Azken kantuaren bila… eskerrik asko Zama doinuz arindu

Joxe Aldasoro eta Iñigo Orella

Etxarri Aranatz

2025-ko urtarrilak 29

Bukatu da Zama Doinuz Arinduz-en ibilbidea. Hamar urtetan hirurogeita hamar artista eta lau mila ikusle baino gehiago. Auzolan erraldoi baten zenbaki hotzak, handiak, izugarriak, baina hotzak. Berotasuna urtez urte Etxarriko kultur etxean jotako akordeek, abesturiko melodiek eta ikusleen erreakzioek eman diete. Brigade Locoren hitzetan: doinuen uhinek elkartasun uhin erraldoia.

Barrez erantzun zioten entzuleek Haimar Arejitaren ateraldiari (Gatibu): Marte konkistatzeko adina indar ba omen dugu. Ez dugu ezeren jabe egin nahi, ordea, geure buruena ez bada. Konkistatu nahi ditugun lurralde bakarrak, askatasuna, justizia eta bakearenak dira, Porrotxek zehaztu zuen moduan. Behin betiko irtenbidea: presoak etxean, presoak kalean.

Tristurak eta malkoak ikusi, entzun eta sentitu ziren igandean, San Donato ikastetxeko frontoian: hutsunea gogoraraztea ez da samurra. Urte asko pasa da. Ez dugu lortu nahi genuena. Bidean gaude. Ari gara. Hurbilketa zalantzatiak hasieran. Dispertsioarekin bukatu genuen gero. Etxekoekin egoteko baimenak. Lan egitekoak. Baimen bereziak. Hirugarren graduak. Eskumuturrekoak. Kolektiboaren erdia kalea zapaltzen ari da jada. Ez da gutxi.

Ez da azken Zaman bildutakoen nahia bete. Harritzarra daukagu aurrean: modu berezian aplikatzen diren lege are bereziagoak. Kas-kas-kas: harginak gara. Jarraituko dugu zizel eta mailuarekin. Sortuko ditugu elkartasun ekimen berriak. Ideia berriek ekarriko dizkigute jaialdi eta mobilizazio berriak, berrituak. Egindakoarekin harro, pozik. Eskerrik asko Zama. Hurrengo auzolanaren zain.

Gehiago