EZ DAGO NEGOZIATZERIK

Erregimenaren urteak ilunak izan dira: 1936tik hasita eta Trantsizio faltsutik jarraituta, Nafarroan Erregimenak ongi zabalduta izan ditu bere hanka eta beso luzeak. Nafarroa sos merke batzuen truke saldu dute, ustelkeriak berak herrialdeko azken zokoraino egin du salto, eta, zer esanik ez, erabakitzeko eskubidea ukatu egin zaigu bizitzaren alor guztietan. Hor dugu, esate baterako, sare publikoan abortatzeko eskubidearen ukazioa. Gure gorputzetan ere sartu nahi izan du Erregimenak.

Lur Albizu Etxetxipia, Ernai

2015-ko abenduak 2

Hainbeste urtetan esperotako aldaketa instituzionala ekarri zuten Nafarroara maiatzeko hauteskundeek, eta ezin da ukatu horren atzean egon den lan eskerga. Hala ere, ezin dugu ahaztu UPN erregimenaren ezinbesteko hanka izanik ere, ez dela bakarra. Erregimena atzean uzteko ez da aski UPN botatzearekin. Ez da nahikoa. Agerikoa da, adibidez, Diario de Navarra egiten ari den aldaketaren aurkako kanpaina ikaragarria. Erregimena egoera berrira moldatzen ari da, eta gogor ekinen diote lanari.

Izan ere, aldaketa eman bada eta honek aurrera jarraituko badu, herri aktibazioa ezinbestekoa da; instituzioak aurrera egiteko tresna dira, baina aldaketaren eredua defendatuko duen herri mugimenduak izan behar du protagonista eta instituzioak aldaketa horretan pausuak eman ditzan bermatuko duena.

Eta, gazteok zer? Zein paper izan behar dugu honetan guztian? Erregimenak eta sistema heteropatriarkal kapitalistak atzaparrak luze dituzte, eta gure bizitzaren arlo guztietaraino iristeko gaitasuna dute; gazteok gara horren isla nagusietakoa; prekarietatera kondenatuko gaituzten eredu zapaltzaileen aurrean, horiei uko egin eta gure eredua praktikan jarriko duten proiektuak martxan jarri behar ditugu, guk geuk eraikiko dugulako nahi dugun Nafarroa askea. Horretarako, ezinbestekoa da gazteok, tokian toki, gure eremu propioetan antolatzea eta sortu nahi ditugun alternatiba horiek sortzea.

Abenduaren 3a dugu gaur, Euskararen eta Nafarroaren Eguna. Guk argi daukagu: euskararen eremuan ere aldaketak bere lana eta ekarpena eman behar du, ez dago hori baldintzatzerik. Euskara Nafarroako hizkuntza propioa den heinean, gure bizitzako eremu guztietan euskara jaso eta erabiltzeko aukera izan behar dugu, gure eskubidea delako. Zentzu horretan, guztiz eskasak dira, adibidez, AEK eta IKAri eman zaizkien diru-laguntzak. Eskasak dira eta aurrerapauso gutxi ikusi ditugu zentzu horretan: ez da aski parlamentuan euskara erabiltzearekin. Guk euskaraz ikasi, bizi eta lan egin nahi dugu. Hori ahalbidetzeko tresnak sortzea eta garatzea ezinbestekoa da. Horretarako, eman beharreko lehenengo pausoa argia da: Vascuencearen Legea alde batera utzi eta euskara Nafarroa osoan hizkuntza ofizial gisa aitortuko duen lege integral baten sorrera. Ez dago negoziatzerik. Nafarroa askea eraikiko badugu, hori euskaratik eta euskaraz etorriko delako.

Gehiago