Ahuntz neoliberala murrizketen betiko larrera

Nafarroako aldaketarako gobernuarekin bi urtez negoziatzen eta mobilizatzen aritu ondoren, UPNren azken gobernuak (PSNrekin koalizioan), Hezkuntza Publikoari ezarritako murrizketa basatien zati bat bertan behera gelditzea lortu zen, eta 2018an Nafarroako Irakaskuntza Publikoa Hobetzeko Ituna sinatzea erdietsi zen.

Maider Lasa Artieda eta Raul Lopez Ekai , STEILAS

2020-ko maiatzak 22

Nafarroako egungo Gobernua osatzen duten alderdi guztiek ituna betetzeko
konpromisoa hartu zuten, eta gobernu-akordio programatikoa ere izenpetu zuten, non jasotzen ziren
BPGren % 5eko inbertsioa Hezkuntzan eta eskola segregazioaren aurka borrokatzea, hezkuntza publikoa
hobetzeko beste alderdi batzuen artean. 

Murrizketak gainditzeko bide hori 2019ko hondarrean eten zen, Nafarroako Gobernuak erabaki zuenean
ituna garatzeko baliabide nahikorik ez jartzea 2020ko aurrekontuetan. Era berean, maiatzean prestatzen
dira hurrengo ikasturterako plantillak, eta une horretan irakasleek egiaztatzen dituzte beren
ikastetxeetan eta irakaskuntza lanean izanen dituzten ondorio kaltegarriak, 57 eta 60 urterekin
adinagatiko murrizketarik ez izatea, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritza
orduak ez konpentsatzea. Plantilla horiek are gehiago murriztuko dira Entzumena eta Hizkuntza,
Pedagogia Terapeutikoa eta Orientazioa espezialitateetako orduak gutxitzean. 

Hori gutxi balitz, alarma-egoera hasi zenetik ordezkapenak nabarmen murriztu dira, ustezko arazo
teknikoengatik, eta, beraz, gainerako irakasleen irakastorduak % 35era arte igo daitezke, aintzat hartu
gabe irakasle gehienek urrutiko hezkuntzarekin izandako lan-ordutegiaren igoera, eta telelana eta
mendeko senideen arreta uztartzeak dakartzan zailtasunak. Gainera, ordezkapenak egitetik bizi diren
irakasle asko langabezian gelditu dira, udan kobratzeko aukerarik gabe. 

Baina lazgarriena datorren ikasturtean gertatuko da. Esan digutenez, gehienez 15 ikasle egonen dira
gela bakoitzean, baina ez da espazio alternatiborik erabiliko eta, oraingoz, 2 milioi euro baino ez daude
errefortzuko kontratazioetarako. Horrela, talde gehienetan, ikasleek eskola-denboraren erdia hartuko
lukete ikastetxean, bi azpitaldetan banaturik. Hartara, irakasleek lanaldi bikoitza egin beharko lukete,
aurrez aurrekoa eta telematikoa, eta izugarri zailduko luke familien lanaldia eta eskolaldia bateragarri
egitea. 

Borondate politikorik baldin badago, udalekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean espazio
alternatiboak bila daitezke, eta horiek irailera arte falta diren hilabeteetan egokitu daitezke. Bestalde,
ezinbestekoa da askoz irakasle gehiago kontratatzea, kudeaketa-sistema integratu baten bidez, ratioak
jaisteko. Halaber, nahitaezkoa da hezkuntza-plataforma telematiko publiko bat garatzea, berdintasuna
ziurtatzeko eta datuak erauzteko negozioa eta multinazional teknologiko handien kapitalismo zelataria
saihesteko, azken horiek, bide batez, ez baitute zergarik ordaintzen Nafarroan. 

Gainera, hezkuntza publikoan inbertitzeko baliabide gehiago sor daitezke, bankuei eskatuz zor ez-zilegia
eta itzalpeko bidesariak, zerga iruzurraren aurka borrokatuz, zordun berankor handiei zorrak kobratuz,
azpiegitura faraoniko ekozida eta alferrikakoak geldiaraziz, gastu militarrak eta estatuaren zor publikoa
ordaintzeari uko eginez eta kapitalari askoz ere zerga gehiago bilduko dion bidezko fiskalitatea ezarriz. 

Nafarroako Gobernuak bi aukera ditu: hezkuntza ituna betetzea eta eskola publikoan inbertsioa
handitzea, edo Barcinaren agintaldian PSNk PPrekin eta UPNrekin partekatu zituen murrizketen bideari
jarraitzea; baina beldur gara ahuntz neoliberala murrizketen betiko larrera joanen joanen ote den.
Horregatik, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate guztiak aldarrikatzea ituna bete dadila, eta
mobilizatzea beharrezko neurriak lortzeko 2020-21 ikasturtea aurrez aurrekoa eta arrakalarik gabekoa
izan dadin, behar diren osasun bermeak ere hartuko direlarik.

Gehiago