Euskal Herriko hiltegien inguruko ikerketa lan batekin abiatu du bere ibilbidea NOR talde antiespezista

Gaur, Iruñean, Euskal Herriko animalien hiltegien inguruko ikerketa lana aurkeztu du NOR talde antiespezistak. Gizakiok animaliak kontsumitzea ez dugula behar azpimarratu dute, eta azaroaren 1an Bilbon eginen den manifestazioa aurkeztu dute.

2018-ko urriak 9

“Baserrietan zein haztegi handietan, gizakiok erabakitzen dugu zapaltzen ditugun animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hiltzen diren”. Horrela da eta aski asumitua dugu gaur egun Euskal Herrian. Errealitate honen aurka arituko den NOR talde antiespezista jaio da, eta gaur Iruñean emandako bere lehenengo prentsaurrekoan gure lurraldean kokatzen dirren hiltegien inguruko ikerketa lan bat aurkeztu dute. Lan honetan “hiltzeko toki horietan gertatzen denaren berri” ematen dute.

“Taldeko kideak gizakiz besteko hamaika animaliaren azken minutuaren lekuko izan dira, animalion azken minutuko erresistentziaren eta heriotzaren lekuko”, zehazten dute. Eta NOR taldekoen hitzetan, “baserrietan zein haztegi handietan jaio, denek argi utzi dute bizi egin nahi dutela”. Irudiek hala baieztatzen dute.


Gaur Iruñean aurkeztu duten ikerketa lanaren dokumental laburra

 “Ez dute hil nahi. Beldurra sentitzen dute; ez toki arrotz batean direlako, baizik eta besteen odolaren usaina sumatzen dutelako, besteen oihuak entzuten dituztelako. Txerriek eta behiek, batez ere, badakite zer gertatuko den. Eta ez dute hil nahi. Hiltegietan bada erresistentziarik”.

Nor Euskal Herria Antiespezista taldeak hiru urtez egin du lan, ezkutuan, dokumentatzeko eta erakusteko “zer gertatzen den gizakiek esplotatzen dituzten animalien bizitzaren azken uneetan”. Hamar hiltegitan izan dira, Euskal Herrikoak edo Euskal Herriko dendak hornitzen dituztenak. Eta dirudienez ez da erreza izan. “Toki itxiak dira. Ilunak. Zarataz eta oihuz betetako hiltzeko tokiak. Hiltegietako arduradunek ez dute han gertatzen dena erakutsi nahi, argi baitute hiltegien barruko irudiek kalte egiten diotela industriari”, esan dute. Hala ere, irudi horiek publiko egin dute dokumental labur batean.

“Hiltegiotan sistemak zapaldutako langileak aritzen dira, sistemak zapaldutako gizakiz besteko animaliak akabatzen”, esan dute NOR taldekoek. Baieztapen hori indartzeko, datu bat eman dute: Nor taldeko kideek ezagututako hiltegietako batean, langile guztiak ziren migratzaileak. “Industriaren beharren ondorioz, sistemak berak ezarritako neurriak ez dira betetzen, eta horrek langileon baldintzei eragiten die, bai eta animaliak hiltzeko moduari ere. Berez bidegabea den egoera bat are bidegabeago eta mingarriago bilakatzen da”, salatu dute.

Dokumentalean langile batzuen testigantzak entzun daitezke, bizitzen dutena argi adierazten dutena: “Nik denbora asko daramat hemen lanean, eta lana ezatsegina da oraindik”, dio batek. “Ez da atsegina animalia bat ikustea zortzi litro odol galtzen, baina hori gertatzen da, hori da ohikoa”, gehitzen dio besteak.


64,5 milioi baino gehiago 2017an

Hiru urtez, Nor kolektiboko kideak milaka ardi, arkume, behi, oilo, txerri eta behiren heriotzaren lekuko izan dira, “animalion azken minutuan”. Munduan, 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte urtean. Euskal Herrian ere, milioika dira hiltegietan hiltzen dituzten gizakiz besteko animaliak. 2017. urtean, 64,5 milioi animalia baino gehiago hil zituzten Hego Euskal Herrian; haietako 61 milioi baino gehiago Nafarroan hildako hegaztiak ziren, eta bi milioi baino gehiago, berriz, untxiak.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 117.798  ardi, behi, ahuntz, txerri eta zaldi hil zituzten iaz. 2012tik, Eusko Jaurlaritzaren estatistikek ez dute hildako hegaztien eta untxien kopururik jasotzen. 2012an, ia 11 milioi hegazti hil zituzten Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta 1,4 milioi untxi. Urte hartan, denera, 52.836.706 gizakiz besteko animalia hil zituzten Nafarroan, eta 12.424.116, berriz, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.

“Gizakiz besteko animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hiltzen diren erabakitzen dugu gizakiok. Hori gertatzen da beste animaliak objektu edo baliabide huts bilakatu ditugulako, sistema ekonomiko bateko pieza huts. Eta sistema honen aurrean herritarren konszientzia astindu nahi dute NOR taldekoek. Hori da euren helburua, eta horretarako azaroaren 1an Bilbon ezari dute hitzordua. Egun horretan manifestazio bat eginen dute, eta parte hartzeko deia zabaldu dute gaurkoan.

Gehiago