“Intxaurrondo, intxaurraren hostopeko itzala”: Ion Arretxe Intxaurrondon bizi izandakoa euskaratu dute
Ion Arretxek idatzitako "Intxaurrondo, la sombra del nogal" liburua euskaraz argitaratu du du Erein argitaletxeak. Josu Zabaleta izan da liburuaren itzultzailea, eta berarekin mintzatu gara Itxaropena inprimategian liburuaren inprimaketa lanetan izan eta gero.
2021-ko maiatzak 11
“Intxaurrondo, intxaurraren hostopeko itzala” liburuak Lege Antiterroristaren babespean tortura eta izua bizi izan zituen Ion Arretxe 21 urteko gaztearen lekukotasuna ematen digu, lehenengo pertsonan kontatua.
Historia ausarta, beharrezkoa, literatur balio anitz dituena eta protagonista guztiek kontatzerik izan ez dutena, zoritxarrez.
1985eko azaroaren 26an, Mikel Zabaltza, haren neska-laguna, lehengusua eta liburu honen egilea atxilotu zituzten.
Elkar ezagutzen ez bazuten ere, ETAko komando bereko kide izatea leporatzen zien Guardia Zibilak, eta haiei egozten zien Pasaiako portu inguruan ordu batzuk lehenago hildako bi militarren eta guardia zibil baten heriotza.
Arretxek prosa soil eta gordinez kontatzen digun moduan, ohetik altxarazi orduko mendira eraman zuten; hondakinak jasotzeko erabiltzen diren plastikozko bi zakutan sartu zuten, momia baten antzera biltzeko zintaz estutu zuten, eta galdekatu egin zuten, behin eta berriz murgilaraziz burua ibai batean.