Antsoaingo Udal haur-eskolan alaba euskaraz ezin hezi.

Martxoaren lehenetik martxoaren 15erarte aurrematrikulazio epea zabalik da Iruñerriko haur-eskoletan.

Maria Ilarregi eta Nestor Esteban

2018-ko martxoak 12

Aurreko astean alabaren aurrematrikula egin genuen. Antsoainen egin nahi
genuen, bertan bizi baikara, baina Antsoaingo Udal haur-eskolan ez dago
euskarazko murgiltze eredurik. Udalarekin batzartu gara eta gaia tratatu dugu.
Honek ez digu konponbiderik eman; une honetan haur-eskolan euskara ezagutzeko
eskubidea bermatzea ez du lehentasunen artean. Beraz, hurbilen dauzkagun eta
Iruñeko Udalarenak diren Txantrea eta Arrotxapea auzoetako euskarazko haur-
eskoletan eman behar izan dugu izena. 

Iruñean “kanpotarrak” gara, horregatik Iruñekoak diren familiak baino puntu
gutxiagorekin abiatuko gara alaba haur-eskola horietan onartua izateko; ez hori
bakarrik, onartua izanez gero, Iruñekoak diren familiak baino %25 gehiago
ordaindu beharko dugu (82 euro gehiago hilean). Alderantziz, Iruñekoa bazara eta
Antsoaingo Udal haur-eskola erdaldunean zure seme-alaba aurrematrikulatzen
baduzu, onartua izanez gero, bertakoek ordainduko duten kuota bera ordainduko
duzu. 

Antsoaingo eta Iruñeko Udalak (“D” ereduaren aldeko matrikulazio kanpainak
babesten dituzten udalak), euskarazko hezkuntzaren aldeko apostua egiten ari
garen familia antsoaindarrekin era ulergaitzean jokatzen ari dira: Lehenengoak
kanpora joaten behartzen gaitu; eta bigarrenak ekonomikoki zigortu, alaba
euskaraz hezi nahi izatea luxu bat balitz bezala. Ez da bidezkoa. 

Antsoain herriak haur-eskola euskalduna da behingoz behar duena. Bitartean,
Antsoain eta Iruñeko Udalek, seme-alabak euskaraz ikastera Antsoaindik kanpo
eramatera behartzen gaituzten familioi, kalteak areagotu beharrean, kalteak
arinduko dizkiguten neurriak adostu beharko lituzkete. 

Horren esperoan, horren alde lanean jarraituko dugu.

Gehiago