Euskara irakastea koronabirus garaian

Aurreko martxoaren 5ean Zubiarte Euskaltegiko ikasle baten lankidea berrogeialdian zegoela jakin genuen. COVID-19 birusa ate joka genula ikusita, egoerari heldu genion: batetik, garbiketa plan berezia egin gunuen eta, bestetik, irakasleak prestaten hasi ziren. Egia esanda, ez genuen garbi zer nolakoa zetorkigun.

Kepa Iekora, Arantza Binue eta Mertxe Mitxelena. Zubiarte Euskaltegiko Zuzendaritza Taldea.

2020-ko maiatzak 1

Euskaltegi pubikoan abantaila genuen, gure hainbat ikasle autoikaskuntza modalitatean ari
baitira euren ikas-prozesua egiten. Kasu horretan mintza saioak nola antolatu zen erronka.
Gainontzeko ikasleek mailako unitate didaktikoak eskura dituzte moodle plataforman.
Hemen xedea konplexuagoa zen, egun batetik bestera ikas-prozesu berria egituratu
beharrean baikeunden testuinguru zail batean. Gainontzeko hezkuntza-maila guztietan
bezala, euskaltegi publikoan ere, irakasleok birsortu behar izan dugu gure irakasteko
modua. Ikasturte honetan ikasgela birtuala jarri genuen martxan EGA prestatzen ari ziren
ikasle-taldeetan. Horri esker, normaltasun osoz jarraitu zaizkio ikas-prozesuari eta ikasleen
erantzuna oso ona izan da. Gure xedea da heldu den ikasturtean irakasle guztiok baliabide
hori erabiltzeko gai izatea eta edozein momentutan horretaz baliatzea eguneroko jardunean
edo osasun egoerak berriro eskatzen badu. 

Baina ez da izan erabilitako baliabide bakarra. Epe laburrean irakaskuntza birtualerako
urratsak emateaz gain, hainbat kasutan gure ikasleak teknologia berrien erabileran trebatu
ere egin behar izan ditugu. Euskaltegian asko dira matrikulatuak diren adineko pertsonak,
eta horien artean dagoen arrakala digitala agerian geratu da. Hala ere, ahultasuna
indargune bihurtu da. Plataforma bat edo beste erabiliz, telefono bidez, etxekoen
laguntzaz… ikasle guztiengana iritsi gara. Taldeko pertsonen arteko harremana indarturik
dago. 

Irakasleak harremanak bestela gauzatzen ikasten ari dira: zuzendaritza taldean eta
taldearekin, batzorde pedagogikoan, mailako bileretan, irakasleen artean, ikasleekin… Inoiz
baino gehiago ikusi dugu egindako prestakuntza ikastaroen balioa. Era berean, bestelako
ikasgaiak ere badira: nola heldu adoreari, nola partekatu lana, nola lagundu elkarri, nola
jarraitu irakas-prozesuarekin eta nola zaindu ikasleekiko harremana. Ezin baitugu inola ere
ahaztu teknologiaren beste aldean egoera prekarioan dauden hainbat pertsona daudela,
edo egoera zailean daudela. Horrexegatik errespetatu dugu euskara eskolak
aurrerantzerako utzi nahiago izan dituztenen ixiltasuna, edota bihozmina gainditzea
lehentasuna dutela esan diguten ikasleen egoera. Hala ere, ikasle askok aitortu digu zein
garrantzitsua den ikas-prozesuarekin jarraitzea egungo egoeran. 

Ez dakigu noiz itzuliko garen klasera. Noiz izanen ditugun zuzen-zuzenean mintza-praktika
saioak , rok jokok, klaseko irriak, momentu zailak, aditz taulak, sinonimoen zerrendak,
elkarrizketak… baina Hezkuntza Departamentuak hori ahalbidetzen duenean Zubiarte
Euskaltegiko ateak zabalik izanen dira berriro elkartzeko, euskararen irakaskuntzaren bidaia
zoragarrian jarraitzeko. Denbora tarte honetan zer ikasi dugun aztertzeko unea izanen da
(eta ez da gutxi), bai eta hobetzeko kontuak berrikusteko ere. 

Guk irakaskuntza publikoko irakasleen inplikazioa balioetsi nahi dugu, etapa guztietan,
eredugarria izaten ari baita. 

Aurki garai zaila utziko dugu atzean, eta aurpegiak berriro ikusiko ditugu; agian, maskarak
aurpegian ditugula, gure arteko tarte fisikoa mantenduta… Baina itzuli, itzuliko gara
euskaltegira; maiatzaren bukaeran, ekainean edo irailean. Eta segurtasun osoz eginen
dugu.

Gehiago