Eliren hilketaran aurrean
Transkolorek, Nafarroako trans pertsonen elkarteak, kezka eta gaitzespena agertu nahi ditu LGTB komunitateak jasaten dituen erasoengatik. Justizia exijitzen dugu berriki izandako gorroto-delituaren aurrean: adingabe batek Eli basaki zanpatu, eta 43 egunez koman egon ondoren hil egin da.
Transkolorek
2018-ko irailak 25
Ez
dugu urruti joan beharrik eraso homofoboak edo transfoboak
aurkitzeko. Iruñean, aurten, hainbat salatu dira: apirilaren 20an,
Sanduzelaijo festetan; apirilaren 28an, Labrit kalean; ekainean,
salatu zen “cruising” egiteko tokietan etengabeak direla
erasoak; eta joan den irailaren 21ean, sanfermin txikin, txosnetan.
Eta kontuan hartu behar da beste asko ez direla salatzen; badakigu
beste eraso batzuk ere izan direla, LGTB gazte eta nerabeen kontra,
baita ikastetxeetan ere.
Uste
dugu ezinbestekoa dela jendartea heztea dibertsitatea onar dezan, eta
bukaera eman dakien ezjakintasunari eta estigma dakarten
aurreiritziei. Halaber, beharrezkoa da LGTBfobiaren kontrako
estatu-lege bat, betiere LGTB taldeekin adostua, horiek baitituzte
hobekien ezagutzen LGTB komunitatearen beharrak.
Hala,
nabarmendu nahi dugu nahitaezkoa dela jarraipen zorrotza egitea
2017an Nafarroan onetsitako LGTB Legeari, benetan gauzatu dadin
paperean sinatutakoa; horretarako, behar diren baliabideak jarri
behar dira.
Den-denek
izan behar dugu geure orientazio eta identitate sexuala beldurrik
gabe adierazteko aukera. Ordura arte, ez dugu berdintasunik izanen.
Doluminak
Eliren familiari, hurbilekoei eta erasoa jasandako guztiei.
Segi
dezagun lanean.