ETB3 ren alde ekiteko garaia
Gauzak argi azal ditzagun: Gaur egun Nafarroako haur gehienek ez dute ETB3 (marrazki bizidunak euskaraz) ikusteko aukerarik, eta ez dago aldaketarako zantzurik. Giltza PPren Gobernuaren esku dago, eta erraztasunak eman ordez, traba teknikoak eta isunak jartzen ari da, Nafarroan euskarazko kateak eta irratiak hartzearen kontra. Hau da gaur egungo egoera
ETB3 ren aldeko plataforma
2017-ko ekainak 24
Autonomia erkidegorako lau lizentzia ditu Nafarroak: Bi Navarra Televisionenak
dira, beste bat Nafar Telebistarena, eta beste bat ETB1 emititzeko erabiltzen da.
Bestalde, Nafarroako eskualdeetarako lizentziak daude:
- Mendialderako lizentziarik ez dago, baina Gipuzkoatik hurbil dauden herri
batzuetan ETB3 ikus dezakete.
- Iruñerriko (Nafarroako haur gehienak bertan bizi dira) lau lizentziak harturik
daude jada: Bat Hamaikarena da, beste bat Xaloarena, beste bat NTB11rena,
eta beste bat ETB2 emititzeko erabiltzen da. Ez dago ETB3 ikusterik.
- Lizarran, Tafallan, Zangozan eta Tuteran, lizentzia hutsak bazirenez, ETB3
emititzeko erabiltzen da horietako bat. Horrek esan nahi al du Iruñetik
hegoaldera denean ikusten dela ETB3? Ez, emisioak oso perimetro txikia
hartzen du toki horietan.
Espainiak sinatu zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako
Ituna, eta hartan, besteak beste, konpromisoa hartu zuen euskarazko irrati eta
telebistak hartzeko askatasuna bermatzeko (11.2 artikulua). Espainiako Konstituzioak
berak hau dio 3.3 artikuluan: “Espainiako hizkuntza mota ezberdinen aberastasuna
kultur ondare bat da eta hura babes eta begirunegarri izango da”. Hala ere, Nafarroako
Gobernuak duela urtebete eskatu zion ETB3 Nafarroan ikusi ahal izateko konponbidea
PPko Gobernuari, eta oraindik ez du erantzunik jaso.
Bi konponbide posible daude: Erkidegoari dagokion beste multiplexadore bat
ematea Espainiako Gobernuak Nafarroari, edo orain duen erkidegoko
multiplexadorearen bidez beste bi kate emititzeko aukera ematea (posible da teknikoki,
baina gaur egun Espainiako Gobernuak ez du baimentzen). Horren ordez, PPren
Gobernuak egin duen bakarra da EITBri, enpresei eta alderdi politikoei isunak jartzea
Nafarroan euskarazko telebista eta irrati publikoak emititzeagatik.
Aipatzekoa da berdin jokatzen ari dela Valentziako Autonomia Erkidegoan ere:
Bertako lehendakariak, Ximo Puigek (PSOE), ere bigarren multiplexadore bat eskatu
du TV3 ikusi ahal izateko, baina PPren gobernuak trabak besterik ez dizkio jartzen
katalanezko telebistak askatasunez ikusteko aukerari.
Nafarroako haurren eskubidea da marrazki bizidunak euskaraz ikustea.
Nafarroako Gobernuak mugitu egin behar du, eta lehentasuna eman gai honi, eta
PPren Gobernuak traba tekniko eta legalak kendu behar ditu behingoan.