Eutsi Carmen!
Noizean behin txinparta batek sua pizten du. Patxi Arratibelek nekez pentsatuko zuen Madrilen torturatua izan ondoren, berak asmatutako Aztnugal hitza txinparta horietako bat izango zenik. Euskal Herriko ehunka paretatan ikus daiteke pintaketa dagoeneko.
Xabier Letona
2016-ko maiatzak 13
Denok dakigu zertaz ari den, izan ezkerreko, zentroko, eskuineko, kaletar edo kastakoa. Baina asko dugu ikasteko oraindik. Nik iaz jakin nuen aditu baten ahotik, ogia erostera jo eta torturatzaile batekin egin dezakezula topo Iruñeko okindegi batean, biok ogia erostera joanda.
Bai, talde bereziak dira, bereziki trebatutakoak. Madrilen ere badira, baina beste talde batzuk hemendik doaz hara. Bost egunez atxilotua txikitu, eta ale, etxera familiarekin afaltzera. Eta gero, plaust, kalean torturatuaren aurrean agertu, edonon zain duela jakinarazteko: “Tortura naiz, gogoratzen?”
Arratibelek txinparta piztu zuen, baina torturaren aurkako kanpaina honen gasolina Carmen Alba da, Espainiako Gobernuaren ordezkaria. Eutsi Carmen!