Aske izateko jaio gara
Oihan Ekiza
ASKE jaialdiko kidea
2025-ko abenduak 15
Gure jendearen askatasuna aldarrikatuz etorri gara orain arte, eta aurtengo abenduaren 27tik aurrera, aske izateko jaio garela esatera igoko gara oholtzara. Zuetako askok harriduraz jaso zenuten Hatortxu Rock jaialdiaren amaieraren berria; beste batzuek nostalgiaren ziztada sentitu zenuten, eta batzuk ez zineten erabat sinestera iritsi. Baina antolakuntzak urte luzeetan egindako ibilbidea ospatu nahi zuen. Aukera borobila zen: 26 urteko ibilbidea eta 30. urteurrena, data borobila zerbait berezia egiteko. Agur esatea erabaki zuen Hatortxuk, bere sorrera bultzatu zuen testuinguru erabat desberdinean: dispertsioaren mapa errotik aldatuta, gure lagun eta senideak berriz ere Euskal Herrian izanda, tarteka-marteka kalea zapaltzen. Behar batzuk desagertu egin dira eta berriak sortu.
Behar berri horiek asetzen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu ASKE jaialdiko belaunaldi berriok. Denak etxean eta duin bizi ahal izan arte, ez baikara herri aske bat izango. Baina bide berri bat zabaltzeko erabakiak hausnarketa sakonago batera eraman gintuen aldi berean; eta ondorioa argia izan zen: korapiloa askatzen amaitzeko beste aldarrikapen batzuk mahai gainean jartzeko ordua heldu da.
Indarra dugu lanean jarraitzeko, irrika sentitzen dugu Hatortxu Rocken lekukoa hartuko dugun belaunaldiok. Auzolanaren grinak heltzen gaitu eta indar kolektiboak mugiarazten gaitu. Zintzoak izateko, Euskal Herriari gure ekarpena egiten jarraitzeko beharra sentitzen dugu, eta musika jaialdi herrikoiak antolatzen pilatutako jakintzari eta esperientziari ez diogu uko egin nahi. Jarraitu dezagun beraz, bat bera ahaztu gabe, garaiak eskatzen duen aldarrikapenei helduz. Horregatik, aurtengo abenduaren 27an eta hemendik aurrera, ASKATASUNA aldarrikatuko dugu. Nork ez du maite ba askatasuna? Orokorkeria iruditu dakioke inorri, baina zinez sinistuak gaude une politiko eta sozialak aldarrikapen honen zentralitatea eskatzen duela. Askatasunaren terminoa eta ulerkera lehian dago, indibidualismoak eta neoliberalismoak irentsi nahi du. Terminoa bereganatzeko estrategia eta saiakerak eguneroko ogi dira. Askatasuna da dispertsioa bizi izan duten hainbat eta hainbat kideren desioa, ez hori bakarrik; espetxeetara edo ihesera eraman dituen helburu politikoa izan baita. Eta ez haiena bakarrik, baita borrokatu duten herriarena ere.
Aske bizi nahi dugu. Gure izana eta identitateak hautatzeko eskubide osoz. Eta zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkalaren aurrean, borroka askatzaileak hauspotu nahi ditugu. Balio eraldatzaileak praktikara eraman nahi ditugu. Hortaz, berriz ere luzatuko dugu galdera. Nork ez du maite askatasuna? Askatasun kolektibo eta emantzipatzailea. Askatasunak elkartzen gaitu, eta hortik abiatuko da ASKE jaialdi berria: guztion ekarpenetik eta ondare politiko handia bizirik mantenduz. Askatasuna abesti askoren hari gidaria izan da; milaka kontzertutan errepikatu dugun aldarrikapena, belaunaldiz belaunaldi, estilo, doinu eta erria guztietan kantatuak. Herri oso baten desioa da. Aske izateko jaioak, aske izan gaitezen, elkarrekin. Jaialdi berria guztion artean eraikiko dugu; orain arte bidelagun izan zaretenokin eta bidean batuko diren kide berriekin. Zu ere behar zaitugu. Ez galdu hitzordua.
