Eguesibarko Udalak muzin egin dio Arartekoari euskararen balorazioan
2020ko apirilaren 22an, Eguesibarko Udalak ez du onartu Nafarroako Arartekoak 2020ko otsailaren 19an egindako gomendioa: Euskararen Ordenantzak dioen moduan euskara balora dezala, baina euskaraz jakin gabe lehiaketa aldiko puntu guztiak lortzea ekiditeko moduan.
AET – Administrazioan Euskaraz Taldea
2020-ko maiatzak 24
2019ko azaroaren 6an argitaratu zuen lan deialdi bat: Zerbitzu anitzetako peoi
izateko lanpostua betetzeko. Oposizio-lehiaketa zen. Euskararen puntuazioa puntu
guztien % 3 zen, horko Euskararen Ordenantzak ezartzen duen moduan. Baina
merituen muga 20 puntukoa zen eta beste merituekin ere 20 puntuak lor zitezkeen,
euskaraz jakin gabe.
Erantzunaren arabera, Eguesibarko Udalak hemendik aurrera ere deialdi
bakoitzean erabakiko du nola banatu merituen puntuak (euskara ere barne, ezarritako
portzentajean). Arartekoak bere atsekabea adierazi du jarrera horren aurrean.
Euskararen Ordenantzek euskarari ematen dioten balioaren puntuak beste
merituekin lor badaitezke, hori da euskararen balioari emandako garrantzia murrizteko
edo ezabatzeko trikimailua. Euskaraz jakitearen meritua dutenek ezin baitute beste
merituen puntuak beren osotasunean lortu, merituen atalak puntuak lortzeko ezartzen
duen mugarengatik.
Kritikagarria eta salagarria bada Navarra Sumak zuzentzen duen Eguesibarko
Udalaren erantzun hori, erran beharra dago ez dela hori egiten duen erakunde bakarra.
Oso praktika hedatua da. Lau alderdietako aurreko koalizioaren garaian haiek
zuzendutako erakundeetan ere ohikoa izan zen askotan.
Euskararen Ordenantzak aldatu edo baliogabetu gabe, badira moduak haiek
urardotzeko, praktika zabalak erakutsi duenez.
Dena den, gaur Eguesibarko Udalak jaso dezala gure kritika. Arartekoa bera
ere gutxietsi du erantzun horrekin (hau ere ohikoa da, euskararen aldeko gomendioak
egiten dituenean).