Desjabetzearen aurrean, AHTren mafia borrokatu

Jesus Maria Etxarri, Beatriz Arana, Hodei Goñi

AHT Gelditu! Nafarroa

2026-ko urtarrilak 30

Duela hilabete batzuk, AHTaren aldeko Plataforma eratu zen Nafarroan, Foru Komunitatean makro azpiegitura horren eraikuntza bizkortzeko. Bere helburu nagusia da Nafarroako zein Madrilgo gobernuen gaineko presio lobby gisa jardutea. Mafiak bezala, AHTaren aldeko Plataforma da gaur egun Nafarroako AHTaren hariak itzaletik mugitzen dituena.

Honako hauek osatzen dute:

1. INSTITUCIÓN FUTURO: GARUNA. Aznarren FAES tankerako think tank bat da, ideia ultraliberalen laborategia. Azken urteotan artilleria guztia erabili du Nafarroan AHTaren eraikuntza suspertzeko. Bere kideen artean ate birakarietan politikari adituak, multinazionalei tokiko empresa- saltzaileak, multinazional handietako zuzendari zein kontseilariak…. nabarmentzen dira.

2. NAFARROAKO ENPRESARIEN KONFEDERAZIOA: BESO BETEARAZLEA. Patronalaren interesak zainduz, Nafarroako langileen interesen aurka dagoen erakundea. Bere praktika mafiosoak direla eta, historian zehar behin eta berriz salatu dute hainbat sindikatuk.

3. MERKATARITZA GANBERA: APARATU LEGALA. Azken hamarkadetan Nafarroako botere- elitearen funtsezko pertsonaia batek azken 34 urteetan etenik gabe zuzendurik.

4. INGENIARIEN ELKARGOAK: TEKNIKARI ADITUAK. Ingeniarien elkargoek, batez ere Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak, oso paper garrantzitsua jokatu dute Plataformaren sorreran.

5. TRAMA ZIBILA: LEGITIMATZAILE SOZIALAK. Plataforma atxikimendu-kanpaina bat bultzatzen ari da. Horren helburua AHTaren eraikuntza jendartean legitimatzea da. Atxikimendu horien artean, C.A. Osasuna, Irache Kontsumitzaileen Elkartea, UGT… nabarmentzen dira. Atxikimendu horiek modu antidemokratikoan egin dituzte zuzendaritza-batzordeek, oinarrien iritzia kontuan hartu gabe.

Erakunde horiek Nafarroako enpresa-eliteen interesak ordezkatzen dituzte; izan ere, aurrekaririk gabeko krisi eko-sozial globalaren testuinguruan, ez dute zalantzarik haien onura ekonomikoa eta bezero-sareak natura eta langile-klasearen bizi-baldintzen gainetik jartzeko, azken hau gero eta kaltetuago izanik bizitzaren garestitasuna, murrizketa eta pribatizazioengatik. Era berean, badirudi bosta axola zaiela AHT-aren eraikuntzan izaten ari den muturreko lan-esplotazioa, Euskal Herriko obretan 13 langileren heriotza eragin duena; ezta mantentze-lan eskasagatiko Estatuko sarearen segurtasun-falta ere, Kordobako istripuan egiaztatu dena.

Elefante txuria azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, mantentze-gastu gehiago eragiten dituzte sortu beharko lituzketen balizko onurak baino, eta, ondorioz, ustezko onuradunak hondoratzen dituzte. AHTa Euskal Herriko elefante txuririk handiena da, 12.000 milioi eurotik gorako kostuarekin, diru publikoaz finantzatuta. Xahuketa hori enpresa-mafiari eta nahi bezala maneiatutako klase politiko ustelari baino ez die mesede egiten.

Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Nafarroak otsailaren 21ean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. 12:00etan abiatuko da Iruñeko Diputaziotik, honako lelopean: DESJABETZAREN AURREAN, AHT-AREN MAFIA BORROKATU!

Gehiago