Orreaga 778 herri ekimenak abuztuaren 15an ekitaldi berezia eginen du oroimen historikoa berreskuratzeko

Hitzaldi ziklo bat ere antolatu dute zonaldeko gazteek Euskal Herriko historia hobeto ezagutzeko, eta Orreagan izandako guduen garrantziaz jabetzeko. Abuztuaren 15an antzezlan batekin ezagutzera emanen dute Orreagan gertatutakoa.

2014-ko uztailak 24

Urtero legez, Etxabarrengoa Kultur Elkarteak eta Orreaga Fundazioak Orreagako gudua gogoratuko dute abuztuaren 15ean. Hasierako filosofiari jarraiki, helburua da garai hartako gertakariak ezagutzera ematea eta, bidez batez, gaurkotasun politikoan ezartzea. Horretarako, hitzaldi zikloa eta egun osoko egitaraua antolatu dute. 778 Orreagako guduak Euskal Herriko historian izan zuen garrantzia azpimarratu dute.

Aurizko, Aezkoako eta Aurizberriko gazteak antolakuntza lanetan hartu dute parte. Hitzaldi zikloa, esaterako, beren proposamena izan da eta, oro har, bertako baliabideak erabiliz osatu dute egitaraua. Horiek horrela, sei hitzordu finkatu dituzte Pirinioan.  778ko gatazka ardatz hartuta, eskaintza anitza izanen da, hala nola hitzaldiak, bisita gidatuak edota liburuen aurkezpena.

Agorrilaren 15ari dagokionez, bi zatitan banatuko da eguna: lehena, Orreagan izanen da, oroitarriaren aitzinean, eta bertan omenaldia eginen da. Bigarrena, berriz, Ibañetako lepoan izanen da. Azken honek izan du aldaketarik nabarmenena. Iaz, Nafarroa Behereatik eginiko proposamen baten ildotik, gatazkaren antzezlan sinbolikoa egin zuten. Inoiz baino jendetsuagoa izan zen, eta jasotako iritzi positiboak bultzatuta, antolakuntza egituratuagoa eta parte hartzaileagoa egiten ari dira. Horren fruitua da aurten sortu den Orreaga 778 lan-taldea, eragile ezberdinak biltzen dituena.

Egunak ere irakurketa politikoa egiteko aukera ematen du. Horiek horrela, Euskal Herriko historiarekin edota kulturarekin harremana duen pertsona ezagun batek idazten edo irakurtzen du pregoia, eta aurtengoan Joseba Asiron historialariak hartu du ardura.

 

Gehiago