Alde Zaharreko Gaztetxearen erantzuna hiri zaintza eta proiektuak saileko zuzendariaren adierazpen publikoei

Lehenik eta behin, gure harridura jakinarazi nahi dugu Cristina Arregik obren inguruan adierazitakoaren harira: azpiegitura nagusia ez zena kaltetu alegia. Gaztetxeak aldez aurretik bazekien, birritan jakinarazi zuen bestalde.

Alde Zaharreko Gaztetxea

2017-ko urtarrilak 25

Baina, gure aipuari sinesgarritasuna murriztuz, adierazi gabeko ustezko arduragabekeriaz zama-murruak (estruktura nagusiaren parte) jaurti genituenaren zurrumurrua zabaldu zen. Hori gutxi balitz, desalojoaren aferan modu berean arrazoitu zuen udaletxeak bere burua zuritze aldera. Orain, Arregik esandakoaren arabera arrazoia genuela dirudi. Berriro esango dugu ordea, konfiantzazko arkitektoaren ikuskapenpean eta udaletxearekin adostutako planoak errespetatuz aritu ginela.
Bigarrenik, Arregik obrek eragindako ustezko bi “ondorio” aipatu ditu: batetik, obrek, segurtasun hizpideak medio, eraikinaren itxiera eragin zutela; bestetik, behin behineko lagapenaren deuseztapena kausatu zutela. Ostera, gertatukoaren analisi zabala egiterakoan, hartutako erabaki biak sorburu ezberdinak dituztela antzeman dezakegu.
Lehen lerroetan aipatu bezala, obrek ez zuten eraikinaren azpiegitura kaltetu, beraz, ez dago segurtasun hizpide nagusirik gaztetxea husteko. Aipaturiko hiru adreiluzko ilara “eskegien” arriskua ez da desalojorako arrazoi nahikoa, ezen udaletxeko teknikariek adreilu ilarak euskarritu baitzituzten desalojoaren aurretik, hortaz, “arriskua” ekidina zegoen ordurako. Gainera, obren ezagupena aldez aurretikoa izan zen udaletxearen partetik – txostenek egiaztatzen duten eran –, eta halere, afera mediatikoa bihurtzeraino ez zen gauzatu itxiera prozesurik. Oposizioko hedabideen presioa jasangaitza bihurtu zenean, tentsionamenduak gertatu ziren udaletxe gobernuaren baitan. Zenbait indar politiko, haien interesen golkorako, udaletxearen lehentasunak birplantatzea eskatu eta babesa ukatu zioten aferan. Horren harira, barne tentsioak baretu nahian akaso – edota oposizioaren presioa saiheste aldera –, behin behineko lagapenaren deuseztea sinatu zuen udaletxeak. Tentsioa eta presioa bere horretan zirauela ikusirik, “segurtasun hizpideen” argudioa baliatu zuten gaztetxearen itxiera agintzeko.
Aldi berean, gatazkaren funtsezko beste arrazoi bat azaldu beharrean gaude, autogestioa kontzeptuaren esanahia eta praktika ulertzeko modu ezberdinak. Arregik esandakoaren arabera, gaur egungo eraikineko lanak bukatzerako, udaletxeak lehiaketa publikoa deituko du gazte-espazio-autogestionatua sortzeko xedearekin. Baieztapen hau gezurtatu beharrean gaude: udaletxeak ez digu autogestioa inoiz eskaini. Areago, udaletxea legearen menpe dagoen heinean, legea hautsi ezean ezin du autogestioa eskaini. Horren jakitun, udaletxeak erdi-bideak proposatu dizkigu, kogestiotik hurbilago autogestiotik baino, autogestioa hitzaren gerizpean ezkutatu baditu ere. 
Obrak gure kabuz burutzerakoan – arkitektoaren ikuskapenpean eta adostutako planoetan oinarrituz –, barra eraiki dugunean, proiektuaren autofinantzaketa bermatzearren kontzertuak ospatu ditugunean, edota auzoko gazteria eta herri mugimenduarentzat hamaika ekimen burutzerakoan autogestioaren praktikan oinarritu gara beti; oposizio, gobernuko zenbait indar eta legediaren ustetan berriz, gure desalojoa arrazoitzeko aski delitu konplitu ditugu. Horren aurrean esan beharra dugu, autogestio ekonomikoa ezean ez dagoela autogestiorik, eta aukera hori debekatua dagoen artean, ez dugula legea haustea beste aukerarik gure proiektua defendatzeko.
Azkenik, bi gauza luzatu nahi dizkiogu alde zaharreko auzoari: lehenik, ez dezala sinetsi oposizioaren hedabideek zabaldutako, eta gobernuko zenbait alderdik elikatutako, gertakizunen bertsio fazati eta difamatzailea; bigarrenik, ez dugula inolaz onartuko 100%-nean autogestionatua ez den gazte espaziorik.

Gehiago