1978ko Sanferminak: inpunitatea versus justizia

Konstituzioak, 117. artikuluan, honela dio “Herria da Justiziaren sorburua”. Alabaina, 1978ko sanferminetan gauzatutako ekintza kriminalen kasuan, adierazpen hantuste hori esaldi hutsa baino ez da. Urte hauetan horien inguruan emaniko ebazpen judizialek ez dute deus ikustekorik Iruñeko populazioaren parte handi batek gertaera haietaz bere egiten dituen kontakizun eta sentimenduarekin. Are, kontrako norabidean doaz.

Sanfermines-78: gogoan

2020-ko azaroak 19

2019ko urtarrilean Iruñeko epaitegietan jarritako azken kereila
“Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, gertaera
haietan zaurituriko zenbait pertsonak, Iruñeko Peñen Federazioak eta
Iruñeko Udalak sinatu zuten eta Nafarroako Parlamentuaren sostengua hartu
zuen. Ehundik gora talde sozialek (sindikalak, kulturalak, gazte-taldeak,
memoriaren ingurukoak, giza eskubideen arlokoak, feministak…) babestu
zuten justiziaren eskakizuna. Azken hamarkadetan, Nafarroan, oso gutxitan
jaso du ekintza penal batek bezainbeste sostengu sozial eta
instituzionala. Alta, egia, justizia eta ordaina lortzeko sekula galdu ez
dugun esperantzari berriro ere eskarnio egin diote.

Duela hilabete pasatxo Iruñeko 5. Epaitegiak emandako autoak kereila hori
largetsi eta artxibatu du, haren ustez “afera epaitua baita, salaketaren
xede diren gertaerak aldez aurretik beste prozedura batzuen xede izan
zirelako”. Ikertzeko eginbiderik egiteko lana hartu gabe eta orain
aurkezturiko froga berriak baloratzera sartu gabe, epaitegiak afera
bukatutzat jo du. 40 urte iragan dira Justiziak bertze aldera begiratu
eta ezin zela poliziarik epaitu adierazi zuenetik, eraso kriminal hartan
izandako erantzukizuna zehazterik ez zela iritzita. Bada, orain,
Epaitegiak 1982-83ko artxibo-auto horiek moztu eta itsatsi egin ditu,
bere eginez frankismoaren oinorde ziren epaile haien jardun laxoa.

Aurkezturiko kereilarekin batera, 1978ko uztailaren 11n Dionisio Bartrech
infanteria-jeneral eta Polizia-Inspektoreorde nagusiak izenpetutako
txostena erantsi dugu. Egun haietan Iruñera etorria zen jardun poliziala
baloratzeko. Txostena 40 urtez isilean gordeta izan da ezkutuko
artxiboetan. Bertan honakoa berretsi zuen: “Indar Publikoa zezen plazan
sartzeko komisario nagusiak emandako agindua, horren bertsioa edozein
izanda ere, erabat desegokia izan zen, ez bakarrik ikuspegi polizial
batetik, baita oinarrizko sen onetik ere. 30 gizon toki itxi batean
sartzea, bertan, segurtasun osoz, aurka erreakzionatuko zuen publiko
ugaria zelarik, ausarkeria hutsa da”. Orobat gehitu zuen: “plazan sartzeko
agindua jasota, polizia-komandanteak bidezko eragozpenak jarri edo
errekerimendua betetzeari uko egin behar izan zuen, zerbitzuaren exekuzio
materiala Indar buruaren eskumena baitzen”. Alabaina, gertaera haiekiko
ikuskaritza polizialaren gorengo aginteak sartzeko agindua
zuhurtziagabekoa eta ausarkeriazkoa izan zela eta, horregatik, Polizia
komandanteak, legalki, betetzeari uko egin zezakeela erratea ez du aintzat
hartu epaileak. Irudi du denbora ez dela pasatzen epaile horiendako.

Epaile jaun-andreak, atzoko eta gaurkoak, beste mundu batean bizi dira.
Airera tiro egindako balek zezen-plazan dauden pertsonak urdailean
zauritzen dituzten eta hori normaltzat hartzen den munduan. Agenteetako
inork ez zuela bere arma inoiz erabili German eraila izan zen tokian
dioen bertsio poliziala ontzat ematen den horretan, tokian bertan
Poliziak erabilitako munizioko hogeita hamar inpaktu baino gehiago agertu
ziren arren, gehienak 0,90 m eta 2,30 metro bitarteko altueran. Bere
burua independentetzat hartzen duen botere judizial bateko togadun
jaun-andre horiek epaiak idazten dituzte Barne ministroen aginduetara
(Rodolfo Martin Villa gure kasuan), bereak, gehienez ere, akatsak direla
eta, besteenak, erailketak dioten ministroen aginduetara.

Largetsi eta artxibatzeko azken Autoa errekurritu ondoren, kexa bana
aurkeztu genuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Botere
Judizialaren Kontseilu Gorenaren aitzinean. Bertan, berrogei urteotan
esku hartu duten epaitegiek izandako jokabide gaitzesgarria salatzen
dugu: justifikatu gabeko luzamenduak izapidetzean, Barne ministerioak
gauzaturiko boikotari atsegin ematea, akusazio partikularrak eskaturiko
frogak errefusatzea, nazioarteko araudiaren aplikazioa ukatzea… Bada,
gure harridura sekulakoa izan da ikustean, bi egunetan bakarrik!, gure
kexa guztiz errefusatu duela bi erakunde horietako lehendabizikoak, funts
handirik gabe. Orain arte gure kereilak izapidetzeko agertu dituzten
pasibotasun eskandaluzkoa eta prestasun falta (2 eta 5 urteren artean,
kasuen arabera) azkartasun ikaragarri bihurtu da orain. Epaile
jaun-andreek ez dute pairatzen ahal bere jarduna kritikatu izana.

Gure irudiko, botere judizialak ez du zertan Zuzenbide Estatu batean
dauden beste bi botereek (legegilea eta exekutiboa) duten errespetu edo
begirune handiago edo txikiagorik izan. Justiziaren administrazioa, haren
monopolioa baitute, ez da gure agintariei guztien ontasuna bilatzeko
ematen diegun mandatua baino zintzoagoa. Haien togak ezin daitezke izan
ezkutu bat haien jardunengatik kritika publikoa eragozteko, ezta haien
epaitegiak belaunikatzera behartzen duten tenpluak izan ere. Horregatik,
1978ko sanferminetako gertaerak bide judizialetik eramaten jarraituko
dugu, baina, horrekin batera, behin eta berriz salatuko dugu Justiziaren
zuzeneko erantzukizuna, Gobernu eta bere Barne Ministerioaren esku, 42
urte iraganik!, zalantza izpirik gabe Estatu krimena izan zena estaltzeko
daramaten inpunitate politikan.

Gehiago