Banaketak positiboak direnean
Egunotan pil-pilean dagoen gaia da banaketarena. Ez gara banaketa pertsonalez ari, ikastetxeak ereduka banatzeaz baizik.
Ainara Artetxe eta Alberto Goikoa de Lorenzo. LAB Irakaskuntza.
2016-ko otsailak 18
Ikastetxeen antolamenduari begira, dudarik gabe, gero eta klaustro txikiagoa izan are eta errazagoa da kudeaketa. Ikastetxearen hezkuntza proiektua aurrera eramateko, kohesiorako errazagoa da irakasle kopuru txikiagoa izatea. Irakasleen arteko hartu-emana ere pertsonalizatuagoa bihurtzen da, irakasle taldea ezagutzeko bide ematen baitu, egiteko erak, proiektuak elkarlanean eramateko aukera. Zuzendaritzetan daudenek eta egon direnek ere badakite zenbait eta irakasle kopurua txikiagoa izan antolamendua errazagoa dela.
Bestetik ikastetxeak ereduka banatzeak badauka beste helburu pedagogiko bat. D ereduaren kasuan murgiltze ereduaz ari gara. Murgiltze ereduen helburua da ahalik eta ordu gehien egotea euskararen inputarekin harremanetan. Ez dugu ahaztu behar euskara gutxitutako hizkuntza dela Nafarroako txoko askotan, horregatik murgiltze ereduak berebiziko garrantzia hartzen du. Ikastetxe batean eredu ezberdinak daudenean, galtzaile euskara ateratzen da, hizkuntza nagusia jendartean bezala gaztelera delako. Horrek murgiltze ereduari eragiten dio zuzenean.
Hizkuntzen elkarbizitzaz hitz egiten dutenean, zehazki zertan ari den galdetu beharko genuke. Eskola askotan hainbat hizkuntzek elkarbizitzen dutelako, ez soilik euskarak, gaztelerak eta ingelesak. Haurren ama hizkuntzak sarritan ez dira aipatutakoak, baizik eta beste batzuk. Orduan elkarbizitza linguistikoaz ari direnak zertaz ari diren argitu beharko lukete.
Elkarbizitza bera ere ahotan dabilen hitz potoloa da. Elkarbizitza ez da lantzen eredu ezberdinetako ikasleek espazio amankomun bat konpartitzeagatik. Hezkidetza ikasgelan genero ezberdinetakoak egote hutsarekin lantzen ez den bezala. Elkarbizitza gelan bertan hasten da, ikasle oro da anitza eta aniztasun horri balioa emanez lantzen hasten da, elkarlana, errespetua, elkartasuna bezalako baloreak landuz.
Ikastetxeak, auzo, herri eta herrialde batean kokatuak daude. Ikastetxeaz gaindi beste espazio asko daude, non haurrek konpartitzeko aukera izango duten eta elkarbizitza gelan, ikastetxean, familian, auzoan, herrian, herrialdean lantzen, elikatzen eta edukiz osatzen bada, ikastetxea ereduka banatua egoteak ez du baldintzatuko beste espazio horietako elkarbizitza aukera.
Beraz, ikastetxeak ereduka banatzeak guztientzako onurak ekarriko dituelako zalantzarik ez dugunez, kasu honetan banaketa positiboa da.