Egia erdiak, gezurrak eta mitoak gerra psikologikoaren parte gisa.
Orain dela egun batzuk Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramailea elkarrizketatu zuen Saioa Martija kazetariak, “Ahoz Aho +” ETB1-eko saioan. Elkarrizketaren momentu batean, kazetariak Sortuk “ATArekin” (Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduari erreferentzia eginez) harremanik mantentzen ote zuen galdetu zion Rodriguezi.
Sendoa Jurado Garcia. Amnistiaren aldeko militantea.
2017-ko otsailak 2
Erantzuna ez zen
izan ez bai ezta ez ere. Sorturen bozeramaileak zera esan zuen: “ATAk gezurra
erabiltzen du Sorturen kontra”, “gu ez gara etsaiez tronpatzen” eta “ez diegu
oihartzun gehiagorik eman nahi iruditzen zaigulako nahikoa oihartzun ematen
dietela estatu aldeko hainbat komunikabidek”.
Aspaldi idatzitako beste artikulu batean salatu egin nuen batzuek, kasu
honetan Sortuk, “Ad hominem” argudioak erabiltzen zituztela eztabaida politikoa
saihesteko tresna gisa. Ad hominem argudioak dira egia izan gabe ere, egiatzat
hartzen diren argudioak, ez sinesgarriak direlako edo ondo egituratuta
daudelako, baizik eta gezur horren igorlea zein den oinarri hartuta aintzat
hartzen ditugulako. “Nik arrazoia daukat ni izate hutsagatik eta zuk ezin duzu
arrazoirik zu zarelako” gisako argudioaz ari naiz.
Hau da hasieratik Sortuk eta bere sare politiko-mediatikoak Amnistiaren
Aldeko Mugimenduaren aurka erabili duen estrategia nagusia, eta ad hominem
argudioekin batera gezurra, manipulazioa, gure militanteen inguruko buloen
hedapena eta, kasu zehatz batzuetan, eraso fisikoa ere erabili dituzte. Arkaitz
Rodriguezek AAMri ezarri nahi izan dio, beste behin ere, gezurtiaren etiketa.
Errealitateari egurrezko betaurrekorik gabe begiratzen badiogu, ordea,
konturatuko gara gezurrak hanka motzak dituela, hain motzak dagoeneko
Sortuk eta bere egunkari Garak ipurdia lurretik arrastaka daramatela. Izan dira
bakoitzaren sinesgarritasuna eta zintzotasuna agerian utzi dituzten hiru
eztabaida publiko nagusi.
Haietako lehenengoa ohar batean Gara-Naizek, beste gezur batzuen
artean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren inguruko informaziorik zabaltzen
ez zuela helarazten ez geniolako esan zuenekoa izan zen. AAMk Garari
bidalitako posta elektronikoen pantailazoa argitaratu behar izan zuen egunkari
honen gezurra agerian uzteko. Informazioak jaso, jaso egiten zituen. Ez zuten
argitaratzen, sinpleki, gure mugimenduaren aurkako zentsura estrategia bat
mantentzen dutelako. Hori esaterik bazuten, baina errealitatea desitxuratzea
nahiago izan zuten, eta gezurretan aritzea da kazetari batek bere kode
deontologikoari egin diezaiokeen traiziorik handiena.
Bigarren kasua Parisko epaiketa batean ETAko sei militantek
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak haietako bati EPPK uzteko gonbitea egin
ziola esan zutenekoa da. Honakoan ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
aipatutako presoari igorritako gutuna (presoak planteatutako hainbat galderari
erantzutea xede zuena) argitaratu egin behar izan zuen. Bertan horrelako
gonbiterik ez zela agertzen frogatuta gelditu zen, eta orduan hasi ziren era
guztietako aitzakiak: “bueno, ez du jartzen baina interpretatu daiteke”, amonak
erretzen duela eta beste hainbat pelikula.
Hirugarrena berriki Donostiako Antiguo auzoan Amnistiaren Aldeko
Mugimenduko bi kide adin-txikiren kontra burututako eraso fisikoaren harira
etorritakoa izan da. Erasoaren ondorioz 17 urteko gazte batek hiru puntu jaso
behar izan zituen bekainean irekitako zauria ixteko. Amnistiaren Aldeko
Mugimenduak ohar bat kaleratu zuen erasoa salatzeko. Era berean, kide
batzuk Antiguo auzoraino gerturatu ginen (Platero Herriko Tabernara barne),
gure gazteei babesa ematera eta erasotzaileei aurpegira esatera gure
militanteen kontrako erasorik ez genuela onartuko.
Antiguoko Txosna Batzordeak, Sorturen beso folkloriko-festiboak alegia,
bere agiria atera zuen Amnistiaren Aldeko Mugimendua gezurretan ari zela
esanez, izan ere, jipoiaren arrazoia gazte hauek txosnak pintatu izana baitzen,
betiere batzorde honen arabera. Egun gutxi pasatu ziren Amnistiaren Aldeko
Mugimenduak prentsaurreko batean Antiguon gertatzen denaren erradiografia
osoa egin zuen arte. Prentsaurreko horri esker jakin ahal izan genuen
Antiguoko Sortuk ezkutatzen zigula txosnetan pintadak agertu baino lehen gure
propaganda kendu egin zutela egun horretan, eta beste egun batzuetan ere
kendu egin zutela, eta azken bi urteetan gazte hauek irainak, mehatxuak,
pintadak eta abar luze bat pairatu behar izan dutela haien militantzia
politikoagatik. Agerian gelditu zen etsaiaren aurrean otzan agertzen direnak
gure aurrean txakur amorratuak bihurtzen direla. Agerian gelditu zen Antiguoko
sortuk egia erdi batzuk eta gezur asko esan zizkiola Antiguoko auzoari eta
Euskal Herri osoari. Agerian gelditu zen Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren
zintzotasuna eta Sorturen faltsukeria.
Arkaitz Rodriguezen hitzei berriz helduta eta beraiek etsaiez ez direla
tronpatzen dionekoa ekarrita, esan beharra dago gu etsaitzat hartzen ez
bagaituzte oso ondo disimulatzen dutela. Esan beharra dago ere Sortuko
presidente ohia epaileei eta zipaioei eskua luzatzen ikusi nuenean hori zela
hain zuzen ere pentsatu nuena: “Ondo eginda Hasier, zuk bai dakizula etsaia
tratatzen!”
Arkaitz Rodriguez, guk argi daukagu zein den etsaia, badakigu
Espainiako eta Frantziako estatuak direla, kolore guztietako txakurrak direla,
PNV dela zuek beraiekin paktatzeko irrikan zaudeten arren. Zuek ulertzera
ematen duzuenaren kontra, gure mezu gehienak beraien aurkakoak dira, beste
kontu bat da zuek, zuen komunikabideek eta etsaien komunikabideek mezu
horiek ezkutatzea gure diskurtsoa desitxuratzeko. Emango ditudan datuak erraz
konprobatu daitezke gure blogean: mugimenduak sinatutako agirien %92’11ak
Euskal Herriaren etsaiei kritika egiten diete, %5’26ak Sorturen ildo politikoaren
inguruko irakurketa eta kritika politikoa biltzen dute, eta %2’63ak aurreko biak
konbinatzen ditu. Datu objektiboak dira, ez ditut nik asmatu.
Datu hauek gure jarduera eta diskurtso politikoaren adierazgarri dira.
Beste kontu bat da, guk argi izanik gure etsaia zein den, ondo dakigula ere
etsaiarekin konfrontatu ez dezagun bide erdian jartzen zaigun oztopo nagusia
Sortu bilakatu dela, eta ez guretzat bakarrik, baizik eta Sorturen kontrolpetik
ihes egiten duen herri mugimenduaren edozein adierazpenarentzat ere
(Leioako ikasleak, okupazio mugimendua, txandakako gose greba burutu zuten
euskal preso politikoak).
Komunikabideetan daukagun presentziari dagokionez, erreza da 0+0
zenbatzea. Zenbatetan izan da Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkaririk
telebista bateko platoan? Inoiz ez. Zenbatetan izan da Sortuko militanterik
Amnistiaren Aldeko Mugimenduari buruz hitz egiten En Jake, Ahoz Aho eta
ETBko beste saio batzuetan? Programa horietan gaia atera den bakoitzean.
Zer eskatzen duzue, Amnistiaren Aldeko Mugimendua leku guztietan
zentsuratzea? Hitz egin argi, faxisten aurka eskatzen ez dituzuen neurriak
amnistia aldarrikatzen dugunon aurka eskatzen dituzue. Nor tronpatzen da
etsaiaz?
Komunikabideekin jarraituz, gure mugimenduak etika minimo bat
mantentzen duela esan beharra dago. Sortuk El Correori elkarrizketak eman
dizkion bitartean gure mugimenduak ukatu egin dizkio, Euskal Herriarekiko
mantentzen duen ildo faxista eta lotsagarria dela eta. Gure ukazioari El Correok
emandako ia berehalako erantzuna gure hainbat kideren militantziari eta bizitza
pertsonalari buruzko erreportaje sentsazionalistak argitaratzea izan da. Hori da
El Correok ematen digun espazioa, gure jarduera politikoa desitxuratzeko eta
kariturizatzeko ematen diguna. Hori baldin bada prentsan kendu nahi diguzuen
espazioa, zuentzat dena.
Gai honekin jarraitzeko, eta etsaiak egiten duena erreferentzia moduan
hartzen duzuelarik zuen bidea zuzena dela eta gurea guztiz okerra dela
frogatzeko, gomendatzen dizuet beste gai batzuetan zuen kontra kokatzen
diren kazetari eta tertuliano ezberdinek, amnistiaren gaia ateratzen denean
noren alde kokatzen diren erreparatu dezazuen. Ikusiko duzue zelan Xabier
Lapitzek defendatzen zaituzten, ikusiko duzue zelan PNVk presoen gaian
planteatzen dituzuen urratsak eznahiko baina positiboki baloratzen dituen,
ikusiko duzue zelan Luis Rodriguez Aizpeoleak kapote bat botatzen dizuen,
ikusiko duzue zelan Idoia Mendia zuengandik guregandik baino askoz ere
gertuago kokatzen den.
Azken gai bat plazaratu nahi dut. Hasieran esan dut Sortu egoera lokaztu
nahian dabilela eztabaida politikoa ekidin aldera, eta orain arte lortu egin
duelakoan nago. Gugan etsai bat asmatu du mahai baten inguruan gurekin ez
jesartzeko aitzakia moduan. Hainbatetan eskaini diote gure mugimenduari eta
foro ezberdinetatik Sortu, Sare, Bagoaz eta presoen gaia lantzen duten beste
eragileekin mahai-inguruetan parte hartzea. Gure mugimenduaren erantzuna
guztietan baiezkoa izan den bitartean, Errekaleorren eman genuen eztabaida
alde batera utzita, beste guztietan ezezko borobila eman dute gainontzekoek.
Erantzun ohikoena eztabaida hori ez dutela egoki ikusten izan da. Pentsatzen
dut benetako arrazoia beste bat dela: bitartekoak izanez gero errazagoa dela
mahai baten inguruan baino, eztabaida bulo, gezur eta manipulazioen bitartez
irabaztea, eta Sortuk bitarteko nahikoak ditu horretarako. Hala ere gonbitea
eginda dago: eztabaida publikoa, nahi duten tokian, egunean eta formatuan.