Etxerikgabeko pertsonak Iruñean
Salhaketa Nafarroa, Dar Etxea, Negu Gorriak, MIG (Pertsona Migratuendako Informazio Gunea), Elkarri Laguntza, Kontseilu Sozialista Iruñerria, Nafarroako SOS Arrazakeria
2026-ko urtarrilak 13
Behean sinatzen dugun gizarte-erakundeok salatzen dugu Iruñeko Udalak berak Herriaren Defendatzaileari bidalitako estimazioen arabera —errolda ofizialik ez dagoelako— 150 eta 200 pertsona artean bizi eta lo egiten dutela kalean negu betean, bizi-kalitatean Europako lehen hiria dela harrotzen den hiri batean. Egoera hau ez da zoriaren ondorio, baizik eta politika instituzionalaren muga estrukturalen eta Nafarroako Gobernuaren zein Iruñeko Udalaren borondate faltaren konbinazio lotsagarriaren emaitza.
Egoera hau bereziki larritu da urtarrilaren 4an, 5ean eta 6an, tenperaturak -5ºC-ra jaitsi zirenean eta sentsazio termikoa -8 ºC-raino iritsi zenean. Hotz muturrekoarekiko esposizio luzeak ondorio zuzen eta larriak ditu etxerik gabeko pertsonen osasunean eta bizitzan: hipotermien igoera, patologia kronikoen larriagotzea, arnas-arazoak, infekzioen aurrean ahultasun handiagoa eta heriotza saihesteko moduko baten arrisku erreala. Ez da egoera deseroso bat “kudeatzea”, baizik eta bere larritasunari proportzionalki erantzungo dion larrialdi humanitario bati aurre egitea.
Testuinguru honetan, esku-hartze sozialerako, laguntzarako edo inklusiorako pentsatutako baliabideak behartuta daude inprobisatutako larrialdi-gailu bihurtzera, baliabiderik eta bermerik gabe. Hori gertatzen da Udalak ez duelako bere gain hartzen klima-larrialdiko egoeretan kalitatezko eta egonkorra den ostatu bat bermatzeko duen erantzukizuna.
Egoera honek gainkarga jasanezina eragiten die gizarte-erakundeei, administrazio publikoen hutsunea estaltzeko euren eguneroko funtzionamendua etengabe tenkatu behar dutelako. Praktikan, funtzio publikoen azpikontratazio estalia da, non Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak oinarrizko eskubideak bermatzeko ardura gizarte-erakundeen gain uzten duten.
Erantzukizun-utzikeria honen aurrean, bereziki Iruñeko Udalaren aldetik, onartezina eta iraingarria da Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak, Txema Mauleónek, eta Gizarte Ekintzako zuzendariak, Rubén Unanuak, prentsaurrekoa eman izana etxerik gabekoen inguruko kudeaketa goretsiz. Egia da ostatuko eta jantokiko plazak handitu direla, baina egia da ere etxerik gabeko pertsonen kopurua proportzio handiagoan hazi dela; hortaz, urtez urte baliabideak ez dira nahikoak eta, ondorioz, kale-egoeran dauden pertsonen kopurua handitzen ari da. Hau da, egoera 2022ko parametro eta eskemekin ari dira lantzen, eta horrek erakusten du errealitate sakonki eta modu jarraituan aldatu den batera egokitzeko ezintasun nabarmena dagoela. Azken batean, gutxiegitasun kronifikatu baten atzetik doan kudeaketa eskasa.
Hala ere, gutxiegitasun hau ezin da soilik arduradun politikoen utzikeriaren edo borondate faltaren bidez azaldu. Ikusten ari garena kudeaketa-eredu jakin baten agortze historiko eta politikoa da, izaera progresistakoa, baina gero eta prekarizazio, desberdintasun eta bazterketa handiagoko testuinguru batean oinarrizko eskubideak modu eraginkorrean bermatzeko gai ez dena. Proiektu horren mugak agerikoak dira gaur egun, eta bere eskasia ez da aldi baterakoa, estrukturala baizik.
Izan ere, larrialdiaren kudeaketa mugatu eta administratu honen logika berriro agerian geratu da egun hauetako tenperatura muturrekoekin. Tenperaturaren jaitsiera bereziaren aurrean, Udalak soilik 30 plazako baliabide berezi bat aktibatu du, gainera aurrez udal-zerbitzuetan erregistratutako pertsonentzat bakarrik, eta haren berri ez zaie eman ez gizarte-erakundeei ez eta Oinarrizko Informazio eta Orientazio Zerbitzuari (SIOB) ere. Jarduera hau ez da salbuespena, baizik eta Gurutze Gorriari larrialdiaren kudeaketarako esleitutako lizitazio berrian (3. lotea) aurreikusitakoaren adierazpen zehatza: egoera muturretan ere gehienez 40 plaza aktibatzea. Hau da, kalean dauden pertsonen benetako kopurua gorabehera, gailu instituzionalaren diseinuak berak aurrez onartzen du 40 pertsona baino gehiago ez direla artatuko.
Egoeraren larritasunari proportzionalki erantzuteko gai ez dela behin eta berriro frogatu duen marko instituzional baten aurrean, ezinbestekoa da mobilizazio soziala, salaketa publikoa eta presio politiko iraunkorra, eskubideen benetako zabalkuntza eta neurri eraginkorrak lortzeko. Eskubideak ez dira eskatzen ezta kudeatzen ere: borrokatuz lortzen dira.
Ildo horretan, bereziki larria da zenbait arduradun politikoren diskurtso publiko autokonplazentearen eta etxerik gabeko pertsonek —bereziki kale-egoeran dagoen gazteriak— bizi duten errealitate materialaren arteko kontraesana. Datuak eta balantzeak erakusten diren bitartean, Udaltzaingoak jarraitzen du alternatiba habitazionalik ez duten gazteak jazartzen, lekualdatzen eta gogaitzen, espazio publikoan egote hutsa kriminalizatuz eta, aldi berean, instituzionalki abandonatuz. Erretorika progresista, gutxiegitasun estruktural eta praktika zigortzaile eta arrazisten konbinazio honek indarkeria instituzional bereziki maltzur bat eratzen du, eta horrek ez du etxerik gabekoen arazoa konpontzen, baizik eta larriagotu eta kronifikatu egiten du.
Horregatik guztiagatik, neurri hauek etxerik gabekoen kausa estrukturalak konpontzen ez dituztela eta egungo esku-hartze ereduaren mugak gainditzen ez dituztela jakinda ere, Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari berehalako talka-plan bat exijitzen diegu, etxerik gabeko pertsona guztientzat kalitatezko eta egonkorra den bizitegi-espazio batean ostatua eta mantenua bermatuko dituena. Kalte handiagoak eta saihestu daitezkeen heriotzak ekiditeko gutxieneko eta atzeraezinezko eskakizuna da hau, ez behin betiko irtenbidea. Aldi berean, antolakuntza kolektiborako, mobilizazio sozialerako eta aliantza zabalak artikulatzeko deia egiten dugu, eskubideen benetako zabalkuntza eta politika publikoen eraldaketa ahalbidetuko duen presio politikoa denboran mantentzeko.
Amaitzeko, Joseba Asirón alkatearen hitzak gogorarazi nahi ditugu: «kalean oraindik pertsona bakar bat ere lo egiten ari den bitartean, ez dugu ezer ospatzeko eta ez dugu ezerz harrotzeko». Egoera honek zuzenean interpelatzen ditu egungo gobernu-taldea osatzen duten alderdi guztiak, bereziki iraganean giza eskubideen defentsarekin bateragarriak ez ziren kanporatze eta baztertze politikak bultzatu edo adierazpenak egin zituztenak; gaur egun, berriz, zuhurtziaz eta koherentziaz jokatu beharko lukete, kalean pertsonak lo egiten jarraitzen duen kudeaketa bat aldarrikatu aurretik.
Salhaketa Nafarroa, Dar Etxea, Negu Gorriak, MIG (Pertsona Migratuendako Informazio Gunea), Elkarri Laguntza, Kontseilu Sozialista Iruñerria, Nafarroako SOS Arrazakeria
