AHTren egoera Nafarroan
Azken asteetan AHTren gaia pil pilean dago Nafarroan, Nafarroako Gobernua eta Sustapen Ministerioaren akordio ezari esker.
ELA: Maria Balda, LAB: Roxika Iriarte, STEILAS: Amaia Zubieta, CGT: Maura Rodrigoeta ESK: Iratxe Alvarez.
2017-ko urriak 27
AHT espainiar Gobernuaren eskumena da. Baina
Nafarroako Gobernuak bere egunean espainiar
Gobernuarekin konbenio bat sinatu zuen, zeinaren arabera
obra betearaztea Nafarroako Gobernuaren esku geratzen
zen, ondoren espainiar Gobernuak Nafarroakoak
aurreratutako dirua itzuliz.
Egungo Nafarroako Gobernuak aurrekoa ordezkatuko duen konbenio berri bat sinatzea
proposatu du, proiektuaren nondik norakoak batere zalantzan jarri gabe. Halaber, Nafarroako
Gobernuak AHTren konbenioaren sinadura Estatua eta Nafarroaren arteko Konbenio
Ekonomikoaren sinadurarekin baldintzatu nahi du. Geroa Baik gobernua osatzen duten
gainontzeko alderdiekin dituen desadostasunak direla eta, Nafarroako Gobernuaren 2018ko
aurrekontuan AHTrentzat diru partida bat sartzea arazo politiko bihurtu zaio. Horregatik aurten
Villafranca-Olite eta Olite-Peralta tarteen lizitazioa, eta 2018an obrak Estatuaren esku geratzea
nahi zuen Nafarroako Gobernuak.
Bitartean, Sustapen Ministerioak, AHTren konbenioa
eta Konbenio Ekonomikoaren negoziazioak banandu nahi
izan ditu. Nafarroako Gobernuari indarrean dagoen
konbenioan adostutakoa betetzea exijitu dio. Hau horrela
izanik, Nafarroako Gobernuak aurten hurrengo bi tarteak
esleitu eta hurrengo urteko obrak aurrera eraman beharko
lituzke, hau bermatzeko aurrekontuan diru partida bat
sartuz.
Baina guk ez dugu eztabaida termino hauetara
mugatu nahi, gure ustez azaleko eztabaida delako.
Haratago joan eta gaiaren muina salatu nahi dugu: Obrak
aurrera eramateko erantzukizuna batarena edo bestearen
izanda ere, AHT inongo justifikazio ekonomiko eta sozialik
ez duen proiektua da, ingurumen ikuspuntutik astakeria,
eta ez da inola ere interes orokorrekoa.
Azken aldiko gatazka, lanak aurrera eramateko
ardura norena den eztabaidatzera mugatzen da. Argi
erakusten dute AHT eraikitzeko adostasuna dutela.
Justifikazio politiko hutsa ematen diote proiektuari
estrategikotzat joz, nahiz eta inongo errentagarritasun
ekonomiko, sozial edo ingurumenekorik ez izan. Are
gutxiago AHTk aurrekontuetan dituen diru partidak
benetako beharrak dituzten beste arlo batzuetatik kentzen
badira, besteak beste, osasungintza, hezkuntza edo
gizarte zerbitzuetatik.
Honek, interes orokorraren aurka doan
proiektua izanik, gizarteko maila pobreenetatik
aberatsenetara zerga bidez egiten den transferentzia bat
suposatzen du. AHT eraikitzea ingurumenaren guztiz
aurkakoa da, hainbat arlotan eragin izugarriak dituena
(habitatak eta bioaniztasuna suntsitzea, lur emankorrak
okupatzea, inpaktua paisaian, zaratak, bibrazioak,…).
Lurraldearen zatiketan duen eragina ere izugarria da,
orain arte trenaren bitartez loturak zituzten hainbat
zonalde loturarik gabe utziko baititu.
Arrazoi guzti hauengatik, AHTren aurrean izan
daitekeen jarrera arrazoizkoena proiektua gelditzearen
aldekoa da. Beharrezkoa da Nafarroako trenbide sarearen
inguruko eztabaida bat izatea, non gizarte osoak parte
hartuko duen. Eztabaida honek Nafarroako gizarteak
benetan dituen beharrak plazaratu behar ditu: Zer nahi
dugu? Lurraldea lotuko duen trenbide sozial, iraunkor eta
errentagarria? Ala zentralizazioa bilatzen duena, irizpide
politikoetan oinarritutakoa, errentagarritasun azterketarik
gabea, eta garestia den trena?
Sinatzaileok argi daukagu: proiektu bat garatzearen ondorioak Nafar hiritarrok jasan
behar ditugunez, ze tren mota nahi eta behar dugun galdetu beharko ligukete. Gure iritziz ez da
bidezkoa AHTa inposatzea. Ondorioz ,erabakia herriak har dezan exijitzen dugu.