D eredua horrela zabaldu?
Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea, eskubide unibertsalen baitan dago. Norbanakoak bere herrikoa den hizkuntza ezagutu eta erabili ahal izatea bermatu beharreko eskubidea dela inork ez luke zalantzan jarri behar.
Ainara Artetxe eta Txane Senar. LAB Irakaskuntza Nafarroa.
2017-ko urtarrilak 23
Gure kasuan, Euskal Herrian bizi den herritar orok euskaraz
ikasteko eta bizitzeko eskubidea du. Alta, eskubide hau ez da bermatzen
Euskal Herrri luze zabalean.
Nafarroari begirada pausatuz, pasaden ikasturte arte, Vascuenceren
Legeak horrela aginduta, zonalde diskriminatuko ikasleek ez zuten
euskaraz ikasteko eskubiderik administraziopeko ikastetxeetan bederen.
Euskaraz ikasteko eskubide hori bermatzen duten bakarrak zonalde
horretako Ikastolak dira.
Aurtengo ikasturtean, bigarren ikasturtez, zonalde diskriminatuan D
ereduan matrikulatzeko aukera izango dute bertako ikasleek. Iazko
Hezkuntza Departamentuaren utzikeria errepikatuko ez delakoaren
esperantza dugu, administraziopeko ikastetxeetan gurasoei helarazi
beharreko informazioa egoki emateko beharrezko neurri guztiak hartuko
dituztelakoan gaude.
Hezkuntza Departamentuak administraziopeko 14 ikastetxetan D ereduan
matrikulatzeko aukera izango dela jakinarazi du. Gurasoen ikuspegitik,
aurrerapauso bat bada, herri horietako ikasleek D eredua bermaturik
izango dutelako eta herrian bertan ikasteko aukera izango dutelako.
Herrian bertan ikasteko eskubideak ez luke euskaraz ikasteko
eskubidearekin talka egin beharko. Gure aburuz, euskaraz ikasteko
eskubidea eta herrian bertan ikasteko eskubidea bateragarriak izan
beharko lirateke, herriak bizirik nahi baditugu, bertako ikastetxeak
behar baitira eta herriak euskalduntzeko ezinbestekoak.
Akordio programatikoan zonalde diskriminatuko ikastoletarako prozedura
berezi bat diseinatuko dela jasotzen da eta D ereduaren zabalpenak
diseinu horrekin batera beharko luke. Hainbat urtetan ikastolek
emandako zerbitzu publikoaren aitortzatik haratago doana. Ikastolak
Nafarroan zonalde diskriminatuan euskararen alde egindako lanarekin
batera, herrigintzari egindako ekarpenak bide beretik doaz, euskal
kulturaren sustapen eta transmisioaren eragileak baitira.
Zonalde diskriminatuko D ereduko ikasleek, gainontzeko ereduetako
ikasleek Bigarren Hezkuntza bukatu eta Batxilergoa zein Lanbide Heziketa
eredu horretan ikasteko aukera duten moduan, Hezkuntza Departamentuari
eskatzen dioguna da, euskarazko ereduan ikasteko aukera izatea. Egun
badaudelako zonalde diskriminatuan DBHn dauden D ereduko ikasleak.