Aski da, utzi Nafarroako Lanbide Heziketaren errealitatea desitxuratzeari; argi hitz egin eta konpondu arazoak
Blokeo eta asperdura egoera horren aurrean, Lanbide Heziketako eta hezkuntza-etapa guztietako irakasleak animatzen ditugu otsailaren 28an Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera, non Nafarroako LHa benetan duintzeko behar diren baliabideak exijituko baititugu
Hodei Tapia, Maitane Vallejo eta Mikel Aingeru Auza
LAB
2026-ko otsailak 26
Nafarroan, Lanbide Heziketako gatazka ez da berria, urteak ditu, eta ikasturte honetan lehertu egin da, irakasleen, ikasleen eta haien familien mobilizazioekin. Zoritxarrez, ez du ematen urte berriarekin hori aldatuko denik. Egoera horren aurrean, LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek mobilizazio kanpaina bati ekin diote, zeina otsailaren 28an bukatuko baita, manifestazio batekin.
Honezkero ez du inork zalantzan jartzen Nafarroako Lanbide Heziketan dagoen egoera oso kezkagarria dela. LHko profesionalak eta ikasleak Hezkuntza Departamentuaren planifikazio faltaren ondorioak eta abandonu erabatekoa jasaten ari dira. Adibide bat besterik ez jartzeagatik: eguneratu gabe dago oraindik ikastetxeen erregelamendu organikoa, eta egin gabe irakasleen ordutegi berria eta lanaldia arautu behar dituen dekretua; are gehiago, ez da aztertu ezta baloratu ere Nafarroan eredu duala nola ezarri den. Hezkuntzak argitara ematen dituen ebazpenak aztertuta, ondorio bera ikusten dugu. Azken urteotan, ohiko bihurtu da ikasturte hasierarako jarraibideak berandu argitaratzea, jakinda ere jarraibide horiek ezinbestekoak direla irakasleek ikasturteko programazioak prestatzeko. 2025-2026 ikasturte honetarako 5 ebazpen argitaratu dira: lehenbiziko hirurak zentzuko epean, beste biak ez, ordea. Okerrena da azkeneko biek aurreko hirurak aldatzen dituztela! Irakasleek azaroaren 1a baino lehen aurkeztu behar dituzte programazioak, baina azken-aurreko ebazpena urriaren 23an argitaratu zen –azken eguna baino astebete lehenago– eta azkena –oraingoz– azaroaren 13an, programazioak aurkeztu eta ia bi aste pasatuta.
Berriki gertatutako beste adibide bat. Urtarrilean, departamentuak zera eskatu zien LHko ikastetxeei: ikasle guztiek praktikak egiteko behar adina enpresarik ez bazegoen, bigarren mailako ikasleei ematea lehentasuna. Horrez gain, eskatu zuen jakinarazteko zenbat ikasle gelditu diren praktikarik gabe. Kontu hori benetan larria da, irakasleek aste batzuk lehenago ohartarazi zutelako hori gertatuko zela, eta, hala ere, Gimeno jaunak zuzentzen duen departamentuak ez zuen deus egin hori gerta ez zedin.
Hezkuntza Departamentuan, begi bistakoa ukatzeaz gain, arazoak ezkutatzen saiatzen ari dira kosta ahala kosta. Urtarrilean, “pantaila” moduko hiru albiste argitaratu zituen Nafarroako Lanbide Heziketari buruz, dena ongi doalako irudi faltsua zabaltzen saiatzeko. Horietatik argiena, beharbada, Parlamentuan urtarrilaren 13an egindako lan bilera izan zen, non LHko ikasleen familia batzuek parte hartu baitzuten. Haien helburua zen egoera azaltzea, eta salatzea beren seme-alabak praktikak hasi gabe zeudela, horretarako hasieran jarritako egunetik lau hilabete iragan ondoren. Hezkuntza Departamentua aurreratu egin zen eta ohar bat argitaratu zuen lan saioa hasi baino ordu batzuk lehenago, agerraldia baldintzatu nahian. Ez zuen lortu.
Horrekin pozik ez eta duela gutxi iragarri du, ohiz kanpo, 300 orduko beste pakete bat eskainiko diela tutoreei, LHko ikasleek enpresetan egiten dituzten prestakuntza-egonaldien kudeaketa errazteko. Argi hitz egin dezagun: 300 ordu horiek ez dira departamentu desinteresatu eta eskuzabal baten eskaintza. Errege dekretuak ezartzen duen gutxienekoa besterik ez dira.
Hezkuntza Departamentuak jarraitzen du lau haizeetara iragartzen Nafarroak LH dualerako duen eredua aitzindaria eta zoragarria dela, baina irakasleek eta ikasleek jasaten duten errealitatea oso bestelakoa da. Hori dela eta, zenbait sindikatuk mobilizazioei ekin diete. Lehenbizikoa otsailaren 3an egin zen, Elizondon, eta azkena otsailaren 28an Iruñean egingo den manifestazioa izango da. Lehenbiziko hori ez zen ausaz aukeratu. Izan ere, Baztan-Bidasoko herritarrek hilabete asko daramatzate borrokan Oronozen LHko ikastetxe berri bat irekitzeko, eskualdeko ikasle guztiak hartuko dituena. Gimeno kontseilariak sareetan emandako erantzuna ezin maltzurragoa izan zen: tramiteak oztopatzearen errua herriko udalari egozten saiatu zen, eta, gainera, aurretik adostutakoarekin bat ez datorren obra-lizitazio bat jakitera eman zuen, non lehen lizitazioan adostutakoa baino edukiera txikiagoa izanen duen ikastetxe bat jasotzen baita. Horrek esan nahi du Lanbide Heziketako eskaintza guztia Oronozen batu beharrean, baliabideak optimizatu beharrean, zikloren bat Lekarozen eman beharko dela. Horrela, bada, Nafarroako Gobernuak eraiki nahi duen LHko ikastetxe berria, abian jarri baino lehen, txiki gelditu da eskariari erantzuteko. Ez dirudi paparra puzteko moduko motibo handirik dagoenik.
Hezkuntza Departamentuaren manipulazio mediatikoak ez dira kontu berria; aspalditik datoz. 2022ko apirilean, adibidez, Chivite lehendakariak eta Gimeno kontseilariak iragarri zuten Iruñeak LHko ikastetxe berri bat izango zuela, Nafarroako industriak behar zuen eraldaketa digitalari, garapenari eta berrikuntzari erantzuteko. Ikastetxe horrek –LABek Arrotxapeko IWER eraikinean kokatzea proposatu zuen– 2025-2026 ikasturtean jardunean egon behar zuen. Baina, gaur egun, kontua ezerezean gelditu da. Zer izan zen hura: PSNren hauteskunde-propaganda edo Hezkuntza Departamentuaren beste gezur bat?
Gimeno jauna: ez dugu nahi zure aparatu mediatiko eta propagandistikoak LHko irakasleak eta ikasleak jasaten ari diren errealitatea zuritzea eta desitxuratzea. Hezkuntza Departamentuak eta, gure kasuan, Nafarroako Lanbide Heziketa egituratzen, planifikatzen eta antolatzen duten zerbitzuek benetan funtzionatzea nahi dugu. Nazkatuta gaude egoera honekin, kaltetuak gero eta pertsona gehiago baitira.
Blokeo eta asperdura egoera horren aurrean, Lanbide Heziketako eta hezkuntza-etapa guztietako irakasleak animatzen ditugu otsailaren 28an Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera, non Nafarroako LHa benetan duintzeko behar diren baliabideak exijituko baititugu.
Gehiago
1
Los centros educativos reclaman cambios en la implantación de la FP Dual y llaman a movilizarse el sábado en Iruñea
Lotua, ederki aski lotua: erlijioa, PAI eta irakasleen prekarietatea
1
