Carlos Gimeno kargugabetu!

Joseba Otano Villanueva

Administrazioan Euskaraz Taldea

2024-ko uztailak 22

2024ko uztailaren 16an Administrazioan Euskaraz Taldeak erregistratu zuen eskaera bat Nafarroako Gobernuari zuzenduta: Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria kargugabetzeko eskaera. Zergatik? Historia bat da, azkeneko kapitulua Oibarren idatzita.

Oibar herrian hauxe dugu egoera oraintxe bertan: Haur eskola bat irekitzekoak ziren datorren urtean, baina eskaera guztiak euskarazko irakaskuntzarako zirenez, Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok ez die utzi bertako ikastetxea erabiltzen. Gaztelaniazko ikasketak eskatu balituzte, datorren ikasturtean haur eskola hasiko zen Oibarren, eragozpenik gabe. Baina euskaraz ikastea eskatu dutenez, Carlos Gimenoren departamentuak erantzun du lerroak bikoiztuko liratekeela etorkizunean, eta ikastetxean ez dagoela horretarako lekurik. Zer egin du Hezkuntza Departamentuak?

Behar diren neurriak hartu, familien eta herriaren eskubideak bermatzeko? Ez horixe: Ardura Udalari pasatu dio, “iradoki” dio beste toki bat bilatzea, eta, hala, irailean haur eskolarik ez badago, zeharka adierazi du Udalarena izanen dela erantzukizuna.

Aurretik horrelako jokabide asko izan ditu Gimeno kontseilariak: Lerinen euskarazko lerroa eskatu zuten familiek, baina erantzun zuen ikastetxean ez zegoela lekurik, eta gurasoek atzera egin zuten. Mendigorrian familiek hilabeteak eman zituzten jo eta ke herrian D eredua izateko. Carlos Gimenok nahiago zuen Mendigorria ikastetxerik gabe gelditzea, D ereduko ikastetxea izatea baino. Orain, nahiago du Oibar haur eskolarik gabe gelditzea, euskarazko haur eskola izatea baino, eta, gainera, jendearen aurrean Udala jarri nahi du guztiaren errudun.

Ez da harritzekoa: 2019an, kontseilari izan aurretik ere, saiatu zen Fustiñanan A eredua izan ez zedin. Ez zuen nahi familia batzuek A eredua aukeratzerik izatea ere.

Garaia da: Nahikoa meritu egin ditu, aurrerakoia omen den gobernu batek kargutik kendu dezan. Kendu kargutik Carlos Gimeno kontseilaria!

Gehiago