Euskal Herriari

Zenbat lagun erori diren preso kartzelen kontrako eta askatasunaren aldeko borrokan. Zenbat lagun hilik bizitza duinaren aldeko borrokan. Zenbat sufrikario, zenbat kolpe eta irain jaso ditugun borrokaren hautua egiteagatik eta zenbat laztan, besarkada eta elkartasun keinu ezagutu ditugun hartutako bide horri esker.

Errepresaliatu ohiak Asanblada

2016-ko urtarrilak 27

Zenbat gauza galtzen diren borrokagatik eta zenbat irabazten diren. Dena ala ezer ez, denak ala inor ez. Kontraesanak kontraesan aurrera begira beti. Bi ahoko ezpata izan da guretzako borroka, bagenekielako helmugara heldu gabe erdi bidean gelditzeak, gaua helduta, atzera egitea dakarrelako beti.

Hala ere eta arrisku guztien jabe izanik borroka latz horretan murgildu ginen, independentzia eta sozialismoaren aldeko lanari ekin genion gu baino lehenago pasatutakoek utzitako duintasunaren lorratzari jarraiki eta, garrantzitsuagoa oraindik, gure atzetik zetozenak guregana erakarriz. Eta hori da egun, hain zuzen ere, gure kezka nagusia: borrokaren despolitizazio saiakera baten erdian murgilduta gauden une honetan zein tokian gelditzen diren hamarkadetako borroka horren duintasuna eta berau aurrera atera duten eta oraindik ondorioak pairatzen ari diren gure kideak, guk borrokara erakarri genituen horiek, ze tokitan gelditzen diren militante moduan.

Guretzat, militante moduan, fase bat atzean gelditu da, baina horrek ez du esan nahi erantzukizunik ez dugunik kartzelan eta Euskal Herritik kanpo dauden lagunen egoeraren gain eta, nola ez, herri honen historia idazten gure lan apurra jarri dugun heinean, memoriaren arloan dugun eginkizunean.

Urtarrilean, gutun hau sinatzen dugunok eta gu bezala hainbat urtez errepresioaren ondorioak pairatu dituzten beste militante batzuek, bilera bat burutu dugu egoera politikoaz eztabaidatzeko eta egungo testuinguruan militante moduan burutu behar dugun lana finkatzen hasteko. Hurrengo hilabeteetan ideia hau gorpuzten joango gara honako hiru puntuen inguruan: 1) Borrokaren duintasuna mantentzea eta historia manipulatzeko saiakerei aurre egitea. 2) Belaunaldi berriei etorkizun hobe bat eraikitzeko ateak ez ixtea. 3) Errepresaliatu politikoei gure babesa ematea eta etsaiaren xantaien aurrean amore ez emateagatik bat bera ere botata geldituko ez dela jakinaraztea.

Bukatzeko, azpimarratzea errepresaliatu ohiak izateak ez gaituela militante ohi bihurtzen. Militante politikoak izaten jarraitzen dugu eta gure esperientziak eta bizipenak Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren aldeko borrokaren zerbitzura jartzera gatoz. Bide horretan gure ekarpena lagungarria izango delakoan, jo ta ke irabazi arte!

Gehiago