Agur eta ohore!

Pasa den ostiralean, turkiar dron batek hil zituen Qamishlo herrira bidean (Rojavan) Jiyan Tolhildan YAT komandantea, Roj Xabûr YPJ komandantea eta Barin Botan burkidea.

Jose Javier Oses "Jotas" (Kurdistango 2022ko Lan Brigada Internazionalistako kidea)

2022-ko uztailak 26

Odolak jarraitzen du isurtzen, eta Rojavatik tantaz tanta iristen da informazioa, eskualde honek jasaten duen blokeoa dela eta. Eskualde honek suposatzen duen «minbizi libertarioaren» hedapena saihestu nahi dute, ez bakarrik herri kurdu guztiarentzat, baita munduarentzat ere.

Eskualde hau, gerra-testuingurua pairatu arren, bere burujabetza eraikitzen ari baita eguneroko praktikan Estatuak eta kapitalismoa gainditzeko, besteak beste, demokrazia erradikal, feminista eta ekologikoa garatzen, kooperatibismo eraldatzailean errotutako ekonomia komunalean oinarritua. Rojava etnia, sinesmen eta ikuspegi politiko ezberdinen arteko elkarbizitza eredu bihurtu da, Ekialde Hurbileko gizarteentzat ez ezik, mundu osoko herrientzat ere irtenbide bat aurkeztuz.

Horregatik ezabatu nahi dute Rojava mapatik armen indarrarekin eta komunikabideen isiltasunarekin.

Baina horregatik ere Kurdistango herri antolatu eta batua eredu hori ezarri nahi du Kurdistango gainerako lurraldeetan. Bashurren egin ditugun bisita anitzetan egiaztatu ahal izan dugunez (behean dituzue argazkiak), Rojavak guztiontzat adierazten duen borrokaren hari komunera batzen dira hainbat erakunde eta pertsona.

Amaitzeko, Rojavaren existentzia berak suposatzen duen eguneroko Iraultza ezagutzera eta informatzera gonbidatzen zaituztegu, eta defendatzera ere. Zeren horretarako modu anitz daude:
– Hashtag kanpaina ezberdinetan parte hartzen (#10yearsRojava edo #NoFlayZone4Rojava).
– Latitude horietatik iristen den informazioa zabaltzen.
– Turkiaren eta NATOren alde egiten duten gainerako herrialdeen interesak boikotatzen eta saboteatzen.
– Gure herrien egunerokotasunean “demokrazia erradikal, feminista eta ekologista batean oinarritutako eta kooperatibismo eraldatzailean errotutako ekonomia komunalean oinarritutako” iraultza garatzen.

Galeanok adierazi zuenez, sute txikien itsaso batek soilik argi dezake iraultza globala.

Gehiago