LABek salatu du Guardia Zibilak foru Gobernuaren Ikasnova plataforma erabili duela Nafarroako ikastetxeak bere lehiaketa batera erakartzeko

LAB sindikatuak berriki jakin du Guardia Zibilak, Nafarroako Gobernuaren Ikasnova plataforma digitala erabili duelaDBHko 4. mailako ikasle nafarrak zibersegurtasunaren inguruko bere lehiaketa batera erakartzeko.

2024-ko azaroak 6

Hezkuntza Departamentuak kudeatzen duen Ikasnova plataforma digitalaren bidez Nafarroa Garaiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara ailegatu da Guardia Zibilaren egitasmoa, administraziopeko ikastetxeetara zein itunpekoetara. Aipatzekoa da institutu armatuaren lehiaketa honen azken fasea Aranjuezen (Madril, Espainia) jokatuko dutela, guardia zibilen akademian.

LAB sindikatuaren iritziz, lekuz kanpo dago erabat Nafarroako ikastetxeek Hezkuntza Departamentutik jaso duten proposamen hau eta Carlos Gimenok zuzentzen duen sailari exijitzen dio berriz halakorik zabal ez dezan, ikasgeletan ez baitago Guardia Zibilaren batere beharrik.

Espainiako institutu armatu honek Euskal Herrian duen itzal iluna gure eskoletako geletan zuritzeko enegarren saiakera da lehiaketa hau. Horren harira, LABek gogorarazi nahi ditu Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntza komunitateko ehunka kideren aurka egin izan dituen ekintzak. Konparazio batera, gogoan izatekoa da irakasleak bere joera politiko edo ideologikoen arabera bere garaian sortu zituen zerrenda beltzak, gainera ondoren lau haizetara zabalduak izan zirenak, hainbat hedabideren laguntzari esker. LABek ezin du onartu langileen eskubideak horren modu zantarrean urratu dituen erakunde bat eskoletan goratzen jardutea.

Beraz, Hezkuntza Departamentuari dei garbi eta ozena egin nahi dio LABek horren balio atzerakoiak defendatzen dituen eta Nafarroako irakasle zein ikasleak erreprimitzen eta kriminalizatzen ibili den erakunde militar horren ekimenekin kolaboratu ez dezala. Aldi berean, hezkuntza komunitate guztiari kontu honekin adi egotea eskatu nahi dio LABek, antolatutako lehiaketa horretan parte ez hartuz eta gisako egitasmoak zalantzarik gabe salatuz.

Gehiago