Barañaingo udala ere euskararekin uzkur
Barañaingo Udalak bere instalazioetan etxezaintza, atezaintza, eta antzeko lanak egiteko langileen zerrenda osatzeko deialdia egin du (2016ko martxoaren 14an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta).
Administrazioan Euskaraz Taldea
2016-ko apirilak 5
Euskara jakitea eskatzen duten lanpostuetan B1 edo B2 maila eskatzen du. Gainerako lanpostuetarako ez du euskararen ezagutza puntuatzen.
Barañaingo Udaleko Euskararen Ordenantzak hauxe dio, 17. artikuluan: “Euskeraren balorazioa kontuan hartzea baderitzo, hiritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan deialdiaren (oposaketa gehi lehiaketa) puntu guztien % 5 baloratuko da, eta deialdiaren (oposaketa gehi lehiaketa) puntu guztien % 10 hiritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan”. Hori bai, 16. artikuluak “euskararen ezagutza merezimendutzat baloratu daiteke” besterik ez du aurreikusten.
Euskara merezimendu moduan puntuatzea aukerakoa izanez gero, UPNren garaian esanahi zehatza zuen horrek: Ez zen puntuatuko.
Barañainen ere garaia aldatu da. EH Bildu dago orain alkatetzan. Baina urrezko arau hori ez da aldatu. Euskara puntuatzeko aukera hori euskara ez puntuatzeko aukera bihurtuta dago, berriz ere.
Barañaingo Udalak bere Ordenantza gaurkotu behar du eta eremu mistoko beste Udaletan bezala, euskara jakiteko beharra edo bestela meritu moduan puntuatu beharra jarri behar luke (aukeran utzi gabe).
Bitartean, EH Bilduko alkateak UPNren ohitura zaharrak alboratu beharko lituzke eta Euskararen Ordenantzak ematen dizkion ahalmenak euskararen alde erabili.
Zergatik kostaten da hainbeste euskaldunoi Administrazio euskalduna zor zaigula barneratzea?