Alde Zaharreko bizilagun bat etxegabetze arriskuan
Duela zenbait aste, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuko kideok Alde Zaharreko bizilagun batek jasaten duen etxegabetze mehatxua salatu genuen.
Iruñerriko Kontseilu Sozialista - Etxebizitza Sindikatua
2023-ko otsailak 27
Pertsona honen aurka etxegabetze prozedura abiatu zuen etxejabeak, kontratua sinatzerakoan ezkutatu zioten informazio batean oinarrituta. Izan ere, etxebizitzaren alokairu kontratua sinatzerakoan azpierrentatzailearen izena bakarrik agertzen zen, ez jabearena, eta gure kideak ez zekien etxebizitza azpierrentatua zela. Honek eragin zuzena dauka maizterraren eskubideetan alokairu kontratuaren epeari dagokionez. Bestalde, azpierrentatzailea gestore turistikoa da, etxejabe berdinaren beste pisu turistiko bat kudeatzen duena, eta gure kidea etxegabetu nahi dute bere pisua erabilera turistikora bideratzeko.
Egoera honen atzean gaurkotasun handiko bi arazo estruktural antzematen ditugu. Batetik, turistifikazioa. Espainiar estatuko azken ziklo inmobiliarioan sakondu den joera da honakoa, zenbait auzo eta herritan eraldaketa nabarmenak eragin dituena negozio turistikoaren beharren mesedetan: hortxe ditugu pisu turistikoen eta bestelako zerbitzuen ugaritzea. Iruñeko Alde Zaharra honen ardibide argia dugu, hemen kontzentratzen baita Iruñea mailako ostatu turistikoen gehiengoa, honek dakartzan ondorio sozial eta demografikoekin. Izan ere, turistifikazioak, besteak beste, prezioen igoera dakar, eta honek baliabide ekonomiko gutxien duten pertsonak auzotik alde egitera behartzen ditu. Azken urteotan, Iruñea mailan biztanleria haziz joan den bitartean, Alde Zaharrean jaitsiz joan da. Atzerritar jatorriko biztanleen kasuan jaitsiera hau nabarmen somatu da, eta ez da kasualitatea. Turistifikazioak auzokide pobreenak kanporatzen ditu.
Beste alde batetik, etxegabetzeen arazoa dugu. Pandemia hasi zenean etxegabetzeak debekatu zirela eman ziguten aditzera, baina, neurriak neurri, errealitatea propagandari gailendu zaio. Datu ofizialen arabera, 2021ean 247 etxegabetze izan ziren Nafarroako Foru Komunitatean. 2022ko etxegabetzeen datu osatuak ez ditugu oraindik, baina antzeko bidean doaz. Gainera, badakigu, eta Sindikatuaren eguneroko jardunean ikusten dugu, datu ofizialek askoz ere handiagoa den errealitatea ezkutatzen dutela. Izan ere, ez dituzte kontuan hartzen etxegabetze estrajudizialak, agindu judizialik gabe gauzatutakoak; ezta isilpeko etxegabetzeak ere: alokairuen igoeragatik, jabeen presioagatik, etxebizitzaren kalitate eskasarengatik eta bestelako arrazoi batzuengatik haien borondatearen kontra etxetik alde egitera behartuta dauden pertsonen egoeraz ari gara.
Turistifikazioa eta etxegabetzeak egiturazko arazoak direla diogunean, esan nahi dugu ezin direla gainditu haien egiturazko kausak eraldatu gabe. Gaixotasunaren sintomak borrokatzea ez da nahikoa, gaixotasunaren sorburuari ez badiogu aurre egiten. Eta gaixotasunaren sorburua etxebizitza merkantziaren logikaren menpe egotea da. Etxebizitzarako sarbidea gure diru-sarreren zein posizio sozialaren mendekoa den bitartean, etxegabetzeek jarraituko dute, eta sektore turistikoaren interes ekonomikoek hala galdegiten duten bitartean, turistifikazioaren gurpila ez da geldituko.
Amaitzeko, datozen asteetan gure kidearen etxegabetze mehatxua gelditzeko lanean jarraituko dugu ekimen ezberdinen bitartez. Gizarte eredu kapitalistak etxebizitzaren esparruan eragiten dituen ondorio lazgarriei aurre egitea baita Etxebizitza Sindikatuaren asmoa, ahaztu gabe gizarte eredua bera dela aldatu beharrekoa, arazoa etengabe erreproduzitzea nahi ez badugu. Lortzen dugun garaipen txiki bakoitza norabide horretan emandako aurrerapauso izan dadila. Horri deitzen diogu autodefentsa sozialista.
Turistifikazioa gelditu. Etxegabetzeekin amaitu. Autodefentsa sozialista antolatu.