Baimenik ez, aske izateko!

Inoiz inork ez du baimenik eskatu libre izateko, eta ez gara orain horretan hasiko. Ez dugu baimen beharrik mundua iraultzeko, ezarritakoa aldatu daitekeela erakusteko. Kataluniako prozesuak argi erakutsi du herri mobilizazioak oinarrizkoak direla eraldaketa prozesuetan; are gehiago, herri mobilizazioak ezinbestekoak, zentralak eta nahitaezkoak direla eraldaketak gertatuko badira.

Lur Albizu eta Mikel Urdangarin, Ernaiko kideak.

2017-ko irailak 26

Guk ere argi daukagu, eta
posizionatzera goaz: kalera ateratzea da herri katalanari momentu honetan egin dezakegun ekarpenik
handiena. Gazteok eraldaketaren, eraldaketen eta iraultzen motor izan gara historikoki, eta konpromiso
horretan berreste gara gaurkoan ere. 78ko erregimena ezarri (eta ongi ezarri) zenean hautu garbia egin
zuten orduko gazteek: haustura. Haustura da gaur ere gazteon apustua. 

Espainiar Estatuaren errepresioa ez da nolanahikoa izan, eta gorantz jarraituko du (badakigu noraino hel
daitezkeen). Urriaren 1eko autodeterminazio erreferenduma oztopatzeko ahalegin guztiak eginen dituzte.
Horra talka: alde batean atxiloketak, debekuak, zentsura; bestean herria, hautestontziak eta, ez dezagun
ahaztu: erabakia, herri gisa bizitzeko nahia. Egunotan Katalunian gertatzen ari dena bi hitzetan laburbildu
daiteke: estatu kolpea. E s t a t u k o l p e a. Eta argi izan dezagun: urriaren 1eko mugarriaren ondoren,
dena desberdina izanen da. Hemen ere prest egon beharko dugu, espainiar Estatua ez delako dagoeneko
berdina izanen. Salbuespen egoerari erantzun behar diogu. 78ko erregimena urriaren 1ean eroriko da, hil
egingo da, eta horretan ere lagundu beharko dugu. Goazen arrakalak aprobetxatzera. Zer da Espainiaren
ustelen erreinuak eskaintzen diguna? LOMCE, lan erreformak, Guardia Zibila, Eliza, ustelkeria,
prekarietatea, pobrezia, zigorrak, mozala, inposaketak, gure gorputzen gaineko kontrola. Dependentzia.
Zer eraikiko dugu guk?. 

Hamaika dira independentziaren aldeko hautua egiteko arrazoiak. Egun independentziaren alde egitea,
hemen eta orain, hausturaren alde egitea da. Euskal Herria sozialista eta feminista gertuago edukitzea, eta
proiektu politikoan sakontzeko aukera da independentzia, aukera berriak irekitzekoa. Beste mundu bat
eraiki nahi dugunontzat, harreman ereduak irauli nahi ditugunontzat eta utopi(et)an sinesten dugunontzat,
bidean dugun geltokia da independentzia. Geure bizitzen gain erabaki nahi dugunontzat, estatu
burujabeak izatea, ezinbestekoa. Ez da bakarrik nahia: beharra eta aukera ere bada estatua izatea, aste eta
egun hauetan ari gara ikusten hala dela. 

Guk argi dugu: kataluniar herria babestera goaz, gure herrietako kaleak betetzera, gure elkartasun osoa
adieraztera, Euskal Herrirako ere prozesu independentista aldarrikatzera, martxan jartzera. Hamaika
izanen dira irailaren 28an kalera ateratzeko arrazoiak, eta baita mobilizatzeko aukerak ere. Hego Euskal
Herriko hiriburuetan honakoak dira deialdiak: Bilbon 12.30ean, Plaza Eliptikotik; Donostian 12etan
Bulebarretik; Gasteizen, 12.30ean Andra Mari Zuriaren Plazatik; arratsaldeko 18etan izanen da Iruñeko
manifestazioa, Baratxurien plazatik abiatuta. Beste hamaika ikastetxe, herri, auzo eta eskualdetan izanen
ditugu mobilizazioak irailaren 28an. Goazen kalera. Sortu dezagun manboa Euskal Herriko txoko
guztietan! 

Baimenik eskatu gabe, aske izan nahi dugu. Ez dugu baimenik eskatuko historia idazteko, historia herriek
egiten dutelako. Ez dugu baimenik eskatuko oraina eraikitzeko, gu geu egiten ari garelako. Ez dugu
baimenik eskatuko libre bizitzeko. Unea heldu da. Heldu da lerratzeko unea, hori baita bizitzea. Borrokan
jarraituko dugu, antolatzen jarraituko dugu, sinesten dugulako geure proiektuan, sinesten dugulako
irekitzen diren ate guztietan. Nahia ez ezik, gure erantzukizuna ere bada prozesu independentista
hauspotzea. Goazen gaurdanik euskal estatu independente, euskaldun, sozialista eta feminista eraikitzera. 

Irailaren 28an, gazteok kalera! Baimenik ez aske izateko, Euskal Herriak independentzia!

Gehiago