AHT-a estatuan: 25 urteko arpilaketa
92-ko apirilean gaude. Beste espoliazioa suposatu zuen EXPO’92-aren hasierarekin batera Espainiako estatuan AHTaren lehen linea inauguratu zen, Madril eta Sevilla artekoa, mundua liluratzeko asmo bakarrarekin.
Mattin Hiriberri (Iruñerriko AHT gelditu! Elkarlana)
2017-ko maiatzak 1
Berriki, Mariano Rajoy egungo gobernuko presidenteak AHTaren 25garren urteurrena hitz
hauekin gogora ekarri zigun: “AHTaren 25 urte hauek arrakasta kolektibo baten historia
dira”.Argitu beharko genuke presidenteak aipatzen duen kolektibitate hori ez dela estatu hau
osatzen duen populazio jasankorra, bere enpresa, ekonomia eta finantzia eliteak baizik,
azpiegitura honekin onurak izan dituzten bakarrak.
25 urte hauetan 3.240 km. AHT burutu dira eta beste 1.500 gehiago egiten ari dira. Horrek
suposatzen du China ondoren, munduan espainiako estatua dela AHT km. gehien duena, eta
biztanleko zein km. kuadroko AHT km. gehien duena, bidaiari kopuru oso eskaxa izan arren.
Hori bai, faktura garestia atera da: 51.775 milioi € eta odolusteak ez du etenik.
Nork sustatu du halako erokeria? Gaztela-Leon, Galizia, EAE, Asturias, Katalunia eta Murtzian
atzemandako eroskeria sare potoloak, zeinaren ondorioz 14 auzipetu dauden, nola Barcenasen
paper famatuek dena argitzen digute. Erantzuleak bi dira: Lehenik eta behin, Espainiako
estatuko eraikuntza lobby indartsuaren papera erabakiorra dela azpimarratu behar dugu.
Munduko eraikuntza empresa poteretsuenen artean Espainiako batzuk daude. Honek azaltzen du
zergatik estatu hau den Europan autopista eta autobía km. gehien duena ( hauetako asko oso
trafiko eskaxekin eta diru publikoak erreskatatuta) eta zementu gehien esportatzen duena. Lobby
honek estatuko garraio azpiegitura politika inposatzen du eta horren baitan, AHT gero eta km.
gehiagoren hedapen eroa.
Bigarrenik, poterean dagoen klase politika ustela dugu, euren enpresa lagunei lanak esleitzen
dizkiena diru sari potoloen truke. Politikari hauek, gainera, inolako gastu-onura ikerketarik
gabe, AHTaren lanak aitzina eraman dituzte “aurrerabidea” eta “modernitatea” bezalako fetitxe
hutsaletan oinarrituz, politika honek hauteskunde-etekin handiak ematen dituela jakitun.
Amildegiranzko lasterketa zoro honetan, probintziako hiriburu guztiek AHT geltoki arrandiatsu
bat nahi zuten euren konplexu probintzianoa uxatzearren, zein baino zein handiagoa, herrialdeen
arteko lehia zitala sortuz. Gainera, hiriburuetan AHTaren etorrerarekin batera pelotazo
urbanistiko itzelak burutu dira, batzuk eldarnioaren goia jo dutenak. Esaterako, Guadalajarako
geltokia, hiriburutik 10 km.ra dagoena, eguneko 70 bidaiari dituena. Haren ondoan Esperanza
Agirreren senarraren lur sailean 34.000 biztanleko luxuzko urbanizazioa eraiki zen eta egun
2.000 bakarrik bizi dira.
Lardaskeria eta inprobisazioa nagusi izan dira AHTaren garapenean, kasu lazgarri asko
dagoelarik. Adibidez, Toledo-Cuenca- Albacete zerbitzua, 9 bidaiariendako 18.000 €/ eguneko
gastua zuena, 2.011urtean bertan behera gelditu zena; edo Leon-Asturias tartean dagoen Pajares
tunela, 12 urteko lanen ondoren bere 1000 milioi €ko aurrekontua hirukoiztu duena. Akuifero
garrantzitsuak zulatu dituenez Leondik Asturias aldera 2000 l/segunduko trasbase izkutua eragin
du eta oraindik ez dakite martxan jartzeko aukera izango ote duten.
Honaino iritsita, interesgarria da gogoraraztea egun ez dagoela ospe handiko ekonomilari bakar
bat ere AHTaren eraikuntza defendatzen duenik. Izan ere, inolako lineak ez du errentagarritasun
niminorik ere, ez ekonomikorik ezta sozialik ere, bidaiari gehien dituen Madril-Bartzelonako
tarteak ezta ere. Honek esan nahi du ezta línea bakar batek ere ez duela sekula inbertitutako
dirutza berreskuratuko. Zulo ekonomiko honek hipoteka ikaragarria suposatuko die datozen
belaunaldiei. Eta okerrago, EAEra datorren líneak, euskal “Y”a barne, bere inbertsioa
berreskuratu ez ezik, bere ustiakuntza komertziala ere defizitarioa izanen du, alegia, martxan
mantendu beharko da zergen bidez. Hau guztia ongi isalatzen da ADIF eta RENFEren artean
metatu duten 18.000 milioi €ko zorran. Espainiako Kontu Auzitegia berak ere ohartarazten
digu: ”epe luzean AHTaren bidegarritasun ekonomikoa kolokan dago duen zorpetze handia dela
eta”.
AHTan inbertitutako gastu itzelak murrizketa sozialak areagotu ditu. Azken urteotan AHTaren
inbertsioa eta murrizketa sozialen zenbatekoaren arteko antzekotasun handia jaso da.
Horrenbestez, AHTak aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituela dioen propaganda ofiziala
gezurtatuz, Espainiako estatua da Europako langabezia tasa eta lan prekarietate handienetako
bat, gastu sozial txikienetako bat eta mundo mailan, zor publiko gehien pilatu duenetako bat,
kopuru orokorretan zein biztanleko.
AHTaren eraikuntza lanak nagusiki azpikontratazioaren bidez burutzen ari dira, etorkinen esku-
lan prekarizatuaz baliatzen direnak. Askotan euren jatorriko herrien lan komenioen araberako
kontratuak egiten dizkiete. Lan jarduera neketsuen ondorioz, heriotz tasa handiak jasotzen ari
dira ( dagoeneko, estatuan 50 baino gehiago eta EAEn 6)
Bestalde, AHTa ohiko trenaren etsai amorratuen bilakatzen ari da. Nahiz eta trenaren
erabiltzaileen %6 baino ez diren AHTaz bidaiatzen, ia ia trenaren aurrekontu osoaren % 70
AHTra bideratzen da. AHTaren linea berri bat inauguratzen den bakoitzean, linearen ohiko
zerbitzu gehienak kentzen dira edo linea bera desagertzen da. Azken urte hauetan ohiko trenaren
3.000 km. inguru galdu dira. Honi gehitu behar zaio AHTren mantenu lanak ohikoarenak baino
%70 garestiagoak direla: 100.000 €/km.ko/urteko, alegia. Horrenbestez, lurraldearen
antolaketaren aurkari bihurtzen da, bidaiari asko errepidera bideratzen eta merkantziarik
garraiatzen ez dituena. Gainera, 2020rako iragartzen ari den sektorearen liberalizazioari begira,
bildur gara eragile pribatuek linea errentagarrien etekina jasoko duten bitartean, estatuak
azpiegituraren eraikuntzak suposatu duen diru galera atxikiko ez ote duten. Hau guztia gutxi ez
eta, erreskatearen bidez seguraski ordaindu beharko ditugu Espainiako hainbat enpresen
abentura zoroak, esaterako Meka eta Medina bitarteko linea ezinezkoa, egun hondarrean
hondoratuta.
Laburbilduz, AHTa botere tresna klasista dela esan dezakegu. Pobreek eraikia, pobreen diruz
ordaindua empresa eta ekonomia eliteen mesedetan; gainera, aberatsek bakarrik baliatzen ahal
dute, txartelaren prezioa pobreek ezin bait dute ordaindu. Bestalde, bere mantenua zergen bidez
pobreek ordainduko dute, berauek erabiltzen duten ohiko trena baztertzera kondenatuta dagoen
bitartean.
Azkenik, EKOPOLek berriki argitaratutako txostenak argi eta garbi demostratzen duen bezala,
AHTa inolaz ere ezin da justifikatu energía aurrezteko eta negutegi efektuko gas isurketaren
murriztaile gisa, alderantziz baizik. Honi lotzen ba zaio lurraldean sortzen duen txikizio
erabatekoa, ez bakarrik igaro bidean, AHTa bihurtzen da egun dugun eraso eraginkorrenetako
bat. Beste faktore askorekin bat eginda, AHTk abiada biziz eta itzulera gabeko bidaia batean
eramaten gaitu gero eta ahots gehiagok ohartarazten diguten zibilizazio kolapsorantz.