ANIZTASUNA EZ DAGO MUGATZERIK

2019ko abenduaren 12an, Iruñeko LGTBIQ+ taldeek e-mail bat jaso genuen, bilera batera dei egiten ziguna, eta, bilera hartan, honako hau adierazi ziguten: Iruñeko Udalaren ustez, LGTBI+ zerbitzuak bikoizturik ematen dituzte Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, eta Udalak bere kabuz erabaki du Harrotu zentroak ematen dituen 4 zerbitzuetatik 3 kentzea.

2019-ko abenduak 20

Hala, egun batetik bestera hiru langile kaleratu ditu; bestalde, nabarmendu behar da Udalak joan den azaroan luzatu berri zuela Harrotu zentrorako kontratua. Zehazki, kendu diren zerbitzuak dira aholkularitza juridikoa eta sexologikoa, eta LGTBI+ arloko informazioa eta orientazioa. Azpimarratu nahi dugu horren berri eman zaigula ustezko bikoizketa horren frogarik eman gabe. Era berean, adierazi digute badela eskumen-gatazka bat Gobernuaren eta Udalaren artean, herritarrei sexu eta genero arloko zerbitzuak emateari dagokionez, baina ez digute inolako konponbiderik eman eskumen-arazo horretarako.

Uste dugu argitu beharrekoa dela ezen, nahiz eta egia den Nafarroako Gobernuaren ardura dela zerbitzua bermatzea Nafarroa guztirako, horrek ez diola eskumen esklusiboa ematen, eta posible dela tokiko entitateen eta gainerako erakundeen esku uztea eskumen horiek, aipatutako zerbitzua eman ahal izateko. 

Horrenbestez, bilera haren ondotik LGTBIQ+ taldeak berehala bildu ginen, eta honako ondorio hauek atera genituen:

–         Ezin dira zerbitzu publikoak bertan behera utzi halakorik justifikatzen duten frogarik gabe.

–      Egia izanik ere Nafarroako Gobernuak zerbitzu ematen duela, Kattalinguneren bidez, 2016. urtetik, zerbitzu hori ez da nahikoa Nafarroa guztiko beharretarako. Horrexegatik, Harrotu zentroak ematen ditu aholkularitza zerbitzuak, eta zerbitzu horiek ez dira bikoizturik ematen.

–         Harrotu zentroak ematen duen zerbitzua integrala da, erabiltzaileen biziak erdigunean jartzen ditu, eta, beraz, lau zerbitzuak elkarren osagarri dira: ezin ulertu dira batzuk besteak gabe. Horren adibide gisa, erabiltzaile batzuk Harrotura jo dute aholkularitza sexologiko bila, eta topatu dute, gainera, sozializatzeko gune bat, eta harreman sarea sortzeko lekua. Izan ere, oso garrantzitsua da LGTBI+ komunitatearentzat sostengu-sareak izatea.

–         Gainera, Udalaren erabaki horrek eragina du Nafarroako landa eremuan, zeren, Harrotu zentroko zerbitzuak kenduta, Gobernuaren zerbitzuak Iruñean zentralizatuko dira, Kattalingunek ez baitu giza baliabide nahikorik populazio guztiari erantzuteko (bi sexologo Nafarroa guztirako).

–         Orobat, horrek ondorioak izanen ditu zerbitzuen kalitatean, guztiz murriztuko baitira. Ez da aski zerbitzuak izatea; horretaz gain, nahitaezkoa da kalitatezko zerbitzuak izatea, pertsonen biziak erdigunean jarriko dituztenak.

–         Ez dugu ulertzen Udalak erabakia bere kabuz hartu izana; izan ere, orain arte LGTBI+ taldeei parte-hartzea eskatu izan digu LGTBI+ zerbitzuarekin zerikusia zuten erabakietan.

–         Hori dena kontuan harturik, ondorioztatzen dugu erakundeak LGTBI+ pertsonen eskubideak murrizten ari direla.

Horrenbestez, adierazpen bat plazaratu genuen, herritar guztiei azaltzeko zer ari zen gertatzen, eta prentsaurrekoa antolatu genuen. Eskerrak eman nahi dizkiegu adierazpenarekin bat egin duten elkarte eta erakunde guztiei, sostengu eman digutenei, eta konpromisoa agertu dutenei LGTBI+ pertsonen eskubideen alde.  Halaber, argitu nahi dugu prentsaurrekoa ematera bultzatu gintuztela zerbitzuen erabiltzaileek, kezkaturik baitaude, eta ikusten baitute eskubideak murriztuko zaizkiela berehalakoan.

Honekin lotuta, salatu nahi dugu nola kudeatu duten informazioa bai Iruñeko Udalak bai Nafarroako Gobernuak. Kezkaturik gaude, ikusita, batetik, Udalak esan duela Gobernuak jarraituko duela zerbitzua ematen, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak honako hau adierazi duela prentsa ohar bidez, 2019ko abenduaren 16an: “Nafarroako Gobernuak ez du Iruñeko Udalaren inolako proposamen, komunikazio nahiz eskaera ofizialik jaso, Gobernuak bere gain har ditzan gaur egun Harrotuk ematen dituen zerbitzuak, Udalaren eskumen direnak”. Gobernuak, prentsa ohar horretan berean, honako hau dio: “Nafarroako Gobernuak ez du inolako aldaketarik planteatu Kattalingunek LGTBI+ kolektiboari ematen dion zerbitzuan”. Bestalde, Udalak prentsa ohar hau argitaratu zuen 2019ko abenduaren 16an: “Udalak hitzematen du Harrotu zentroaren zerbitzua mantenduko duela, LGTBI pertsonentzako elkarteen topagune eta erreferentziazko gune izateko, bertan gauzatu daitezen jarduerak pertsonen eta elkarteen sostengurako, sustapenerako, parte hartzeko eta ahalduntzerako”. Horren aurrean, esan nahi dugu neurri hori ez dela inola ere nahikoa Iruñeko sexu eta genero arretaren kalitatea bermatzeko, zeren espazio hori mantentzea bera ez baita aski, eta Harrotu zentroaren funtsa baita proiektu integrala izatea.

Hortaz, gure ondorioa da geure eskubideak bermatu nahi dituzten erakundeek ez dutela elkarrekin hitz egin zerbitzuak hobeki emateko, herritar guztiei egiazko arreta bermatzeko. Erabateko arduragabekeria iruditzen zaigu, eta uste dugu guztiz bazterrean utzi direla LGTBIQ+ pertsonen biziak, baita zerbitzu horietarako beharrezkoa den elkarteen elkarlana ere (eta elkarlan horren beharra nabarmendu dute hainbatetan azken urteetan).

Hala, egoera honek behartzen gaitu defentsa kolektibo bati hasiera ematera, geure eskubideen alde eta LGTBIQ+ kolektiboaren erreferentziazko gune baten alde, erreferentziazkoa izan baita Iruñeko herritar guztientzat, eta lagundu baitu Iruñeko eta Nafarroa guztiko elkarbizitzarako.

Erakundeei dei egiten diegu, gurekin hitz egin dezaten, eta argi azaldu diezaguten zergatik iritsi garen egoera honetara eta nola erantzun behar dieten herritarren beharrei, sexu eta genero aniztasunari dagokionez. Gainera, ardura eskatu nahi diegu talde politikoei, aldarrikapen hauek gauzatzeko, eta argi utz dezaten konprometiturik daudela LGTBIQ+ kolektiboarekin.

Nafarroako LGTBIQ+ pertsonek urteetan pairatu dugu ikusezin izatea eta babesik ez izatea erakundeen aldetik eta gizarteko beste entitate batzuen aldetik, eta, horregatik, berri honek beldurtu egin gaitu, eta sentitu dugu iraganeko garaietara itzuli behar dugula. Ez dugu horrelakorik nahi, ez guretzat, ez gure ondotik etorriko direnentzat ere. Udalaren erabakiak ekarri dizkigun amorru eta haserre guztia indar bihurtu dugu, geure eskubideak defendatzeko, baita zerbitzu publikoak ere, behar-beharrezkoak direnak herritar guztientzat.  Horregatik, ez dugu inola ere atzera eginen, ezta piska bat ere!

Haurtzaro, nerabezaro, helduaro eta zahartze duin eta libreak nahi ditugu.

Gehiago