Amnistiaren alde nagoelako, ez noa Bilbora

Ni ere ez naiz konformatuko euskal preso politikoak Zaballa, Martutene, Basauri edo Baionako espetxeetara ekartzen dituztenean. Larriki gaixo daudenak eta zigorraren 3/4ak bete dituztenak libre diren egunean ez dut amaitutzat emango presoen aldeko borroka.

Naroa Agirrebengoa

2015-ko azaroak 26

Presoen giza eskubideen
berme osoa lortzen dugun egunean kalean jarraituko dut. Euskal preso
eta iheslari politikoak Euskal Herrian libre ikustea da nire
borrokaren xedea. Ni ere amnistiaren alde nago. Baina horrek,
itsu-itsuan, ez narama larunbatean Bilbon egongo den manifestazioa
babestera. Alderantziz. Zehazki hori da larunbatean Bilbora ez
joateko nire arrazoi nagusia.

Urte luzez Euskal Herrian
presoen eskubideen eta askatasunaren alde egin den lana izugarria da.
Zenbat mobilizazio, gose greba eta itxialdi. Zenbat elkartasun
ekimen, mozio, atxikimendu, kartel, pankarta eta agerraldi. Zenbat
elkarrizketa eta testigantza. Zenbat kale, errepide eta zubi. Zenbat
bilera, zenbat denbora, zenbat pertsona, zenbat energia.

Bereziki handia izan da
urteotan presoen giza eskubideen inguruan antolatu den babesa. Euskal
gizartearen gehiengoak bat egin du aldarrikapen hauekin, eta hori lan
eskerga horren emaitza izan da. Gehiengo sindikala, politikoa eta
soziala batu dira eskubideen gaineko eskaera hauetara. Eta euskal
gizartean inoiz izan diren mobilizaziorik handienetakoak, handienak
ez badira, eskaera hauen gainean antolatu dira.

Hala ere, gizarte mobilizazio
handi honen emaitza txikia izan da. Gauzak diren bezala. Ez dugu
lortu estatuen aldetik ia ezer. Presoen kopurua murriztu da azken
urteotan, nagusiki kondena bete ondoren asko atera direlako, eta
militante politiko gutxi sartu dituztelako. Baina borroka
politikoaren terminoetan, eta helburuei dagokionez, presoen gaian ez
dugu lorpenik izan. Mobilizazio eta eskaera sozial handi honen
aurrean entzungor egin eta espetxe politikarik ankerrena mantendu
dute bi estatuek. Arrazoi ezberdinak aurki ditzakegu hau ulertzeko.
Aipagarriena estatuen jarrera antidemokratikoa da, baina ez bakarra.
Espetxeetako giltzak estatuek dituzte, haiek dira ateak irekiko
dituztenak inoiz horretarako adina indar egiten badugu. Baina onartu
dezagun, egindako lana izugarria izanda, gaur gaurkoz ez gara gai
izan nahikoa indar antolatzeko. Eta hau ere bada presoek preso
jarraitzearen arrazoietako bat.

Presoen aldeko borroka ahul
dago, eta horrek gogoeta sakona eta praktika berriak eskatzen
dizkigu.

Zentzu honetan, ATAko lagunen
eta manifestazioa babestu dutenen borondate ona zalantzan jarri gabe,
mugimendu berri honetatik egiten zaigun proposamena erabat desegokia
dela sentitzen dut:

Presoen aldeko borroka eta ezker
abertzalearen helburuak
bateratzeak, halabeharrez,
gizartearen zati handi bat
dinamika honetatik kanpo uzten du. Tolosaldeko Amnistiaren Aldeko eta
Errepresioaren Aurkako Mugimenduko bozeramaile batek honela zioen
ataria.info webgunean egindako elkarrizketan: “Amnistiaren
aldarria herriaren askapen sozialarekin ere lotu behar dugu. Amnistia
klase borroka ere bada. Gure irakurketa ikuspegi sozialista batetik
egiten dugu. Askapena sozialismotik emango da edo ez da emango”.
Mugimendu honetako beste bozeramaileetako batek bide beretik
jarraitzen zuen Deian egindako elkarrizketan: “Gure diskurtsoa da
ezker abertzaleak izan duen diskurtsora gehiena hurbiltzen dena”.
Garai bateko ikur eta leloak berreskuratzeak, eta Amnistiaren
aldarrikapena lehen lerroan jartzeak ez du eraginkortzen presoen
aldeko borroka, alderantziz baizik. Ez dut uste mobilizazio hauetara
aurrez presoen aldeko mobilizazioetan egon ez den inor joango denik.
Beraz, ez da baliagarria jende gehiago erakartzeko. Oso koherentea,
zilegia eta justua da aldarrikapena. Baina ez da eraginkorra.

Mobilizazio hau ezker abertzalearen ohiko militantziari eta inguruari
egiten zaion eskaintza bat da. Eta argi gelditu da eremu honen
mobilizazioa ez dela nahikoa presoen gaian estatuak mugiarazteko.
Amnistiaren aldarrikapena gizarteratu eta eztabaidara ekartzeko
balioko du akaso, eztabaida sortu duela argi baitago. Baina
baliagarria al da gai honetan aldekotasunak bultzatzeko? Ezker
abertzalearen eremuan egon gabe, herrietan, auzoetan eta nazio mailan
presoen gaian inplikatu diren milaka lagun horien parte hartzea
espero dugu? Presoen alde mobilizatzeko Euskal Herriaren askapen
sozial eta nazionalarekin bat egin behar dutela eskatzen ari
gatzaizkie?

Presoen gaian eraginkorrak
izan behar dugu. Egoera larria da, eta larritasun honek ardura,
ardura handia eskatzen digu. Inoiz baino indar gehiago antolatu behar
dugu preso eta iheslarien itzulera ikusiko badugu.

Aurrez esan dut, oso ahul gaude borroka honetan. Presoen ildoa
berpentsatu behar dugu eraginkorra izango bada. Eraginkortasuna, ez
dago besterik. Helburuekiko eraginkortasuna.

Zentzu honetan, epe laburrean,
euskal preso politikoen
giza eskubideen lorpenak lehentasun osoa du nire ustez. Urgenteena
da , hil hala biziko egoerak daudelako
kolektiboan. Lorgarriena da, gaur gaurkoz gizartean aldekotasun
zabalena
duen eskaera baita. Eta azkenik, presoen giza eskubideen bermea
lorpen politiko izugarria da.
Lorpen politiko hori izango da azken helburuarekiko eraginkorrena
izango den urratsa. Bide horretan emandako urrats bakoitzak indartuko
gaitu hurrengoa emateko.

Bidea atzetik aurrera egin
daitekeela proposatzea zilegi da. Baina ez eskatu niri bide hori
babesteko. Areago, ez esan niri bide hori babesten ez dudalako
amnistiaren aurka nagoenik.

Gehiago