Ariketa demokratikoetan gainditzeak eskubideetan huts egitea dakarrenean

2016-ko apirilak 3

Bazen garaia! Seguru denok sentitu dugula noizbait gogoak gai zehatz baten inguruan galdekatuak izateko: hezkuntza eredua, independentzia, estatu eredua, hirigintza, jai eredua… Herritarrok gure hitza plazaratzeko eskubidea dugu, nahi dugun jendarte ereduaren inguruan eztabaidatu eta erabakitzeko. Noski pozgarria dela Euskal Herriaren luze zabalean herri kontsultak nola areagotzen ari diren ikustea, aldaketa posible denaren erakusgarri eta herritarron ahalduntze prozesuaren bidean urrats eztabaidaezina.

Ordea, pozgarri izan beharko litzatekeena sentimendu kontrajarriak sortzen ditu herri kontsulta batek eskubideen bermearekin talka egiten duenean. Ezin itzali amorrua eskubideak direnean kontsultara eramaten direnak. Nola da posible emakumeok Luzaiden  dantza egin dezakegun edo ez galdeketara eramatea? Hamaika ikusteko jaioak gara!! Ez, ez, ez… gauzak ez dira horrelakoak. Orain arte emakumeok kultur ekimen ezberdinetan parte hartzea debekatu izana eskubideen zanpaketa argia izan da eta zanpaketa horri buelta ematea ezin
da  “ariketa demokratiko” baten maskararekin estali. Emakumeok eskubideak ditugu eta punto. Nahi dugun lekuan eta nahi dugun eran dantzatzeko eskubidea dugu. Akaso kontsultara eraman beharko genuke abortatzeko eskubidea dugun?  Edota gure gorputzen jabe izateko eskubidea dugun? Edo gure bizitzekin nahi duguna egiteko eskubidea dugun?  Eskubideen bermea ez dago kontsultara eramaterik.

Kapitalismoaren eta patriarkatuaren jendarte ereduak txoratu egin gaituela dirudi eta demokraziaren bandera nork gehiago altxatu lehian sartu garenaren sentsazioa hedatzen da askotan. Baina hainbat esparrutan ausardiaz jokatu eta egoera irauli beharra dago eta hori egiteko kontsultak ez dira beti tresna. Ideia ezberdinek talka egiten dutenean ideia horien erraietan zer dagoen aztertu beharra dago. Bestela, kontsultatu beharko dugu ere Tuteran eskola eredu euskalduna martxan jarriko dugun edo ez, edota etxebizitza bat edukitzeko eskubidea dugun, lan baldintza duinak edukitzeko eskubidea dugun, libre izateko eskubidea dugun, euskal presoak euren herrietan bizitzeko eskubidea duten… Urte luzez herri mugimendu ezberdinak borrokan aritu dira gau eta egun eskubideen bermea aldarrikatuz eta
borroka horiek izan dira aldaketak eragin dituztenak gure herrian. Batzuen edo besteen iritziak ezin dira egon justiziaren gainetik, eskubideen bermearen gainetik.

 Borrokan jarraitu beharko dugu beraz. Baina ez dugu borrokatuko eskubide bat kontsultara eramateko, eskubide horiek errespetatuak eta bermatuak izan daitezen borrokatuko dugu. Eta bide horretan ezin aipatu gabe utzi datorren egunetan eskubideen bermea aldarrikatuz egingo diren mobilizazio ezberdinak: feministok prest! hitzordua Gasteizen, euskaraz bizi eguna Baionan, amnistiaren bidean preso eta iheslariak etxera lemapean Bilbon egingo den mobilizazioa… Eskubideak ez direlako kontsultara eramaten, eskubideak eskuratzen dira.

Gehiago