4 urteko gerra Europan, morituri te salutant eta beste albo-kalte batzuk

Blas J. Simón, Gabriel Rodríguez

Gerrarik ez Plataforma

2026-ko urtarrilak 30

Sarrera:
Munduko Gobernantzaren aldaketa bortitzek Europako eta Munduko posizio geopolitikoetan desoreka eragiten ari dira. Europar Batasunaren kasuan, gerra etsi gabe mantenduz, askatasunei eraginez, hedabide informatiboak eta talde sozialak zentsuratuz eta armamentu-kontuetan bere eskumenekoak ez diren erabakiak hartuz eta Errumania, Georgia, Moldavia eta Poloniako hauteskundeetan inolako lotsarik gabe esku hartuz.

Hiru gerra-gatazka, Europan (Errusia eta Ukraina-NATO), Ekialde Hurbilean, Israel-AEB guztien aurka, eta Afrikan, Sudan, Somalia, Kongo eta Saheleko gerra amaiezinek hartzen dituzte informazio gehienak, baina intentsitate handiagoko edo txikiagoko beste 50 gerrek munduan zehar jarraitzen dute. AEBek, jada mozorrorik gabe, Venezuelari, Nigeriari eraso egiten diete militarki edo Israelen alde Irani eta Siriari, eta Groenlandia, Kuba, Mexiko eta Kolonbia mehatxatzen dituzte.
Herritarrok ustekabez ustekabe goaz, eta argi geratzen da gure agintari hautetsien erabakiak Korporazio Multinazionalen interesen mende daudela, kontrolatzen dituzten Estatuak ordezkatuta.

NBEn ordezkaritza duten herrialde gehienek gerren eta erasoen aurkako jarrera azaltzen dute etengabe, Segurtasun Kontseiluak bere betoekin Bakerako jarduketak eragozten ditu. “Europako lorategian”, joan den mendeko sarraskirik basatienen agertoki pribilegiatuan, ez dago modurik Europarako Bake eta Segurtasun Plan bat abian jartzeko. Antzinako Inperioek ez diete uko egiten beren politika gerrazaleei. Ez NATOk ezta Varsoviako Itunak ere ez zuten egonkortasun hori lortu, eta bien desagerpena ezinbestekoa da politika berri batek egonkortasuna bermatzeko, Kazakhstandik Irlandara eta Finlandiatik Ziprera, herri bakoitzaren aukera askea errespetatuz eta ekonomia, gizarte eta kultura-lankidetza bultzatuz.

Jazoera batzuk:

EBren eta NATOren burugogorkeriak Ukraina odolusten du eta kontinente osoa pobretzen du, Errusiaren eraso batekin eta III. Mundu Gerra Nuklear batekin amets egiten du, eta politika desberdinak aplikatzen ditu erasotzailea edo erasotua nor den kontuan hartuta, Nazioarteko Legezkotasunari eusteko.
Europarroi Shockaren doktrina aplikatu zaigu, gerra saihestezina da eta, beraz, mota guztietako murrizketak onartu behar dira; derrigorrezko soldaduskara itzultzea, informazio-zentsura (hedabideen debekua), inflazioa eta ekoizpen-kostu handiak, enpresen deslokalizazioa eta industria, nekazaritza eta ingurumen-arloko politika alderraiak.

Plan horietarako behar diren baliabide ekonomikoak Larrialdi Klimatikoaren aurkako, Agenda Berdearen eta era guztietako gizarte-programen (berdintasuna eta diskriminaziorik eza, gizarte-segurantza, etxebizitza, migrazioa, osasuna eta hezkuntza) borrokatik kentzen dira.

Gatazka-guneetako egungo estatu gehienak banaketa kolonialen edo XX. mendeko gerren ostekoen ondorio dira, eta horietako asko ez zeuden edo ez zuten egungo konfigurazioa, nahiz eta jadanik jendea bizi zen. Ukraina eta errepublika sobietar ohi gehienak historikoki desiratuak izan dira beren baliabideengatik, estrategia kolonialekin edo gerrekin.

Askatasunari, demokraziari eta abarri buruzko erretorika guztiaren atzean baliabideen aldeko borroka dago, potentzia kolonial zaharren eta AEBren, aktore berrien (BRICS) eta horien jabeen artekoa.

Gerra-gastuaren igoera Europan:

Armetan 800.000.000.000 € gastatzeko EBren erabakiari dagokionez, gobernu eta komunikabide handi gehienek ontzat ematen dute, Errusiak 5 urtean eraso eginen baitigu. Ez da azaltzen zein izan diren zenbateko horri NATOrentzat BPGren %5 gehitu behar zaion kalkulu-irizpideak, eta hortik akuilatzen da herrialdeek gastu soziala murritz dezaten arma-gastuei aurre egiteko.
EB eta Erresuma Batuaren artean jada Errusiaren bikoitza gastatzen badugu, nora joan da dirua?

Europako metalaren eta ibilgailuen konpainiak gerra-industriara birmoldatu nahi dira finantzaketa horrekin, eta erabilera bikoitzeko produktu eta teknologien fabrikazioan konpainia teknologikoak sustatu. Kopuru horren zati bat etekinen ordainketa da armamentu-enpresen jabeei eta horiek finantzatzen dituzten bankuei. 80.000, 160.000 milioi euro edo gehiago izanen dira, norbaitek, orain lobby-a egiten ari dena eta iritzi publikoa xaxatzen ari dena, poltsikoratuko duena.

Hau guztia kritikoa eta existentziala bada, metal-enpresa guztiak, ibilgailuetakoak, energiakoak, meatzaritzakoak, teknologiako guztiak eta finantzatzen duen bankua nazionalizatu egin beharko lirateke.

Espainiaren jarrera, NATO vs demokrazia:

Hemengo gehienek ez dute ezta arriskurik ikusten, eta ahazten dute 1936ko kolpe militarraren osteko laguntza bakarra SESBrena (URSS) izan zela. Gaur egungo gure aliatuak NATOn edo Italia eta Alemania bezalako kolpistekin borrokatu zuten edo beste alde batera begiratu zuten, AEB, Frantzia eta Erresuma Batua bezala.

1949an sortutako NATO ez da demokraziaren bermea, ezta AEBak ere, 1960an beren base militarrak hemen jarri zituztenak, ez zutenak ezer egin Espainia, Portugal edo Greziako diktaduren aurka, baina bai egin zituzten negozioak hemen eta munduko gerra gehienak eragin.

Ez dakigu Espainiak zenbat gastatzen duen armetan, ofizialki BPGren %2 baino gutxiago, baina “Tortuga” talde antimilitaristak kalkulatu du, kamuflatutako partida guzti-guztiak gehituta, ia Ministerio guztietan, %5etik %6ra doala gastua.

Sanchezek milaka milioi konprometitu ditu Ukraina laguntzeko, soldadu espainiarrak barne, Parlamentua aintzat hartu gabe, hainbat eta hainbat bileratan herrialde gerrazaleenen jarrerak onartuz eta edozein bake-akordio saihesteko ezinezkoa dena eginez.

Morituri te salutant edo azken ukrainarra arte:

Palestinaren alde aktiboki mobilizatu den biztanleriak Europako gerraren kasuan paso egin du, amaierarik eskatu gabe.

4 urteko gerraren ondoren, ez dakigu zenbat pertsona hil diren bi aldeetan, zenbat dauden zaurituta, elbarri eta zenbat diren hondatutako bizitzak, ondorioak belaunaldiz belaunaldi pairatuko dituzte. Baina gerra eta ondorengo berreraikuntza negozio handia dira, kontratatzeko muga legalak beheratzen dira eta beti dago norbait egoera aprobetxatzen duena aberasteko.
Azken belaunaldiko drone horietako bat jaurtitzen den bakoitzean, misil bat, hegazkinak hegan jartzen diren bakoitzean edo tankeek edo infanteriak erasotzen duten bakoitzean, etsaiari hildakoak eragiteko asmoarekin egiten da, azpiegiturak suntsitzeko eta/edo herritarren artean izua zabaltzeko.
Gerraren hasieran txalotzen zen “azken ukrainarra arte” leloak kezkatu egin behar gaitu, haien ondotik besteak goaz.

Bake justu eta iraunkorra, zer da hori?

Liskarren amaiera negoziazioaren bidez edo etsaiaren erabateko suntsipenaren bidez baino ezin da lortu; guk lehen aukeraren alde egiten dugu, aldeei segurtasuna emanez eta gerra eragin zuten gatazkak konponduz.
Europa ekialdea, historikoki, herrien nahasketa bat izan da, inperio edo estatu ezberdinetara aldiro aldatzen zirenak. Gutxiengoen eskubideak errespetatzeak eta autodeterminazio-eskubidea aitortu eta babesteak gatazka asko saihestea ahalbidetuko zukeen. Gauza bera gertatzen da Ekialde Hurbilean eta Afrikan.

Etengabeko ezegonkortasunak kalitate demokratikoa gutxitzen du, tokiko oligarkien eta mendebaldeko funtsen bidezko ekoizpen-bitartekoen ustelkeria eta besterentzea bultzatuz. Bi eredu aurrez aurre daude, antzinako jabe kolonialak eta potentzia emergenteak (BRICS). Egoera berria aitortu eta birplanteatu beharrean, gero eta karta gutxiago dituen ordagoari eusten zaio. Kontzientzia hartu behar da eta mobilizatu, estatuak eta EB gobernatzen dituzten talde ekonomikoen boterearekin amaitzeko, muturreko egoera batera eramaten baikaituzte.

Gerra-dinamika hauek indargabetzeak, behingoz, benetako mundu-arazoetan zentratzea ahalbidetuko luke, hala nola garapen orekatuan, migrazio-arazoen eta lekualdatuen konponbidean eta Larrialdi Klimatikoan. Horiek guztiek guztion lankidetza behar dute, eta hor bai, gizateriaren etorkizuna dugu jokoan.

Gehiago