Ez gara zenbakiak, pertsonak gara

David Porto Viguria

CGT/LKN Nafarroako afiliatua

2026-ko apirilak 25

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren 2024ko Urteko Txostenean oinarrituz (2025eko txostena falta dela) ondorioztatzen diren datuak benetan kezkagarriak eta egiazki beldurgarriak dira; izan ere, argi ikusten da laneko arriskuen prebentzioak garrantzi gutxi duela edo ez zaiela batere axola erakundeei, eta are gutxiago enpresaburuei.

Txosten honetan, Lan Ikuskaritzak Estatuko Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloan egindako jarduketei buruz aritzen den atalean, jarduketa horien ia erdietan errekerimenduak egin dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen (LPRL) ez-betetzeak zuzentzeko, eta %5ean gutxi gorabehera enpresak zigortzen dira 105 milioi euroko zenbatekoarekin. Huskeria estatuak trafiko-isunetan biltzen dituen 500 milioi baino gehiagorekin alderatuta, kontuan hartuz trafiko-istripuak baino bost aldiz lan-istripu gehiago daudela eta lan-istripu asko trafiko-istripu bezala ere jasota daudela. Ikusten denez errazagoa da hiritarrari isuna jartzea enpresariari baino. Hau guztia kontuan hartu gabe lan-ikuskaritzak 1.000 ikuskatzaile eta 1.200 ikuskariorde dituela, trafikora bideratutako 9.000 guardia zibil baino gehiagotik urrun, adibidez. Hemen ere bistakoa da, zelatatu behar dena herritarra dela, eta ez enpresaria. Tristea da horrelako konparazioak egin behar izatea, baina beharrezkoa da zorigaiztoko datuak kontuan hartzen baditugu.

Baina txosteneko daturik lotsagarrienak lan-istripuen ikerketari buruzkoak dira. 2024an 796 pertsona hil ziren, 4.800 larri zauritu eta 621.000 arin zauritu. Ikertutako istripu hilgarrien %30ean, istripu larrien edo oso larrien %40an eta istripu arinen %50ean Lan-arriskuen prebentzioari buruzko legearen (LPRL) ez-betetzeak aurkitu ziren. Ez-betetze guzti hauengatik zehapen edo zigorrak ez dira 28 milioi eurora iritsi.

Nafarroan, 2024ko datuak besteak bezain suntsitzaileak dira, eta hori kontuan hartuta datu ofizialetan ez direla jasotzen istripuetako asko. 22 hildako, 67 zauritu larri eta 12.207 zauritu arin. Bada, istripu horietatik 172 ikertu ziren, eta horietako 95etan arau-hausteak antzeman ziren; beraz, 539.145 euroko zehapenak ezarri ziren. Datu hauen arabera, enpresa bati gutxiago kostatzen zaio lan-istripu hilgarri batean langile bat galtzea kaleratzea baino.

Laneko ezbehar-kopuruari buruzko datuak nekez hobetuko dira enpresaburuei hain erraza eta merkea bazaie Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea ez betetzea jarduneko gobernua konplizea duela, Lan Ikuskaritzari ez diona baliabide nahikorik egokitzen eta ez duena araubide zigortzailea aldatzen. Zergatik ote?

Gehiago