulunkatzen, arindu nahian, alpapazko hitzak xuxurlatuz, masustez eta mahatsez
hitz eginez, belar bigun eta freskoez, betile luzeko betizu gazteez, bere ametsak zaintzen dituzten
horietaz; bere arnasa mantsotu arte, salbu sentitzen den arte, bakean. Fermintxok negar egiten
duenean, ez du ematen zezena denik, Zamorako astottoa baizik, bere belarriak luzexeagoak eta
alaiagoak baitira; are irudi ere egiten du kateme maniatsu eta losintxaria bezalakoa, besarkadak eta
hazka-laztanak nahi dituen horietako bat, muturra zure eskuaren azpian egokitzen duelarik. 

Txaloak, irribarreak, oihuak, sufrimenduaren lepotik botatako algarak… Nola interpretatzen ahalko
genuke hori guztia giza hizkuntzan? Zuei eraginiko tratu txarrek ez dute gizakion duintasuna

kaltetzen? Krudeltasuna zilegizko bihurtzea ez al da jada iraingarria Planetako familiarentzat,
Fermintxo? Gustu kontua al da? Askatasunez aukeratze kontua? Hain gutxi balio duzue animaliok
halako tratamendu ezatsegina merezi duzuela? Noiz eginen da giza justizia errukiago, basati gutxiago
eta zibilizatuago, Lurreko izaki guztiekin enpatikoago? Zezen-plazetan ba al du alderdi positiborik
inoren heriotzak? Xahu gara gu, “kulturaz” humanizatutako animaliak izan baikara eta xahu zara zu,
Fermintxo, bortxaz etxekotutakoa.

Gehiago