Nafarroan euskararen etorkizuna bermatzeko 15 proposamen aurkeztu ditu Kontseiluak
Iruñean egindako ez-ohiko ekitaldia batean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia Paul Bilbaok “oraindik UPNren Gobernuko inertzietan oinarritzen diren neurriak hartzen jarraitzen” dela ziurtatu zuen, eta hurrengo legegintzaldian “inertzia horiei amaiera” emateko 15 proposamen aurkeztu zituen.
2019-ko maiatzak 13
Legegintzaldi berriaren hasieran nahitaez konpondu beharrekoak azaltzeaz gain (euskara beste hizkuntzak baino gutxiago ezin baloratzea, D ereduko ikastetxei PAI programa jartzeko derrigortasuna kentzea, irakaskuntzan zerrenda bakarra abian jartzea eta euskarazko lanpostua duten langileei beste lanpostuetara lekualdatzeko eskubidea bermatzea), Kontseiluko arduradunak hizkuntza-politika berrirako bide-orria azaldu zuen.
“Hamabost proposamen zehatz biltzen ditu gure ekarpenak, eta proposamen bakoitzaren barruan neurri zehatzak jartzen saiatu gara. Hain zuzen ere, hurrengo legegintzaldian neurri horiek noiz abiaraziko dituzten erabakitzea besterik ez dute egin beharko Gobernuan” azaldu zuen Kontseiluko ordezkariak.
Corpus juridikoari dagokionez, lege berriaz gain, administrazioa euskalduntzeko dekretua berritzea ere eskatu zuen Kotseiluak, izan ere, berriki onartutakoak ez dizkie beharrak ezartzen instituzioei, eta, ondorioz, herritarren eskubideen bermea borondatean oinarritzen da.
Hiztunei dagokienez, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduaren beharra eta helduen euskalduntzearen doakotasuna ere jasotzen dira Kontseiluaren proposamenean.
Hiztunez gain, hurrengo legegintzaldiko politikak euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten espazioak eta tresnak ere izan beharko ditu kontuan: eremu sozioekonomikoa, kultura, ingurune digitala, hedabideak, aisialdia… “Proposamen integrala egiten saiatu gara, euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun integrala emateko” adierazi zuen Bilbaok.
Neurri guztiak aurkeztutakoan, Kontseiluko eledunak elkarlanerako deia egin zuen: “Legegintzaldian Kontseiluak erantzukizunez jokatu du Gobernuarekiko, geu ere aldaketaren parte sentitzen ginelako. Etorkizunean erantzukizun bera izateko asmoa dugu, baina dei egiten diegu alderdi politikoei ere erantzukizunez joka dezaten” esan zuen.