ELIKADURA BURUJABETZA VERSUS POLITIKA BURUGABEAK

La Via Campesina osatzen duten nekazari erakundeek elikadura burujabetza lortzea dute helburu. Herri eta komunitate bakoitzak behar dituen elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko eskubidea aldarrikatzen dute.

Beatriz Arana AHT Gelditu-ko kidea

2017-ko uztailak 20

Multinazionalen jarduerak nekazari txikiak erasotzen ditu, zuzenean.
Atzerrira joanen diren landare uztak jasotzeko lur hektarea kopuru
itzela lapurtzen dizkie herri eta komunitateei eta ehunka baserritar
bortizki lekualdatzen ditu. Landaketa horiek gurea bezalako herri
industrializatuetara iristea dute helburu. Esportazio horien menpeko
bizi gara. Guk elikadura burujabetza garatzen ez dugun bitartean
beste herrialdeen eskubidea bortxatzen ari gara.

Hori
gauzatzeko lurra behar da. Eta lurralde antolaketarako politikek
lurra kentzen digute. Ekonomia kapitalista globalizatuaren
tsunamiak hainbat gauza eraman ditu euskal baserri mundutik:
mendeetan zehar ernatutako eta hobetutako haziak, baserriak, nekazari
ustiaketa txikiak eta antzinako jakinduria. Ekarri ere ekarri dizkigu
gauza batzuk: milaka kilometro bidaiatzen duten elikagaiak, energia
menpekotasuna, agrotoxikoek eragindako lurraren eta uraren
kutsadura, hondakinen kopuruaren hazkundea eta zor ekonomiko itzela.
Ekonomia kapitalistaren tsunamiaren gandorrean
surfa egiten dakiten bakarrak politikariak, banketxeak, enpresa
pribatuak eta multinazionalak dira.

Eusko
Jaurlaritzako alderdi kontserbadoreak ere gandorrean
surf egiten badakite eta etekin zukutsuak ateratzen dizkiote
tsunamiari: nekazari lurren birkalifikazioak, lurren salerosketak,
eraikuntza enpresen gizentzea, aberatsen mesederako
zerga politika eta energia enpresen aberastea batez
beste. Bitartean biztanleok olatuaren ur haserreen
astinduak sufritzen ditugu: korridore ekologikoen apurketak, mendien
zatiketak eta zulaketak, bailaren artifizializazioa, akuiferoen eta
lur emankorren desagerpena eta sistema nekazalhirindustrialaren
ezarpena. Hauxe da lan eta jendarte eskubideen murrizketak,
prekarietatea, zorpetzea eta txiroen zergekin aberatsen egitasmoak
gauzatzea.

Izaki
berri bat sortu da Euskal Herriko industriaguneren batean duela
hamarkada batzuk: Porlanjaun du izena erraldoi mekanikoak. Ez du
bere besoen indarra kontrolatzen eta bailara zukutsuak, erreka
gardenak, ibaiak, akuifero goxoak, bailara emankorrak, baso
freskagarriak, mendi magal gurinak
eta mendiak sugeak bezala besarkatzen zituzten bihurgunez
jositako errepide txikiak suntsitzen ditu zartako batez. Gure
mendiak “oztopo orografikoak”
besterik ez dira erraldoiarentzako. Bere zangoen indarra ere
neurrigabea da: ehunka landa espezieren desagerpena eta animali mota
askoren lekualdatze derrigortuak eragiten ditu ostikada batez.
Basandere, Basajaun eta Intxixuak aspaldi etxegabetu ditu.

Inoiz ez ase eta beti
gose.. Harrobiak puskatzen ditu harriak jateko. Liseriketa astun
xamarra sufritzen duenez beroketa klimatikoa eragiten duten puzkerrak
etengabe botatzen ditu. Puuuf Puuuuf. Hesteak
mugituak dituela altxatzen da siestatik eta kaka botatzeari
ekiten dio: tunelak, zubibideak, ezpondak, trintxerak, lubakiak,
autobiak, autopistak errotondak eta ingurubideak defekatzen ditu.
Bere azken kakalarriaren ondorioz bi mila natur hektarea inguru
porlanez estali ditu Porlanjaunak: horiek dira lurreko hegazkina den
AVEak behar dituenak Euskal
Herrian ezartzeko.

Porlanjaunak libratzen
jarraitzen duen bitartean ezinezkoa izango zaigu elikaduran burujabe
izatea. Etekin ekonomiko pribatua eta hazkunde ekonomikoa helburu
dituzten politika burugabeak geldiarazten ez ditugun bitartean gure
herriaren eta beste herrialdeen elikadura burujabetza gauzatzea
ezinezkoa izanen da. Hemen Euskal Herrian lurraren eta uraren
defentsan borrokan aritzen garenok txikizioa gelditzea galdegiten
diogu Eusko Jaurlaritzari. Horretarako ibili ginen Bergaratik
Deriora; Berta Caceresek eramandako borrokarekin bat egiten dugulako.
Besarkada bero bat Bertari, egun hauetan Derion dagoen bere alabari.

Gehiago