Institución Futuro, “AHTren mafiaren garuna”

AHT Gelditu Nafarroak makroazpiegitura honen atzean dauden interes politiko eta ekonomikoak eta Nafarroan dituen defendatzaile sutsuenak itzaletatik argira ateratzeko bideo sorta bat zabalduko ditu hurrengo egunetan. Lehenengo atal honetan Institución Futuro think thank ultraliberalari buruz aritzen dira.

2026-ko urtarrilak 29

Institución Futuro Nafarroako “AHTaren Mafiaren substantzia grisa da”, eta azken urteotan artilleria guztia erabili du Nafarroan AHTaren eraikuntza azkartzeko. Bere Gobernu Kontseiluan “hainbat kapok” hartzen dute parte:

José León Taberna, Nafarroako “ogiaren kartel”aren patriarka bezala definitzen du AHT Geldituk. “Ogiaren prezioa faltsutzeagatik eta beste okin-enpresa batzuekin prezioaren igoera hitzartzeagatik isundua. Yolanda Barcinak urteko enpresari onenaren saria eman zion urte berean, enpresa arrisku-kapitaleko funts bati saldu zion, 100 urtetik gorako historia zuen enpresa bat likidatuz. CANeko luxuzko dieta eta bidaiez gozatu zuen”, gogoratzen dute.

José Antonio Sarria, tokiko enpresak multinazionalei likidazio salmentetan aditua dena. Fundiciones Luzuriaga Mondragon Korporazioari, Magnesitas de Navarra Roullier taldeari eta San Andrés paper-fabrika Newark multinazionalari saltzen parte hartu zuen. Baina parte hartu zuen likidaziorik sonatuena Nafarroako Aurrezki Kutxarena izan zen, saldo-prezioan saldu baitzitzaion Caixari. Sari gisa, postu bikaina lortu zuen Vida Caixan. Nafarroako Enpresarioen Konfederazioko burua 10 urtez izan zen eta Guardia Zibilak saritu zuen.

Javier Creixell, “estraktibistetan estraktibistena”. Magnesitas Navarraseko zuzendaria da, Quinto Real eta Borobiako (Soria) aire zabaleko bi meategien arduradun nagusia. Zilbeti meategia irekitzeko saiakerak huts egin ondoren, orain Erdiz ustiatu nahi duela salatu du AHT Geldituk.

José María Aracama, “bi noranzkoetako ate birakarietan aditua” dena, AHT Geldituren hitzetan. Cementos Portlandeko zuzendari izatetik Nafarroako Ogasuneko kontseilari izatera pasa zen eta berriz, zementu-fabrikako aurreko postura itzuli zen. Ondoren, SODENAko zuzendari nagusia, eta handik GAMESA eta Cementos Portland-en aldi berean egon zen. Egun, Diario de Navarra egunkariko ohiko zutabegilea da.

Miguel Canalejo, multinazional handien zuzendari eta aholkularia. Unión Carbide Ibérica, Alcatel España eta Latinoamerikako zuzendari nagusia, SKF España eta REDTELeko presidentea. Aholkulari Fujitsu, Accenture eta Azkoyen enpresetan, baita Nazca Capital arrisku-kapitaleko funtsean ere, Defentsa eta Segurtasun Nazionalerako adimen artifizialeko inbertitzailerik handiena estatu espainiarrean.

Joaquín Villanueva, Espainiako batasunaren aldeko “enpresaburu aktibista”. Besteak beste, Holcim planetako lehen zementu-fabrikan lan egin zuen, eta zuzendari nagusi izendatu zuten. Nafarroako Zirkuluaren sortzaileetako bat Madrilen. Gainera, Sociedad Civil Navarra sortu zuen, eta Sociedad Civil Catalana taldean parte hartzen du, biak ala biak independentismoen aurkako talde ultrak.

Gehiago