34 herri, 113 hautetsontzi, 37.000 boto. Eta orain zer?
Zorionak. Abiatu dugun erronka honek arrakastarik badu, eta izango du. Pasa den ekainaren 5ekoa aro berri baten irekierarako urrats izugarri gisa geratuko da denon buruetan. 34 herri "soilik" ziren, 113 hautetsontzi eta 37.000 boto. Bide luzea dugu egiteko 125.000 balizko boto-emaileren eremuan jarritako haziak 3.000.000ko herri honen erabakiari erantzun diezaion.
Gure esku dago
2016-ko ekainak 20
Zorionak esan
behar diegu Angel eta biok, Zelai eta biok, lanean aritu diren ehunka
boluntarioei, zorionak lehen aldiz biharko Euskal Herriaz botoa eman ahal izan
duten 37.000 herritar horiei eta zorionak 34 herri horietako 150.000 biztanleei,
erabakiaren aroa normaltasunez eta jai giroan gauzatzea ahalbidetu dutelako
denek, denek.
Bi modutara, gutxienez, balora ditzakegu ekainaren 5eko emaitzak, mobilizazio
ikuspegitik eta galdeketa baten perspektiban. Harritu gaitu, onerako, bigarren
horri heldu zaiola hedabide eta herritar gehienen artean. Hori bera oso
garrantzitsua dela uste dugu, erakusten baitu herritarrek antolatutako galdeketa
bati aitortzen zaion zilegitasuna, badela modurik eta erarik herritarrek elkarrekin
prozesu adostu bat bideratu eta hautetsontziak kalean jartzeko.
%95ak bai erantzun zien estatu burujabe/independente galderei, 1.385
herritarrek ezezko botoa eman zuten. Alegia, galdeketa hauek nagusiki baiezko
botoa mobilizatu dute. Puntu honetan, nabarmendu behar dugu Gure Esku
Dagok berebiziko indarra egin asmo duela hurrengo hilabeteetan ezezko botoa
emango luketenak ere erabakiaren arora batzeko. Erabakia gauzatuko bada,
ezinbestekoa da denon parte hartzea. Emaitzen balorazioan ere kontuan
hartzeko datua dela uste dugu, normala baita abiapuntuan egoera aldatu nahi
duten sektoreen artean egotea mobilizazio handiagoa, eta agerikoa da galdetu
den eremuan ezezkoen kopurua askoz ere handiagoa izango litzatekeela
galdeketa loteslea balitz. Kontuan hartzekoa da ere, 18 herritan %40tik gorako
parte hartzea (txikienetan %70 ere gaindituz) izan dela eta herririk handienetan,
instituzionala ez den galdeketa batek informatzeko, bere berri hedatzeko,
zailtasun gehien duen eremutan, soilik, jaitsi dela %20tik. Zereginen motxilara
batu ditugu datu horietako asko, noski, baina elementu hauek denak kontuan
harturik, eta autokonplazentzian erortzeko izurik gabe, helburuak beteta eta
oinarri sendoa jarrita utzi du ekainaren 5ak.
Dinamika hau 150.000 herritarrek osatutako irribarre erraldoi batekin sortu zen.
Dena laudorio, dena handi eta dena eder marraztu genuen orduan. Baina egun
horretan bertan esan genuen kontu bat ekarri nahi dugu gogora, handia zela
egin genuena baina euskal herritarren %5a, mobilizaziora deitutakoen %5a,
ginela irribarre hori osatu genuenak eta ondorioz izugarrizko bidea genuela
egiteko. Orain, dinamika honek neurgailua ez du jarri mobilizazio ikusgarrietan,
neurgailua orain gure egiazko herrian, herritar denengan jarri dugu eta
deitutakoen %30ak bere egin du erronka. Mobilizazio ikuspegi batetik
nabarmendu beharreko jauzia dela agerikoa da.
Etxarri-Aranatz eta Arrankudiaga-Zollon jarritako kimuaren atzetik iritsi dira 34
herri hauetako galdeketak. Zergatik horietan? Eremurik “errazena” pentsatuko
dute batzuk. Erabakiaren bidean ez da pauso errazik, gogoz lan egin behar
izan da herri horietako bakoitzean urte luzez elkarri bizkar izan diren herritarrak
elkarlanean jartzeko eta dagokien aitortza merezi dute Hitzartu, Erain
Debagoiena, Geuk Erabaki eta Elkarrekin dinamikan lanean aritu diren guztiek.
Uste dugu garrantzitsua dela puntu honetan Eskura prozesuaren baitan
ezarritako ardatzen zertzelada batzuk gogoratzea. Galdeketak horretarako
nahikoa adostasun dagoen eremutan sustatzen ari da Gure Esku Dago,
oraindik halakorik ez dagoen lekutan urrats bat emateko proposamenak egin
dira, berandu baino lehen bide berari ekiteko. Hitzekin baino aurreko
asteburuan eta honetan bertan hamaika lekutan ikusi dugu diogunaren
adierazlea.
Ekainaren 5ean hautetsontziak jartzeko modua ikusi zuten 34 herritan. Iaz,
Goierrin, Diman eta Ispasterren egingo zituztela galdeketak genekien. Eskura
prozesuaren harira, Azpeitian, Debagoienako herrietan eta Araban Aramaion
bide berari aurten bertan ekiteko nahikoa adostasun bazutela ikusi zuten tokiko
herri batzordeek, antzeko ikuspegia nagusitu zen ere Sakanako Bakaikun.
Espainiako hauteskundeen errepikapenak kezka sortu zuen herri horietan
guztietan. Azkenean Goierrin, Ispasterren, Azpeitian, Aramaion eta
Debagoienan kanpainaren zirimolatik ihes egin eta ekainaren 5era aurreratzea
erabaki zuten, Diman eta Bakaikun udazkenera atzeratzea egokiago zela
erabaki zuten. Uste dugu garrantzitsua dela erabaki horiek non eta nola hartu
diren adieraztea, erabakiaren aroak tokian tokiko hausnarketa eta erabakien
neurrira jardutea eskatzen baitu eta horrek erakusten baitu zergatik izan diren
lehen 34 galdeketak herri horietan eta ez beste 34etan. Sustatu nahi dugun
jardunbide demokratikoaren adierazle ere badirela nabarmendu behar da.
Galdera ez da bera izan denean, ezta bera proposatzeko modu eta bidea ere.
Erabakiaren aroak arrakastarik izango badu, gerora ere galdera ezberdinak eta
bera adosteko modu ezberdinak izango dira. Agian hau da Euskal Herria
Kataluniarekin eta Eskoziarekin alderatu ezin denaren adierazle nagusia.
Izan ere, Goierriko “nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan”
galdera izango al da bihar Nafarroako Erriberan adostuko duten galdera? Ez
dugu uste. Galdera, eta galdeketarako prozesua, dira gure ustez erabakiaren
aroaren ardatz nagusia. Izan ere, aro berri hau irekitzeko garaian nabarmendu
nahi izan duguna da galderak baino galdeketa prozesuan biltzea lortzen
ditugun sentsibilitate ezberdinen topagune horrek bermatzen duela erabakiaren
gauzapena. Galderak aukera eman behar du herritar orok bere duen erantzuna
adierazteko.
Gure ereduaren bila gabiltza. Eskozian galdera bakarrak balio zuen, antza,
Katalunian bi kolpetako galdera adostu zuten herritar ahalik eta gehien
erabakiaren bidera batzeko. Posible da gurean, txantxetan maiz aipatu dugun
moduan, test moduko bat osatu behar izatea bihar Euskal Herriak bere
etorkizuna erabaki dezan. Ez dakigu, gure eredua herritarren neurrira
eraikitakoa izan behar dela uste dugu, gure eredua aurkitzeak emango baitigu
aukera benetan erabakiaren aroan murgilduta gaudela adierazteko.
Nola amaitzen da hau guztia? Ez dakigu. Etengabeko eraikuntza prozesu bat
da hau. Uste dugu erabakiaren aroa lurralde osora hedatu ahala galdera
ezberdinak proposatuko direla galdeketetan, eta uste dugu galdeketa horietako
bakoitzean sektore, ikuspegi, identitate eta perspektiba ezberdinak batuko
direla. Horregatik, pasa den azaroan amaitu genuen Eskura prozesuaren baitan
mahaigaineratu genuen galdera horiek guztiek, prozesu horiek guztiek,
adostasun zabalago baten topatu behar zutela konfluentzia. Ez dakigu
erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko duen itun zabal bat izango den
azken emaitza, nahikoa herritar eta konfiantza eraikiko den “E” egun izugarri
bat deitzeko, bidean gure herriaren errealitateak aukera berriak eskainiko
dizkigun, azkartu egingo dituenak erritmoak edo oztopo berriak sortuko diren
galga gisa.
Gure buruari jarri geniezaioken helbururik handiena jarri diogu, erabakitzeko
eskubidea gauzatzea, baina 2018a ez da totem bat, lanerako erreferentzia gisa
definitu du Gure Esku Dagok data hori. Prozesuan zehar eraikitako
adostasunak, sorturiko bide berriek, ezinek eta aukerek definituko dute
erabakiaren aro gisa definitu dugun bide honen amaiera.
Ekainaren 4 eta 5eko asteburuan lehenbizi eta hurrengoan gero adierazi dugu,
gure ustez, ireki nahi dugun aro horren ezaugarri nagusia zein den: tokian toki,
eraikitzeko gai garen adostasunaren neurriko urratsak ematea. 34 herritan
galdeketak izan ziren, hiri handiagoetan galdeketa antolatzeko borondatea eta
lehen ernamuina jarri zuten, galdeketa berriak iragarri dituzte beste 60
herritan…
Erronka ez da horrenbeste Debagoienan, Goierrin, Aramaion, Azpeitian edo
Ispasterren parte hartze handiagoak lortzea; erronka antzeko prozesu
bateratzaileak Euskal Herri osoan lortzean datza, paisaiarik lehorrenean bezala
berde indartsuan, landa eremuan eta hirigune handiagoetan, identitate
pertenentzia anitzagoak diren eremuetan, kezka sozial ezberdinak diren
eremuetan antzeko prozesu bateratzaileak lortzean dago. Goierrirako balio
duen adostasunak ez du balioko Erriberarako, Bilbo Handirako, baina
adostasunak eta elkarlanak denerako balio du berdin. Herritarrak egiten
dituelako boteretsu, zoriontsu, bizikide, herrikide. Erronkaren maila ikusita,
“hauek burutik daude!” esango du baten batek, “ai amigo” ez da bide errazik,
ibiliaren ibiliaz urratu artean.
Errealitate berri bat sortzen ari garela uste dugu, herritarrak elkarrekin bide berri
bat irekitzeko gai izaten ari garela uste dugu. Inoren aurka egin gabe, inori zer
egin behar duen esan gabe, biharko egunean denok batuko gaituen bide
komun baterako orube oso garrantzitsua eraikitzen ari garela uste dugu,
herritarrok protagonista izango gaituen orube berri bat, norbera nondik datorren
baino elkarrekin nora joan nahi dugun adosteari ekiteko bide eman dezakeen
aro berri bat irekitzen ari garela uste dugu.
Noski, ez gaude munduan bakarrik eta badakigu. Zorionez alderdiek,
erakundeek, eragile sozial eta sindikalek… denek dute euren helburuen baitan
erabakitzeko eskubidearen gauzapenari loturiko proiekturik. Iritsi behar du
egunak guztiaren konfluentzia moduko bat izango dena. Herri honek erabakiko
badu, denaren eta denen konfluentzia egoera aurrez ikusi gabekoa beharko
baitu, eta hor denok egongo gara, edo ez da erabakirik izango.
Euforiak xinaurri lanari egin behar dio leku orain. Behar dugu baliatu aukera
hau herritarrei dinamika sustatu eta laguntzeko deia egiteko. Herri batzordeetan
parte hartuz, aldian behin norberak ahal eta nahi duen neurrira bere ekarpena
eginez, norbere denbora eskainiz, diru ekarpena eginez, bazkide egin eta
dinamikaren egunerokoan sartuz (gureeskudago.eus helbidean informazio
guztia).
Ez dugu ziurtasunik saltzeko, konbentzimendua eta irribarre bat besterik. 500
kilometrora dauden ezinei baino bertatik bertara ditugun aukerei begiratzeko
grina, elkarrekin aritze hutsak sortzen duen ilusioa erregai eta “jende zoriontsua
herri libre batean” amets. Bai, posible da, XXI. mendean “etorkizun”,
“elkarrekin” eta “erabaki” hitzak idatzi ahal ditugu eta hori, gure esku dago.
Zorionak denoi!