Berrogeialdia espetxean
Orain sentitzen ari gara benetan, etxean egotera behartuak gaudelako, ”preso” egotea zer den. Eguneroko itxialdia zer den ezagutzen ari garen honetan, espetxean daudenetan jarri nahi genuke arreta.
Mikel Mundiñano eta Fran Balda Sare Nafarroa
2020-ko martxoak 25
Hasteko, pozgarria eta eskertzekoa da larrialdi honek sortutako egoerak kartzeletan bizi den egoerarekiko kezka piztea zenbait jende eta eragilerengan. Bai, orain enpatia berezi bat senti dezakegu presoekiko eta beraien senitarteekiko. Ongi etorri enpatia hori. Baina, “baina” batzuk ere badaude:
Gure berrogeialdia denbora jakin batekoa da; luzatu daiteke, baina badakigu pasatuko dela. Aldiz, pertsona askorentzat “konfinamendua” bere biziaren parte handi bat hartzen ari da. Adibide nabarmen bat: datorren astean 30 urte eginen dituzte preso Unai eta Jon Parotek, Xistor Aranburuk eta Jakes Esnalek.
Oker gaude baldin eta pentsatzen badugu gure berrogeialdiak gure bizimodua eta preso dauden herritarren bizimoduaren artean dagoen arrakala estutzen duela; guztiz kontrakoa, izan ere, konfinamenduak presoen bizimodua gurea baino are gehiago okertu du. Arrakala handitu egin da, beraz.
Gu etxean gaude konfinaturik. Gehienok, maite dugun jendearekin harremanetan. Presoei, aldiz, gehien maite duten horiekiko harremana bortizki eta ankerki moztu eta murriztu zaie.
Gu, orohar, zainduko gaituztenekin gaude; presoak, ordea, tratu txarra etengabe ematen dieten egitura eta zaintzaile batzuen eskuetan daude.
Gu ingurune “seguru” batean gaude, birusetik urrun, ustez. Kartzelak osasunari kalte egiten dioten gune ankerrak dira: higiene eskasa, gaixotasun ugari… Egoera “normalizatuan” ere, beldurgarria da kartzeletan dagoen hilkortasun tasa.
Guk denbora pasatzeko tresna eta aukera pila ditugu, etxean egonagatik ere: internet, netflix, mugikorrak… Presoek ez dute halakorik. Gainera, ziegatik kanpo egiten dituzten ekintzak murriztu edota eten egin dizkiete: eskolak, kultur jarduerak eta kiroldegirako irteerak….
Hau dena ikusita, zentzuzkoa da planteatzea larrialdi egoera honek espetxe politikan bestelako erabakiak hartzea eskatzen duela. Orain arte hartu diren erabakiak kartzelak gehiago itxi eta presoak gehiago isolatu-kaltetzeko hartu dira. Beste norabide batean hartu behar dira erabakiak: kartzelak hustu eta presoen osasuna eta zaintza lehenetsiko dituen norabidean.