Ekainaren 28a: Gorputz oker bakarra, gorputz poliziala!

Ekainaren 28 honetan, trans* mugimenduak sortutako leloa erabiltzen dugu, feminismo erradikal eta anitza eraikitze bidean bere ezinbesteko ekarpena aitortu eta ideia hau gure egin nahi dugulako.

Amaia Zufia eta Alazne Beltran de Lubiano, Bilgune Feministaren izenean

2020-ko ekainak 26

COVID 19aren ondorioz, berriro ere, gure zaurgarritasunaz eta interdependentziaz ohartu gara. Ezinbestean bestelako pandemia batzuekin alderatzera eramaten gaitu: GIBaren krisia (sexualitate hegemonikoaren eta genero-arauaren disidenteak, bazterretako gorputzak kolpatu eta kriminalizatu zituena); Afrikan gogor eragiten duen Ebolaren epidemia; prekarietateak, matxismoak edota LGTBfobiaren pandemiak eraildakoak…

Horrek guztiak unean uneko larrialdi neurriak, fase planteatuak edota eskatutako ardurak zein eta norentzako diren galdetzera garamatza. Bestela esanda, pandemia orotan kaltetuak nortzuk diren hausnartzera. Izan ere, argi dago azken krisi sozio- sanitario honek ez gaituela modu berean kolpatu, hor baikaude, LGTBfobiaz betetako familietan konfinatutako kideak, muturreraino prekarizatutako bizitzak, estigmatizatutako gorputz arrazializatuak…

Dena den, ez gaitu ezustean harrapatu eraso transfoboak, lesbofobia, familia heteronormatiboa, gorputz ez-arautuen aurkako jazarpena… normalizatzen dituen jendarte ereduan bizi baikara, zoritxarrez. Areagotu besterik ez ditu egin COVID 19aren krisiak aurretik zeuden indarkeria horiek. Familia nuklearretan (eta monogamian) oinarritutako ordena ardatz eta helburu duten politiken beste adibide bat besterik ez da konfinamenduko distantzia soziala, hau da, gure besarkada eta gertutasun fisikoa etxeko horma barrukoekin soilik konpartitzera mugatzea. Normaltasun berrian ere, zaharrak berri.

Kolore guztietako poliziak izan dira horretarako tresna, hain zuzen ere, beldurra eta mehatxua gure hezur-muineraino sarrarazi digutenak. Horregatik diogu gorputz oker bakarra, gorputz polizialarena dela.

Azken hilabeteetan ikusi ditugu Ertzaintzaren, Polizia Foralaren, Nazionalen edota Udaltzaingoaren bideo zein iragarkiak. Euren burua garbitu nahi izan dute. Horretarako, emakumeak lehen lerroan jarri dituzte, animo hitz eta dantzekin eta, bitartean, kaleetan errepresioa zabaltzen aritu dira. Hala ere, ez dezagun ahaztu: erasotu gaituztenetan eta epaitegietara jo dugunean, emakumeoi, bolleroi, transoi eta sexu langileoi bigarren aldiz erasotu gaituzten berberak dira. Gu lehen lerroan egongo gara osasun krisiari aurre egiteko, baina ez gara sekula errepresioa banatzeko lehen lerroan egongo!

Gaurkoan haratago joan nahi dugu, ez baita nahikoa gorputz polizial ofizialekin gorputzen kontrola ezartzeko. Heteroaraua osasun sisteman, familia planetan, hezkuntza sailetan eta aurrekontuetan ezartzen da. Horrez gain, gure baitan dagoen generoaren polizia behar du bizirauteko. Balkoietan, parkean kirola egiten dugunean, lantokian, hondartzan eta bileretan zelatan ari den epaile horretaz ari gara, generoaren disidentzia etengabe seinalatzen duenaz. Botere kuotak eskuratzeko beste gorputz batzuk baztertzen jarraitzen dituen begirada da. Horregatik, gugandik hasita, ez dugu poliziarik nahi eta ez inolako poliziarik behar aske izateko!

Ekainaren 28a borroka eguna dugu. Halaber, disidenteok gure egunerokoa ere politizatu dugu eta borroka eremu bilakatu dugu. Geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa. Askotariko eremuetan leherketak eragiten dihardugu eta geroz eta gehiago gara gure gorputzak, praktikak eta harremanak, heteroarauaz aske bizitzeko borrokan segitzeko hautua egin dugunak. Elkarrekin eta plazerrez.

Ez gara kabitzen zuen markoetan eta kategorietan, ez gara kabitzen zuen aniztasunaren diskurtso hutsaletan. Subjektu politikoak gara eta arrakalatzen ari gara sexualitate hegemonikoa eta horrek eusten duen sistema neoliberala. Gorputzak, plazerak eta lurrak ereiten ari gara herri feminista bat eraikitzeko.

Bizirauteko arauak ez obeditzen ikasi dugu. Desobedientziaz berreskuratu ditugu kaleak eta gauak eta apurtu ditugu itotzen gintuzten armairuak. Beraz, desobedientziaz jantziko gara datozen garai latzetan ere. Kale ekintza, oihu, muxu eta koxka bakoitzean gaindituko dugu beldurra, lehertuko dugu heteroaraua! Eta plazerrez egingo dugu gainera!

Gehiago