Feministon bizitzak balioan. #BasqueLivesMatter 9ak LIBRE!

Heldu gara Txoko Feministara “Feministon bizitzak balioan” mahaingurua prestatzera. Osteguna da, asteko nekea dugu bizkarrean, abiadura biziaren erritmoa korapilatuta eztarrian eta urduritasuna sabelean. Une inportantea bizitzera goazela iragartzen duen urduritasuna. Sabelak badaki bagoazela, begirada konplizeen aterpean biluztu, orbanak erakutsi eta aurrera begirako bidezidorrak marraztera.

2016-ko apirilak 25

“#Basque lives matter 9ak LIBRE!” kanpainari ekarpena egin nahi izan diogu Bilgune Feministatik, epaiketa politikoekin amaitzeko gure alea jarri eta gure kidea den Roxika auziperatuetako bat izanik gure babesa eman nahi geniolako. Kanpainaren mezuari tiraka, guk emakumeon eta feministon militantzia politikoa ekarri nahi izan dugu gaur mahai gainera, gure bizipenak, korapiloak eta plazerak. Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan ezinbestekoak garelako, gure bizitzek inporta dutelako, balio politiko amaigabea dutelako. Gaurkoan hiru mahaikide puxka: Izaskun Juarez, Nerea Esparza eta Marine Pueyo.

Militatzeko hautua? “Jolas” baten moduan hasi zen, gehiegi hausnartu gabeko bultzadaz, edo komunitatearen parte eta baliagarri sentitzeko nahitik, edota mundu honetako zentzugabekeriari aurre egiteko erabaki eta aktibatzeko beharretik etorri zen, hala dio gure hirukoteak. Bidean gozo aunitz, kidetasun harremanak, garapen pertsonala, kolektiboan pentsatu eta jardutera ikastea nola.

Emakumea izatearen eskutik etorritako gaziak, baina, ez dira falta izan: “Ez naiz kapaz sentitzen, zergatik ez naute entzuten?”, “aguantatu behar nuen”, “ez naiz aitortua sentitu, etengabe zalantzan jarria sentitu naiz”, “gizonezkoentzat zena egiteagatik familian akusatua”. Hitzek bazterkeriaren memoria zahar bat gordetzen dute. Hor dira hierarkiak, intseguritatea, demostratzeko agindu sotila, konplizitate eta babes sareetatik at egotearen bakardadea, zilegitzat ez hartzea, emozio eta beheraldientzat espaziorik ez izatean makinariaren kate-begi hutsa sentitzea. Mahai gainean dira ere erresistitzeko eta aurrera egiteko hamaika tresna: “Emakume erreferente horiek oso inportanteak izan dira, altxor baten moduan zaintzen genion elkarri eta harreman sendoak eraiki” dio kide batek. Hirurek mugak jarrik, planto egin eta erantzuteko estrategiak garatu dituzte bileretan, etxean edo lantegian. Eta hainbat kezka: “Nik duela 20 urte orain baino erosoago nengoen espazio mixtoetan, atzera egin dugu?”, “gizonezko askok hitza ikasi dute feminismoan baina barrutik patriarkatua besarkatzen jarraitzen dute”.

Hemen gauden guztiok emakumeontzat boteretze arnas guneen, militantzia ereduaren erroko eraldaketa eta feministon batera jotzearen beharra konpartitzen dugu. Hitzak ez dira behar, isiltasunak hala oihukatzen baitu hizlariak behin amaituta unea eutsi eta sentitu dugun instatean. “Hau da herri hau azpitik gora irauliko duen goldea” zioen Maialen Lujanbiok apirilaren 9an. Ez dugu zalantzarik. Gure arteko sarea josiz, boteretuz, gure bizitzak eta militantziak erdigunera ekarriz, maiuskulaz kontatuz eta baliotuz, horrela bai, herri honek merezi du, borrokak merezi du.
Eskerrik asko atzoko akelarrean parte hartutako guztiei, eta ez ahaztu, apirilaren 30ean elkarrekin eztabaidatu, ikasi, bazkaldu eta gozatzeko eguna izango dugula. Bertan ikusiko gara!

Gehiago