Euskararen defentsarako manifestua

Nafarroako Gobernuak abiarazi dituen euskararen sustapenerako eta herritarren hizkuntza-aukeraren araberako bazterketaren kontrako politiken aurka deitu den manifestaldiaren harira, behean sinatzen dugunok adierazten dugu:

Nabarralde

2018-ko maiatzak 29

Giza Eskubideen Europako Hitzarmena errespetatzeko printzipioarekin bat egiten dugula, hizkuntza hautuaren araberako bazterketa debekatzen duena. Inor ez litzateke “lingua navarroruma”, izan Nafarroa Garaikoa zen zein Beherekoa, erabiltzeagatik baztertuta sentitu beharko. Gure nortasunaren oinarrizko zeinua da eta, hau gabe, Nafarroako errelatoa hutsala litzateke, beste interesen mende geratuz.

Euskara izan dela, mendez-mende, jazarpena jasan behar izan duena, izan hau azalekoa edo isilpekoa. Jendartearen agerian gelditu den errepresioa, edo nabarmenak ez izanagatik ere emaitza bera bilatzen zituzten erasoak. Gure hizkuntza ezabatzeko saiakerak hamaika izan diren arren, hizlarien borondatez eta indarrez XXI. mendera bizirik iritsi dela.

Gaztelerarekiko zein frantsesarekiko fobiarik ez dugula sentitzen adierazten dugu. Gure kulturaren osagarri direla sinisten dugu, are gehiago, euskaldun guztiek dakigu dugu gaztelera edo frantsesa, eta askok, hiru hizkuntza edo gehiago. Ez genuke onartuko, hartara, edozein hizkuntza lege, lan arlo edo jendartearen bazterketaren biktima izatea.

Administrazioan -erakunde publikoak protestaren hartzaile diren neurrian- euskara hitz egin, ikasi edo erabiltzea sustatuko duten edozein politika edo neurrirekin bat egin dugula eta egingo dugula, errespetu osoz eta euskaldunen eta euskara ezagutzen ez duten horien arteko begikotasunez. Argi eta garbi esanez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak horretaz hitz egiten duela, eskubideez, hizkuntzaren erabilera eta ezagutza babesteaz. Denok daukagu gure herriko hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta inork ezin digu ukatu.

Laburbilduz, jarrera hipokrita iruditzen zaigula, asmo txarreko pertsona eta elkarteek, gure herrialdeko hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko neurrien kontrako manifestaldi bat deitzea, historikoki euskararen garapen naturalaren kontrako debeku eta trabak jartzen aritu diren bitartean.

Herritar guztiak, erakundeak eta edonolako elkarte eta taldeak euskararen ikasketa eta erabileraren alde jartzera deitzen ditugu, etorkizuneko belaunaldiak jendarte bidezko eta anitzago batean bizi ahal izan daitezen.

Nafarroako euskararen sustapen eta erabileraren kontrako manifestaldiaren antolatzaile eta sustatzaileei, deialdia bertan behera uzteko eskatzen diegu, defendatzen dituztela dioten eskubide horien kontra doan heinean.

Gehiago