“Eskuz esku LAB zabaltzen”

LAB sindikatua sortu zenetik mende erdia joan da, eta Iñaki Alforja zinemagileak begirada bat bota dio 50 urteko bere ibilbideari. Testigantzetan oinarritua da begirada hori, une historiko ezberdinetako hainbat protagonistak emanak. Azken 50 urteetan Euskal Herrian gauza anitz gertatu da, LABek gauza anitz egin du, langile borroka anitz izan da, eta horietako batzuk bildu ditu lanak: sindikatuaren sorrera eta lehen biltzarrak, Martxoaren 3a, Euskalduna, Ipar Euskal Herrirako zabaltzea, sindikalismo feministaren garapena, 2008ko krisia eta greba orokorrak, Nafarroako aldaketa, langile subjektuaren birpentsatzea, Huerta de Peralta, etxeko langileen ahalduntzea... Dokumentalaren atzera begirakoak kontatzen du LABen sustraiak zein diren, nola sustrai horiek enbor sendoa ezarri duten, eta nola enborrak etorkizunaren erronkei aurre egiteko adar azkar ugari zabaldu dituen.