Errepresioa egongo bada, izan dadila eraikitako proiektuen handitasunak tope horietaraino iristen delako
Atzotik gogoeta bat dut irten nahiean dabilena. 10 urte inguru eman nituen gazte antolakunde eta mugimendu ezberdinetan militatzen. 2003. urtean, auzoko 3 gazte atxilotu zituztela hasi nintzen; "ilegalizazioa garaitzea" lortu genuela esaten genuen orduan, kalean egon, bageundelako, nahiz eta geroz eta talde txikiagoan izan.
Amaia Elkano
2017-ko martxoak 14
Astelehen gau amaigabeak bizi genituen orduan: norberarenak ez ziren izara batzuetan gordeak, etxeazpiko kotxeen motorren hotsak loa kentzen zigutela, eta goizeko lehen albistegiak gure kideren baten izena esan ez zezan desiratzen.
Zorionez, garai ilun haiek pasa ziren, eta gazte antolakunde berri baten sorreraren parte izateko ohorea izan nuen; antolakunde berria, “berrituarekin” ez baitzen nahikoa guretzat.
Poztasunez gogoratzen dut 2013ko martxoaren 2 hura, eta zapore gazi gozoz horrek niretzako zekarrena: antolakunde berri bat jaioa zen, indar metaketan oinarritutako estrategia politiko bati lotuta, gazte mugimentu iraultzaile berri bat sortzera zijoana, balore eraldatzaileetan oinarritutako proiektuen eraikuntzaren bidez. Garai berri baten ataria zen hura: belaunaldi berri batek lekukoa hartzeko txanda.
Liburu baten azkeneko orrialdeak, hasierako kapitulua ulertzeko giltza ematen duenetan bezala, orduan konturatu nintzen ni, gazte erakunde eta mugimenduan, gure ekarpena zertan jardun zuen: aurreko belaunaldiek utzitako lur soroari gogor eutsi, okupatzaileei eremurik jaten ez utzi, biziraun, eta lurrak gorde zitzakeen hazi gutxiak babestu, ondorengoek ureztatu eta haziarazi zitzaten. Amorru galanta eman zidan orduantxe gazte mugimendua utzi behar izatea, eraikuntza eta eraldaketarako benetako aukerak zeudela. Zer, non eta nortzuen artean landatu eta hezteko aukera erreal eta ezin hobeak zeudenean.
Azken egunetako gertakariak direla eta, lursaila begiratu dut, eta baratze aberats bat ikustea espero nuen lekuan, hesiaren kontra bultzaka dabiltzan sasi bakar batzuk baino ez ditut ikusi, larrean dauden haziak eta loreak ureztatzeaz ahazten ari direnak.
Ereduarekiko talka eta errepresioa egongo bada, izan dadila eraikitako proiektuen handitasunak tope horietaraino iristen delako, ez ordea, ezezkoan eta konfrontazioan bakarrik bizitzen dakiten pertsonek horretara kondenatu nahi gaituztelako.