Familia eta eskola jardunaldia

Datozen egunetan, Nafarroako familia askok haien seme-alabentzako eskola jardunaldia hautatzeko bozketetan parte hartu ahal izango dute.

Jardunaldi jarraiaren aldeko plataforma

2024-ko otsailak 16

Egun, eskolen %84ak jardunaldi jarraia aukeratu badu ere,
harrigarria da Hezkuntza Departamenduak 2024-2025 ikasturterako,
hautaketa prozesurik abiatu ezean, ikastetxe guztientzat jardunaldi
zatitua ezarri izana. Honek zalantzan jartzen baitu eskola komunitate
zabal baten erabakia. Kontseilariak jakingo du zergatik jokatzen duen
horrela edo zein interes dituen hori egiteko. Noren mesedetan?

Prozesu hau abiatuko dugun eskoletan ere, ez dugu izango urteotan
aldarrikatu izan dugun gehiengo soilez erabakiak hartzeko
eskubiderik. Erroldatutako ikasleen %60aren baietza beharko baita
jardunaldi zatitua ez den beste jardunaldi bat aurrera atera ahal
izateko. Gainera, edozein hauteskundeetan ez bezala, abstentzioak,
zuriak edo baitu baluogabeak ezezko bozkei erantsiko zaizkie.
Portzentaia eta bozketa sistema justuagoa ezartzeko eskari hau,
Hezkuntzako eragile guztiek bere egin bazuten ere, bere horretan
mantendu dute.

Hezkuntza Departamenduak berak eta sindikatuek aitortu duten
bezala, ez dago nahikoa froga ezta ebaluaziorik eskola jardunaldi bat
edo bestea hobea dela esateko; ez eta emaitza akademikoetan
eragiten duela baieztatzeko ere. Departamenduak, urteotako
ebaluazioen datuak izan arren, nahiago izan du ez argitaratzea.
Ustezko ebaluazio baten esperoan egon eta gero, susmagarria da,
halako erabaki potolo baten aurrean, daturik argitaratu gabe, eskola
guztiei jardunaldi zatitua ezartzea.

Prozesu honen erdigunean, haurren ongizateak egon beharko balu
ere, familien egoera eta iritzien esku uzten du hartuko den erabakia
eta ondorioz, gutxienez, gure haurren datozen lau urtetako bizitzak
baldintzatuko dituenez, gaiaz hausnarketa sakon bat egin behar
dugula uste dugu.

Familiek ardura handia dugu. Norbanakoon interesetatik haratago eta
helduon betebeharrak alde batera utzi gabe, umeen beharrei merezi
duen garrantzia eman behar zaiela uste dugu. Gure seme-alabak
prozesu honen erdigunean kokatuz.

Horretarako, haurtzaroa errespetuan eta maitasunean oinarritutako
begirada batetik ulertu behar dugu. Gainera, gaian jantziak dauden
aditu askok dioten moduan, eskolatik haratago, familian kalitatezko
denbora partekatzea funtsezkoa da beraien garapen integralerako.
Zenbatetan ez ote dute esaten haiek ere eskolara lanera joaten
direla? Egunerokoan zer da eskola haurrentzat? Zer da familia eta
familia bizitza? Asteburuetako eta afalorduko kontua soilik?

Apostu egin dezagun haurrengatik eta haurtzaroagatik. Zer gertatuko
litzateke haurrei galdetuko bagenie? Izan gaitezen zintzoak: ez da
egunero pizza edo makarroiak aukeran ematea… haurren beharrak
hobestea baizik. Ondoan behar gaituztelako, izan gaitezen haien bide
lagun!

Hezkuntza etxetik hasten delako eta guztion aukerak malgutasunez
kontuan hartzen dituelako: bozkatu jardunaldi jarraiaren alde!!! Esan
baietz!!

Gehiago