Irakasle funtzionario berrien formakuntza Euskaraz!

STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek, Hezkuntza Departamenduari eskatzen diogu praktiketako funtzionarioek egin beharreko prestakuntza euskaraz izatea.

STEILAS-LAB-CCOO-ELA

2024-ko urriak 8

Egoera hau jada 2021ean salatu genuen baina Hezkuntza Departamentuak gure
eskaerei muzin egin zien.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko praktiketako funtzionarioek
praktikaldia gainditu ahal izateko prestakuntza bat egin behar izaten dute. Praktiketako
funtzionarioen artean badaude beren lan jarduna euskaraz egiten duten irakasleak, D
ereduko plazak eskuratu dituztenak hain zuzen ere (maisu maistren kidegoan %28,75a
da). Hau horrela izan arren, Hezkuntza Departamentuak irakasle hauei prestakuntza
osoa ez die euskaraz bermatzen.
2021ean kaltetutako irakasleak eta STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuak egoera
salatu genuenean hobekuntza txikiren bat eman zen eta Hezkuntza Departamentuak
eskaini zuen prestakuntzaren zati bat euskaraz egiteko aukera. Baina geroztik eskaini
diren prestakuntza horiek gaztelera hutsean izan dira, euskaraz emateko pertsonarik ez
dagoela argudiatuz.
Bide batez, irakasleentzat eskaintzen den euskarazko prestakuntza handitzea eskatzen
dugu. Gaur egun prestakuntzaren %17,10a soilik da euskaraz eta horrek ez ditu inondik
ere irakasle euskaldunen beharrak betetzen.
2021ean ere egin genuen irakasleentzat eskaintzen den euskarazko prestakuntza
handitzeko eskaria. Orduan %16,5 a zen euskaraz eskaintzen zena, gaztelerazkoa
%80koa izanik. Gaur egun %17,10 euskaraz eskaintzen da (orain dela hiru urte baino
%0,60 gehiago), gaztelerazkoa ordea %70,64koa da. Ingeles, alemaniera eta frantseseko
prestakuntzek %10,39a osatzen dute, argi utziz euskararen kontrako beste eraso baten
aurrean gaudela.
Nafarroako hizkuntza koofiziala izanik, irakasleok prestakuntza euskaraz jasotzeko
eskubidea dugu, are gehiago kontuan hartuta gure jardun profesionala euskaraz dela.
Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalburuari eskatzen diogu lehenbailehen egoera hau
konpontzeko, nafar irakasle euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuz.

Gehiago