Gabriel Arestik itzulitako “Internazionala” kantaren bertso guztiak aurkitu dituzte
Karmelo Landa Arestiren obraren adituak eman du aurkikuntzaren berri Katakraken. Patxi Gaztelumendiri esker, Anaitasuna aldizkariko 1977ko zenbaki batean osorik argitaratu zen kantaren bertsioa aurkitu dute. Hilabete batzuk lehenago Euskadiko Ezkerra koalizioaren mitin batean itzulpen hori banatu zen paskinetan.
2023-ko urriak 15
“INTERNAZIONALA”, Gabriel Arestik egin zuen bertsio osoa, Amaia Espinosa-k abestua (Kinbonbo Brass Band).
“Zutik lurrean kondenatu
zaren langile tristea,
nekez ginen elkarganatu
indazu albiristea.
Gertatuak ez du ardura,
jende esklabua jeiki,
aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Goitik ez dator salbatzerik
jainkorik, ez , erregea.
Gu ez gaitzake gai azerik
Hau da gizonen legea !
Lapurra zeha dadin edo
har dezan bere zoria,
hauspoa eraginez gero
jo bedi burdin goria.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Bere zeruan atseginez
Aberatsak ez du gaitzik:
Zer egin du, egarri minez
lana arrobatu baizik?
Gaiztaginen kutxetan dago
gure lanaren fruitua
hartuko dugu gehiago:
zorra eta korritua.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Estatuak hondatzen gaitu
bere tribut berriekin,
Aberatsa gizentzen baitu
pobreen izerdiekin.
Asko zurrupatu gaituzte,
berdingoaren izenak
Berdin omen zituen uste
beharrak eta zuzenak.
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Soldaduek ere eginen
dute protesta ederra!
tiranoaz herabe ginen!
Guri bake, hari gerra
Baldin jan nahi bagaitu gu,
Herriaren haragiak
Tirokatu behar ditugu
Beraren buruzagiak
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.
Langile nekazari gara
Alderdi trabailaria
Lurra gure herentzia da
Hil bedi harraparia!
Bela putre gaitzak gogora
Haragiaz ase dira
Ihesi doaz eta horra
Eguzkiaren dirdira
Oro gudura ala!…
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.”